Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

25 urteko krosa = sasoiko krosa

Arritxu Iribar Egaña - SASOIAN GERO ETA JENDE gehiago dago eta horixe da 25 urte hauetako lehen ondorioa. Batetik seira hazi da parte-hartzea; bestalde, korrikalari gehienek hastapen haietan baino denbora hobeak egiten dituzte; eta garrantzitsuena, jendea prestatu egiten da. Sasoia, garai batean adin kontua zen askorentzat; gaur egun, 50 urterekin ere sasoiko egon daiteke bat. Aurre-aurrean ibiltzen direnak albora utzita, herrikoi-herrikoiak, asko eta asko batere prestatu gabe abiatzen ziren 80ko lasterketa haietan. Gaur egun jendea jabetu da ezin dela txorakeriatan ibili, eta 10 kilometro izan arren norberaren osasunarentzat askoz ere hobeto dela entrenatzea eta prestakuntza bidez , sasoian, krosari aurre egitea. Batzuek diote horrela nortasun “herrikoia” galdu egin dela, korrikalariak oso prestatuak ateratzen direla orain; baina norberaren gorputzarekin ezin da jolasean ibili, asko baitago jokoan. Beraz, bakoitza bere mailan, baina hobeto da orain bezala prestatuago ateratzea (ez gara maratoi baterako adina prestatuko, baina zerbait bai).
Ez ditugu markak aztertuko, lasterketa ulertzeko era nabarmendu nahi izan dugu, gure gizartea bizitzeko moduan izandako garapenaren ispilu baita. Eta honetan, hausnarketarako beste gai bat: zer gertatzen da 16 eta 20 urte bitarteko gazteekin? 25 urte ditu krosak eta beste kiroletan bezala, hemen ere hutsune nabarmena dago. Haurrek gero eta kirol gehiago egiten dute, kirol ezberdinak probatzen dituzte, baina adin batera iristean utzi egiten dute, gero “heldu” egiten direnean bueltatzeko. Non daude gazteak? Zertan dabiltza?
Agintariek badute lana kirolaren bidean desbideratu ez daitezen, kirola erakargarri egin behar da; beste hainbeste emakumeekin…Parte-hartzeak gora egin du, gero eta emakume gehiagok egiten du kirola, baina oraindik ere ezin da konparaketarik egin gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruetan, ezta Zumaiako Krosean ere. Jakina, korrikalariak behar dira horrelako kros bat jokatzeko, baina antolatzailerik gabe bai dela ezinezkoa.
25 urte hauetan aurpegi berri gutxi ikusi dugu; Zumaiako herri krosaren bihotza direnak, leialak izan dira lasterketarekin eta hemendik txalorik ozenena eurentzat . Auspotu egin behar da antolatzaile hauen ahalegina, atzetik ere talde horretan lekukoa hartzeko “alerjiko” asko baitago; Itzainari jarraituko dionik gutxi. Nire lagun batek dioen bezala, hain estimazio gutxiko ardura, lana da eta egun ez gaude horrelako lanetarako. Eutsi diezaiotela betikoek! Bejondeizuela. Zorionak.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info