Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Bigarrenean, baietz txapela jantzi!

ELKARREKIN jokatzen duten bigarren urtea dute Orioko kirol elkarteko pilotari Maite Redondo oriotarrak eta Dolo Errasti aginagarrak. Iaz Emakumea Pilotari Txapelketa Irekian txapeldunorde izan ziren, baina aurten txapela jantzi
nahi dute. «Hori beti izaten dugu helburu», nabarmendu du bikoteak.
«Iaz apur bat haserre geratu ginen geure buruekin, txapelak ihes egin zigulako», ekarri du gogora Errastik eta finaleko emaitza zein izan zen galdetu dio bere bikotekideari. «Bai, 30-22 galdu genuen», berretsi dio Redondok. Urduritasuna nagusitu zela eta nahiko kaskar jokatu zutela azpimarratu dute, nahiz eta azken tantora arte borrokatu zuten. «Aurten, ordea, lasaiago gaude eta hori antzeman egiten da. Hala eta guztiz ere, aurtengo aurkariak iazkoak baino hobeak dira; tartean, Nafarroako eta Arabako bikoteak ere badaude», dio Errastik. Txapelketako finalera iristea iaz baino zailagoa izango dela uste du Redondok, baina «itxaropena behintzat ez dugu galduko».

Alabaren entrenatzailea
Txapelketa irekia denez, pilotari bakoitzak nahi duen bikotekidearekin joka dezake. «Alabak futbolean jokatzen zuen eta Maite bere entrenatzailea zen. Nik banekien bera pilotan aritzen zela, eta halaxe hasi ginen elkarrekin jokatzen. Iaz txapelketan hartu genuen parte eta aurten ere hemen gabiltza», azaldu du Errastik. Dena dela, bizitza osoa daramate biek pilotan jokatzen.
Otsailaren hasieran eman zioten hasiera Emakumea Pilotari II. Txapelketa Irekiari. Martxora arte hasierako ligaxka jokatuko dute eta, gero, final-laurdenetako, finalerdietako eta finaleko partidak izango dira. Aurten partaide kopuruak nabarmen egin du gora: 20 bikotek eman dute izena, iaz baino 8 gehiagok.
Aurkariak aurkari, Redondok eta Errastik osatzen duten bikotea ez da horren erraz kikilduko. Irabazteko grina barruan daramate. «Aurtengoan, gurean geratu behar du txapelak».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info