Neguko denboraldiko Zesta Puntako Binakako Txapelketako atzelari onenaren titulua irabazi berri du Gotzon Enbil zumaiarrak. Estatu Batuetako Dania pilotalekuan daraman hamarkadan hirugarren aldia da garaipen hau lortzen duena. Azaroan denboraldia hasi zenetik, 38 kiniela irabazi ditu eta hori nahikoa izan da saria jasotzeko. Bigarren lekuan Ulises mexikarra geratu da, 30 garaipenekin, eta hirugarren lekuan berdinduta, berriz, Txasio zarauztarra eta Azpiri ondarrutarra, bakoitza 19 kiniela irabazita. Enbilen nagusitasuna, beraz, argia izan da Daniako atzeko kuadroetan.
Denboraldi bukaera zirraragarria izan da Daniakoa. Izan ere, azken unera arte ez da erabaki MOST WINS titulua; hau da, denboraldi guztian kiniela kopuru gehien irabazten dituen pilotariak jasotzen duen sari entzutetsua. Azaroaz geroztik, pilotari bakoitzak 900 kiniela inguru jokatu arren, denboraldiko azken funtzioko azken kinielan erabaki da titulua. Enbil eta Diego Beaskoetxea gernikarra nor baino nor ibili dira azken aste hauetan, baina azkenean zorteak gernikarako bidea hartu du, 181 kiniela irabazi ondoren. Enbil bigarren lekuan geratu da, 180 kiniela irabazita. Hirugarren lekua, Israel Asiain nafarrarentzat izan da. Hala ere, eta Most Wins-a irabaztetik oso gertu geratu arren, ukaezina da Gotzon Enbilek osatu duen denboraldi ikaragarria.