Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Bizikleta gainean eta aurrera begira

TXIRRINDULARITZA oso-osorik jorratzea da Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartearen helburua. Alde batetik, alebin mailatik junior mailara arteko txirrindulari eskola zuzentzen du eta bestetik, txirrindularitzara jendea erakartzeko jarduerak antolatzen ditu. Hori guztia kontuan hartuta, Txirrindularitza Astea antolatu dute otsaileko azken astean,  hainbat ekitaldirekin. Baina ez dira horretara soilik mugatuko. Urtean zehar, Txirrindulari Eguna, Txirrindularitza Egokituko Kriteriuma eta Santa Klarako Gau Kriteriuma antolatuko dituzte. Horiez aparte, hainbat mailatako lasterketak ere prestatuko dituzte aurtengo denboraldian.

Modalitate ezberdinak
Elkarteak ez du txirrindularitza modalitate jakin batera mugatu nahi, eta hori sustatzen saiatzen da. Orain arte, pistako eta ziklokroseko txapelketetan parte hartzen aritu dira eskolako  zenbait txirrindulari. Otsailaren 28tik aurrera, ordea, alebinetatik hasi eta junior bitarteko txirrindulari talde guztiak errepideko lasterketak jokatzen ariko dira. Une honetan, 60 txirrindulari daude Zarauztarran. Horietatik 5 emakumezkoak  dira eta gainerakoak, berriz, gizonezkoak.
 «Ez gaitu kezkatzen orain hasi diren txirrindulariak  biharko egunean profesionalak izango diren ala ez», nabarmendu du elkarteko kide Jesus Aranak: «Eskolaren helburua ez da goi mailako txirrindulariak lortzea, baizik eta haurrei heziketa bat ematea kirol munduan: txirrindularitza kirol bezala ezagutaraztea, bizikleta bera menderatzen irakastea, teknika pixka bat erakustea eta, nolabait, aisialdirako tresna bat dela irakastea. Kirola denontzako eta betiko dela uste dugu, gainera. Hortik aurrera, txirrindulariek beraiek aukera dezatela zer izan nahi duten eta noraino iritsi nahi duten bizikletarekin».
Juniorretara iritsi ondoren,  aurrera jarraitu nahi badute eta horretarako gai direla ikusten badute, «afizionatuetara edo elitera jauzi egiteko talde bat bilatzen ahalegintzen gara, bere bidea eten ez dadin», azaldu du Aranak. Zarauztarra elkarteak behin baino gehiagotan pentsatu du afizionatu mailako talde bat osatzea: «Egungo krisialdiak astindu izan ez bagintu, afizionatu talde bat sortzeko aukera izango genuen aurten. Elkartean jendea badago, baita gogoa ere. Aurten ezinezkoa izan bada ere, datorren urtean berriz saiatuko gara. Gure helburuetako bat da hori da, zalantzarik gabe».

Kuotarik gabe
Txirrindularitza egin nahi duen edonori zabalduta dago Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko eskola. Horretarako, erraztasun ugari ematen dutela aditzera eman du Jesus Aranak: «Gurekin hasteko ez da inolako kuotarik ordaindu behar. Haurrek, gainera, ez dute zertan bizikleta erosi. Eskolak errepideko bizikleta bana uzten die hasiberriei eta, era berean, maillot eta kulot bana ematen diegu. Hori guztia musutruk! Aurrera begira, jarraitu nahi dutenek, euren bizikleta erosten dute infantiletara iristen direnean. Beraz, inork ez dezala esan txirrindularitzan hasteko oztoporik duenik!».
Ahalegin horren guztiaren truke, gurasoei haurrak lasterketetara eramaten laguntzeko eskatzen die elkarteak, baita herriko jaietan Iñurritza auzoan jartzen duten txosnan lan egiteko konpromisoa ere. «Denon artean lan eginez gero, giro berezia sortzen da elkartean eta ez dugu kuotarik ordaindu behar. Borondatezko lanean sinesten dugu», azpimarratu du Aranak.
Guztira, 120 bazkide ditu elkarteak; tartean, txirrindulariak, bazkide laguntzaileak, gurasoak, garai bateko txirrindulariak eta zaletuak daude, eta «bere garaian elkartetik pasatutako jende gehiago erakarri nahi dugu elkartera». Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko bazkide izan nahi duenak  669 631325 telefonora dei dezake.
Zarauztarra txirrindularitza eskola zaharrenetakoa da, baina bere sortze data «misterio bat» dela dio Aranak: «Duela urte pare bat uste genuen 50 urte genituela, baina dokumentuak aztertzen hasi gara eta zaharragoa dela konturatu gara. Ondorioz, ikerketa sakona egin nahi dugu nondik gatozen jakiteko. Horrekin guztiarekin, gainera, erakusketa bat egin nahi dugu aurten».�
 
 
Txirrindulari Astea 2009
TXOMIN PERURENA omenduko dute Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko kideek, Txirrindulari Astearen baitan. «Sari gehien lortu duen euskal txirrindularia delako saritu nahi dugu», azaldu du elkarteko kide Jesus Aranak. Ekitaldia otsailaren 27an izango da, 19:30ean, La Salleko aretoan, eta «euskal txirrindularitzaren historian izan diren txirrindulari eta txirrindularitza munduari lotutako pertsona garrantzitsuenak izango dira bertan». Aurretik, mahai-ingurua egingo da, Txirrindularitzaren bilakaera gai hartuta. Mahaikideak Txomin Perurena bera, Marino Lejarreta, Abraham Olano eta Vicente Iza izango dira; moderatzaile lanetan, berriz, Euskadi Irratiko esatari Arritxu Iribarrek jardungo du.

«ZARAUTZEK merezi zuen Txirrindularitza Aste bat. Herrian bizikleta asko erabiltzeaz gain, asteburuetan inguruko errepideak txirrindulariz betetzen dira. Azken finean, txirrindularitza maite eta kirol bezala ulertzen duten horiei guztiei zuzenduta antolatu dugu astea», dio Aranak. Astean zehar bi hitzaldi tekniko antolatu zituzten: bata, errendimenduari buruzkoa eta bestea, aerodinamikari eta biomekanikari buruzkoa. Txirrindulari Eguna, aldiz, ez dute astearen barruan sartu, «gehigarri bat erantsi nahi diogulako». Aurten, edonork parte hartu ahal izango duen Txapelketa Ireki bat antolatu nahi dute Txirrindulari Egunerako, baina oraindik ez dute data finkatu: «Zalantza dugu udaberrian ala udazkenean egin
».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info