Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Azken albisteak

    HERRI KIROLAK>> 2016-01-28 14:37:05

    Mollarri eta Jai Txikitik hartutako bi harrirekin txapelketa antolatu dute

    Martxoaren 26an proba berezia jokatuko dute Zarautzen: Bi Harri Txapelketa. Berezitasuna harriei dagokie; izan ere, itsasaldien ondorioz eta urteen poderioz leundutako bi harrirekin jokatuko dute, udalerrian bertan aurkitutakoak biak ala biak. Bata Getaria eta Zarautz arteko itsas zabalgunetik dago hartuta, Jai Txiki iturriaren ingurutik, eta bestea, berriz, Orio eta Zarautz artetik, Mollarritik.

    Jai Txiki harria koadroa da eta 117 kilo pisatzen ditu, Mollarri harria, aldiz, oboide bat da eta 121 kiloko pisua du. Harri-jasotzaileek bi harri baldarrak txandakatuz altxatu beharko dituzte 7 minututan. Berezitasun moduan, parte-hartzaile bakoitzak nahi duen harriarekin hasi ahalko du proba eta gero bestearekin jarraitu.

    Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko da Bi Harri Txapelketa, arratsaldean, 18:00etatik aurrera. 15 bat kirolarik hartuko dute parte txapelketan. Batetik, Herri kirol saileko harri-jasotzaileek eta bestetik, puntako kirolariak. Horiei gonbidapena bidaliko diete.
    Hainbat sari banatuko dituzte. Podiuma egiten duten hiru kirolariek jasoko dituzte sari nagusiak, baina horretaz gain, parte hartzeagatik eta altxaldi bakoitzagatik ere sarituko dituzte parte-hartzaileak. Altxaldi bakoitzeko 12 euro emango dizkiete harri-jasotzaileei.

     

    Jarraipena emateko asmoa

    Zarautz Kirol Elkarteko Herri kirol sailak antolatu du jaialdia, Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a Herri Kirol saileko entrenatzaileak aitortu du betidanik izan duela «fundamentuzko txapelketa bat» antolatzeko nahia. «Geroz eta ugariagoak dira harri baldarren txapelketak, eta pentsatu genuen Zarautzen ere bat antolatzea». Gogoratu du duela 50 bat urte halako txapelketa ofizialak jokatzen zituztela udalerrian, eta sona handiko harri-jasotzaileak etortzen zirela. «Denborarekin beste kirolak indar handiarekin zabaldu dira, eta herri kirolak apur bat galdu egin du. Txapelketa honekin berreskuratu egin nahi dugu joera hori eta harri jasotzeari eutsi».

    Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak jakinarazi du «ilusio handiarekin» ari direla prestatzen txapelketa hori eta jarraipena emateko asmoa dutela. «Kirol hau aurrera eramateko eta partaidetza jakin bat izateko gogoarekin antolatu dugu txapelketa hori», zehaztu du Juan Mari Iraola ZKEko Herri kirol saileko lehendakariak: «Eta baita urtero-urtero kirolari onenak ekartzeko asmoarekin ere».

    Esteban Collantes ZKEko lehendakaria ziur dago proba horrek arrakasta izango duela eta denborarekin «erreferente» bihurtuko dela. Halaber, ZKEko Herri Kirol sailaren lana txalotu du: «Kirol hori gure kirola da, baserrietan jaioa, eta guztion ardura da hori zaintzea. Herri kirol  eskola sortu izana esanguratsua da, horrek bermatuko duelako kirol horren praktikaren jarraipena».

     

    Harriak, Etxezabalan

    Bi harriak gordeta egongo dira txapelketaren aurretik inork ez dezan horiekin entrenatu. Hala,  Etxezabalako erakusleihoan daude dagoeneko ikusgai bi harri baldarrak. Txapelketa egunean plazaratuko dituzte, eta hori bukatzean berriz ere gordeko dituzte, hurrengo urtera arte.

      1 iruzkin jaso dira.

      BIDALI ZURE MEZUA

      • Kopiatu zenbakiak
    Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
    Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
    Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
    e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
    SASOIAN
    Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
    Tel: 943890017-607615239
    e-mail: sasoian@sasoian.info