Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Azken albisteak

    ERRUGBIA>> 2016-01-15 10:37:05

    Josu Galarraga: “Posible ikusten dut mailaz igotzea”

     

    Denboraldi bikaina daramazue. Nola aurkitzen da taldea?
    Denboraldiari oso indartsu ekin genion. Gainerako talde gehienak baino denboraldi-aurre hobea egin dugu, eta iazko dinamika onari jarraipena ematen asmatu dugu. Hori dela eta, ligako lehen hiru partidatan emaitza bikainak lortu genituen, alde handiarekin irabazita. Gu geu ere harritu egin ginen. Gerora, beste taldeak ere beren maila hartzen joan dira, eta gu, berriz, nahiz eta ondo gabiltzan, ez dugu zorte handirik izan lesioekin. Alde horretatik, maila zertxobait jaitsi dugu azkenaldian.

    Dena dela, partida bakarra galdu duzue, eta une honetan lider zaudete, Burgosekin berdinduta. Espero zenuten hor goian kokatzea ligaren hasieran?
    Iaz ere ongi aritu ginen, eta lehen postuan bukatu genuen ligako gure multzoan. Gure hasierako helburua da igoera fasera sailkatzeko postuetan egotea, lehen bi postuetan. Oraingoz hor gaude, eta itxura du hor egoteko aukerak ditugula; hirugarren sailkatuarekiko aldea jada nabarmena baita. Oraindik partida asko falta zaizkigu, baina oso gaizki aritu beharko genuke bigarren itzulian helburua ez lortzeko.

    Azken urteetan punta-puntan zabiltzate: duela bi Ohorezko B Maila igo zineten, eta iaz Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatu zenuten. Atzetik egindako lana bere  emaitza ematen ari den seinale?
    Bai, pixka bat denetarik izan da. Duela bizpahiru urte gazteak ziren jokalariak taldera ongi moldatu dira, eta beteranoak garenok ez dugu taldea utzi. Beraz, blokea mantendu egin da. Era berean, entrenatzaileekin lan egin dugu jokatzeko modu baten bila. Eta pausoz pauso gauzak eransten joan ahala, gero eta joko osatuagoa egiten ari gara. Gauza berriak sartzen ari gara, entrenatzaileek duten ikuspegi hori aintzat hartuta, eta nabari da taldeak hobera egin duela.

    Zeintzuk dira Babyauto Zarautz taldearen indarguneak?
    Indibidualki ez daukagu beste munduko ezer. Fisikoki jokalari  arruntak gara; ez dugu kristoren mutil puskarik taldean, ezta dohain berezirik dutenik ere. Oro har, joko maila polita lortu dugun talde bat gara, eta saiatzen gara guztiok denetarik egiten, elkarri lagunduz. Nolabait esateko, polibalenteak gara. Gurea talde lanean oinarritzen da.

    Baina badituzue atzerriko hainbat jokalari, argentinarrak kasu. Horiek bestelako bultzada bat ematen al diote taldeari?
    Zortzi urte inguru izango dira jokalari argentinarrak edukitzen hasi ginela. Egia esan asko izan dira taldean ibili direnak. Argentinan ere errugbia amateurra da, baina hemen baino tradizio ge­hiago dute. Hango kluben egiturak hemengoak baino indartsuagoak dira, eta hori euren jokamoldean antzematen da. Egun, Facundo Oribe dugu, aurrelarien entrenatzailea eta jokalaria dena, eta, batik bat, bi lan jakin prestatzen ditugu harekin: hegaletako sakeak eta meleak. Egia esan, asko lantzen ditugu horiek, eta txukun moldatzen gara. Gero, Xanti Irazusta dugu, euskal jatorrikoa, joko maila polita duena. Horrez gain, Lucas Panichelli dago, eta bere ardura jaurtiketak egin eta puntuak lortzea denez, askotan aipatzen da bere izena kroniketan. Hiru argentinarrak maila oneko jokalariak dira.

    Zeelandaberritar bat ere baduzue, ezta?
    Phillip Huxford da bera. Ordizian jokatu zuen urte mordoxka bat, eta hango taldea berregituratu egin zutenez, orduko jokalari atzerritarrak taldetik bidali zituzten. Talde gabe zegoen, baina garbi zeukan hemen inguruan jarraitu nahi zuela, eta guri ezin hobeto zetorkigun bera bezalako jokalari bat. Entrenatzaile gisa ibilitakoa zenez, gazteekin lan egiteko ere aproposa iruditzen zitzaigun, eta taldeak eskaintza egin zion. Profesional gisa ibilitakoa da, eskarmentu handiko jokalaria.

    Zu zeuk ere urte dezente daramatzazu. Taldeko kapitaina zara. Zein da zure egitekoa?
    Alde batetik, lotura lanak egiten ditut entrenatzailearen eta jokalarien artean. Ordezkari modura jarduten dut. Normalean, gauzak aurpegira esaten ditugu, baina zerbait hitz egiteko beharra ikusten baldin bada, bai entrenatzailearen aldetik bai jokalarien aldetik, nigana jotzen dute, nire iritzia jasotzeko. Bestetik, zelaian epaileak ez du jokalari guztiekin hitz egiten, eta zerbait komentatu behar baldin badu, kapitainaren bitartez egiten du. Jokalari bati abisuren bat eman behar badio, kapitainaren presentzian izaten da. Aitzitik, taldeak epaileari zerbait esan nahi badio, kapitainaren bitartez egiten du.

    Erantzukizun handia al da?
    Urte dezente dira ardura hori hartu nuela, beteranotasunagatik edo lehen jokatzen nuen postuan taldearen norabidea ikusten nuelako. Nahiko natural onartu nuen bere garaian.

    Hasiera ona eman diozue. Igoera fasera sailkatzeko etxeko lanak eginda daude, orduan?
    Hiru multzotan banatuta dago Ohorezko B maila, eta gu ipar-mendebaldeko multzoan gaude. Multzo bakoitzeko lehenengo biak sailkatzen dira igoera faserako, eta, gero, hiru multzokoen artean, hirugarren sailkatutako bi onenak. Zortzi talde horiek puntuazioaren arabera sailkatzen dituzte, eta kopa estiloko kanporaketa bat jokatzen da; lehena zortzigarrenaren aurka, bigarrena zazpigarrenaren aurka, eta hurrenkera horretan parekatuta. Beraz, lehenengo bietan sailkatzeaz gain, saiatu behar dugu ahalik eta puntu gehien lortzen, ahal bada zortzigarrenaren aurka lehiatzeko. Oraingoz, diferentzia handirik ez dago multzo guz­tietako lehen sailkatuon artean. Beraz, garrantzitsua izango da hurrengo partidetan lorik ez hartzea, eta ahalik eta puntu gehien lortzea. Hala ere, igoera faseko txartela bideratuta ikusten dugu.

    Ohorezko mailara igotzea amets bat da edo gero eta hurbilago dagoen errealitate bat?
    Horrelako jauzi bat emateko garaian gauza asko eduki behar dira lotuta, eta ez dakit oraindik guztiak lotzeko gai izango garen. Batetik, bloke sendo bat eduki behar da, jokalari askorekin, hor goian talde bat mantentzeko eta bigarren talde bat ere izateko azpiko mailetan. Bestetik, ikusi behar da kluba gai ote den horrelako inbertsio ekonomiko bati aurre egiteko, kostuak areagotuko liratekeelako. Azkenik, mailaz igo eta itxura ona emateko gai garen aztertu behar da, eta mailari eusteko jokalariak ekarri beharko liratekeen ala ez. Egun gauden jokalariokin ez zen batere erraza izango Ohorezko Mailan jokatzea.

    Baina posible ikusten duzue mailaz igotzea?
    Nik uste dut borrokatu daitekeela. Iaz, gainerako taldeak baino koska bat gorago zegoen Alcobendas, baina gainerakoak ez zitzaizkigun iruditu gugandik hain urruti zeudenik. Aurreko urtetik hona pauso bat aurrera eman dugu, eta esperientziak ere lagunduko digula espero dugu. Beraz, igoera fasea jokatzeko beste berme bat dugu. Baina, jakina, partidak jokatu egin behar dira, eta maila horretan ziur gaude norgehiagoka gogorrak izango direla. Baina, iaz ikusitakoa kontuan izanda, maila horretako taldeen aurka lehiatzeko gai gara. Alde horretatik, uste dut posible dela igoera lortzea.

      1 iruzkin jaso dira.

      BIDALI ZURE MEZUA

      • Kopiatu zenbakiak
    Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
    Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
    Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
    e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
    SASOIAN
    Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
    Tel: 943890017-607615239
    e-mail: sasoian@sasoian.info