Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Ibon Idigoras, snowboard lasterkaria: «Aukera gutxiago izan arren, Neguko Jokoetarako txartela lortu nahi dut»

ZORITXARRAK gogor astindu du beste behin Orioko bizilagun Ibon Idigoras (Zarautz, 1979) snowboard kroseko lasterkaria. 2007a lesionatuta pasatu ondoren, denboraldi berriari konfiantza osoz ekin zion, baina urtarrilean ezkerreko besoa hautsi zuen Gangwon-eko (Hego Korea) Munduko Snowboard Txapelketan. Iraganeko mamuak memento erabakigarrienean itzuli zaizkio lasterkariari. Izan ere, datorren urtean Vancouver hirian (Kanada) jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko prestatzen ari zen eta bere helburua lortze aldera, Argentinan, Suitzan eta Austrian jardun du munduko zirkuituko probetan lehiatzen. Jokoetarako txartela lortzeko zorian zegoela, lesioa etorri da. Guztia ez dago galduta, ordea. Oraindik itxaropen txiki bat badu. Martxoaren erdialdean La Molinan (Girona, Herrialde Katalanak) jokatuko den proban parte hartu nahi duela aurreratu digu. Azken aukeraz baliatuko al da?

Lesioaren ondoren, Neguko Olinpiar Jokoetako ametsa ezerezean geratu al da?

Denboraldiko nire helburu nagusia 2010eko Neguko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea zen, baina une honetan osatzea da nire lehentasuna. Besterik ez dut pentsatu nahi. Jokoetara joan ahal izateko lehen 30 postuetan sailkatu behar dut Munduko Kopako probetako batean. Argentinan, esaterako, 37. postuan helmugaratu nintzen, helburua lortzetik 4 segundo-hamarrenetara. Denbora alde horrek oso eskasa dirudi, baina hobetzea ez da batere erraza. Eta egoera honetan oraindik gutxiago. Martxoa bukaera arte txapelketa batzuk geratzen zaizkit, baina orain lehen baino aukera gutxiago dut.

Lehiatzen ari zinela hautsi al zenuen besoa?
Bai, lasterketako 6. sektorean jasandako erorketa baten erruz lesionatu nintzen. Jauzi egin eta oreka galdu nuen, eta gorputzeko pisu guztiari ezkerreko besoarekin eutsi behar izan nion. Erradioa hiru zatitan hautsi dut, eta hezurra eusteko hiru orratz jarri dizkidate. Mementoz, igeltsua eraman beharko dut 3 hilabetez, eta ez dakit ziur noiz itzuliko naizen pistetara. La Molinan jokatuko den Munduko Kopako probarako prest egon nahi dut. Hori da nire ilusioa! Besoa osatzen doan neurrian, zehaztuko ditut nire planak.

Helburua lortzeko gogor entrenatzen ari zinen. Kostaldekoa zarela kontuan izanda, nola moldatzen zara?
Aitarekin egiten dut lan eta, orduan, horrek aukera gehiago ematen dit elurretara joateko. Horrela izango ez balitz, ia ezinezkoa izango litzaidake kanpora horren sarri joatea. Aurtengo denboraldia, gainera, berezia zen niretzat. Alde batetik, jokoen aurrekoa urtea denez, 140 egun elurretan pasatzeko aukera nuelako. Inoiz ez dut horrenbeste egun izan! Bestetik, nire azken denboraldia izango delako.

Horren ziur al zaude erabaki horrekin?
Bai, nik uste dut baietz. Neguko Olinpiar Jokoak jokatu ondoren uztea gustatuko litzaidake. Jada 30 urte ditut eta ez naiz horren gaztea, eta beste lau urte itxarotea gehiegitxo dela iruditzen zait. Beraz, nire erronka nagusia eta, era berean, garrantzitsuena Jokoetarako txartela lortzea da, baina auskalo!

Lortuz gero, zure bigarren Jokoak izango lirateke. Lehenengoan, ametsa egia bihurtu zela adierazi zenuen.
Hala da. Edonola ere, ez zen txikitatik amesten nuen zerbait. Egia esan, nire ibilbideak pixkanaka-pixkanaka egin du aurrerantz: Espainiako txapelketetatik Europako txapelketetara joaten hasi nintzen, Espainiako Federazioaren eskutik. Ondoren, Munduko txapelketak etorri ziren eta, azkenik, Turingo (Italia) Neguko Olinpiar Jokoak. Esperientzia oso polita izan zen, zalantzarik gabe, baina nahiko gogorra egin zitzaidan, gauzak ez baizitzaizkidan espero bezala atera.

Zer gertatu zitzaizun?
Lehenengo txandako lasterketan 15. postuan sailkatu nintzen, baina bigarren txandan kale egin nuen eta, azkenean, 34. postuan sailkatu nintzen. Psikologikoki sekulako zartada izan zen, baina tira! Gainerakoan, Jokoak primerakoak izan ziren. Ondoren snowboarda uztea pentsatu nuen. Baina Jokoetan gauzak nahi bezala atera ez zitzaizkidanez, nire buruari aukera berri bat ematea erabaki nuen. Ez nuen snowboarda egoera horretan utzi nahi.

Sailkatuz gero, Olinpiar Jokoetarako bigarren abentura ezberdina izango al da?

Esperientzia gehiago izango dut, eta hori nire aldeko ezaugarria izango da. Dena den, duela 4 urte baino maila handiagoa egongo da probetan. Nik jakin badakizkit zeintzuk diren nire mugak eta noraino irits naitekeen. Orain, lesionatuta, lehen baino gehiago. Horregatik, gauzak benetan ongi egin behar ditut, bestela Jokoetatik kanpo geratuko naiz.

Snowboard kros modalitatea aurreko Jokoetan jokatu zen lehen aldiz. Horrenbeste garatu al da azken lau urteetan?

Estreinakoz 2006ko Jokoetan txertatu bazuten ere, snowboard kroseko lasterketak duela 20 urtetik jokatzen dira Munduko Kopako probetan. Beraz, ez da atzo goizeko modalitatea. Maila handia dagoela gaur egun? Jakina, jende askok urtean 250 egun igarotzen ditu elurretan, eta horrek zerikusi zuzena du. Ni joan-etorrian ibiltzen naiz, lan kontuak direla medio, eta ezinezko egiten zait gainerako lasterkarien egoera fisikoan eta teknikoan lehiatzea. Nire aurrepausoak haienak baino xumeagoak dira, eta hori antzeman egiten da txapelketetan.

Horrenbesteko aldea al dago?
Bai. Horretaz gain, lasterkarien kopurua areagotu egin da. Une honetan, lasterketetako lehen sailkatuarengandik 2 segundo eta erdira helmugaratzen naiz gutxi gorabehera. Denbora tarte horretan 20 parte-hartzaile geunden duela bospasei urte; gaur egun, ordea, 50 gaude. Lasterkarien maila handitzen doa abiada bizian, eta hori asko nabaritzen da tokian tokiko txapelketetan.
 
Eta zer falta zaizu jauzi kualitatibo hori eman ahal izateko?
Kontua da gu kostaldekoak garela eta beste kultura bat dugula. Snowboardean edo eskian kanadiarrak, austriarrak eta suitzarrak dira onenak. Horiek elurretan bizi dira, mendiak parez pare dituztela. Hemen jende gehienak futbolean jokatzen duen moduan, haiek elurretan aritzen dira txiki-txikitatik. Azpiegitura garatuak dituzte eta, alde horretatik, abantaila dute. Bestetik, nik ikasketei garrantzia handia eman diet beti. Izan ere, elurretako nire ibilbidea bukatzean ez nuen snowboardeko begirale bat gehiago izan nahi. Nire aukera beste bat izan zen, eta hortik osatu dut nire ibilbidea.

Horren ezohikoa al da kostaldeko norbait snowboardean munduko zirkuituan aritzea?
Suitzarrei, kanadiarrei eta lasterkari askori oso bitxia egiten zaie. Ea hemen elurrik egiten duen galdetzen didate! Beraiek uste dute hemen eguzki galdatan egoten garela beti. Bai, arraroa da! Baina dagoeneko 9 denboraldi daramatzat munduko zirkuituan lehiatzen eta jada denek ezagutzen naute. Badirudi ohitzen ari direla. Austriako edo Suitzako hainbat lagun, gainera, bisitan etorri dira hona eta iritziz aldatu dute.

Euskal Herrian eta inguruan snowboard krosa praktikatzen duen jende asko al dago?
Badago, bai. Orain dela gutxira arte, Jordi Font katalana eta ni bakarrik geunden. Azken urteetan, ordea, gero eta lasterkari gehiago hasi da txapelketetan parte hartzen. Horien artean, oso ongi moldatzen den kirolari zarauztar bat dago: Iñigo Azkue. Oso gaztea da –21 urte baino ez ditu– eta bide luzea du aurretik, baina maila handia duela erakusten ari da. Ea noraino iristen den!�
 
 
SNOWBOARDA: ZARAUTZ ETA SUITZA ARTEAN
Snow krosean:
«Moto-kroseko lasterketa baten antzekoa da, baina elurretan eta ohol baten gainean. Zirkuitu baten barruan bainerak, peralteak, jauziak, hainbat modulu eta abar atontzen dituzte, eta horiek gainditu behar dituzu lasterketan zehar. Denbora baino ez digute hartzen, jauziak eta maniobrak ez dira puntuagarriak. Free-ride modalitatea ere probatu dut pixka bat, eta hiruzpalau txapelketa jokatu ditut modalitate horretan, baina beste maila batean. Nirea snowboard krosa da, eta hor ibiltzen naiz erosoen».
 
Entrenatzen: «Espainiako Federazioak Suitzan duen aterpetxe batera joaten naiz. Bertan, prestaketarako gune bat dago, kroseko zirkuitu txiki batekin. Hor aritzen naiz entrenatzen. Gainerakoan, ez dago zirkuitu askorik eski guneetan, ez behintzat Munduko Kopako probetan topatzen ditugun modukoak. Gabezi hori krosean jarduten dugun lasterkari guztiok dugu, ez nik bakarrik».
 
Prestatzaileak: «Fisikoki ongi nago. Aitor Frantzesena da nire prestatzailea eta Suitzan edo lehian ez nagoenean, berarekin egiten ditut ariketa fisikoak Zarauzko kiroldegian. Donostian ikasten nuenean, Jon Karla Lizeagarekin aritzen nintzen, baina gaur egun Elgoibarren lan egiten dudanez, Frantzesenarekin nabil Zarautzen. Urte eta erdi daramat berarekin eta oso gustura nago. Espainiako Eski Federazioko nire entrenatzailea, ordea, Jose Cervi da. Cervi Frantzesenarekin harremanetan jartzen da nire prestaketa fisikoa lantzeko».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info