Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Txirrindularien errendimendua hobetzeko hainbat irizpide

ERREPIDEKO txirrindularien errendimenduak alderdi erabakigarriak ditu eta horiexek izan zituen hizpide Antxon Gorrotxategi sendagileak, Zarauzko Txirrindularitza Astean emandako hitzaldian. Txirrindularien errendimendua hainbat arlorekin lotuta dago –teknika, taktika, gaitasun psikologikoa, ezaugarri fisikoak eta materiala, hain zuzen ere–, eta horiek guztiek zerikusia dute kirolari baten azken emaitzarekin. Gorrotxategik, ordea, ezaugarri fisikoetan eta teknikoetan jarri zuen arreta, batez ere. Alderdi fisikoari dagokionez, txirrindularitza proba bateko intentsitatea gorabeheratsua dela adierazi zuen: «Iraupen luzeko atletismoko lasterketetan ez bezala, intentsitate finkoa mantentzea ezinezkoa da txirrindularitzan. Izan ere, tropelean joatea edo aldapa bat igotzea guztiz ezberdina da». Txirrindulari batek, era berean, teknika indibiduala gainditu behar du eta «lehenengo pausoa txirrindulariaren eta bizikletaren arteko lotura garatzea da». Lasterketa batean txirrindularia eta bizikleta bat eginda doaz, elementu bakarra izango balira bezala. Ezaugarri fisiko eta tekniko horietatik abiatuz, txirrindularien errendimendua hobetzeko hiru alderdi erabakigarri nabarmendu zituen hitzaldian: oxigenoaren gehienezko kontsumoa, pisua eta erresistentzia aerodinamikoa, hain zuzen ere.


OXIGENOAREN GEHIENEZKO KONTSUMOA (OGK)
· Oxigenoa energia aerobikoa sortzeko ezinbesteko osagaia da, baina denek ez dute oxigenoa erretzeko gaitasun bera eta, horren arabera, errendimendua ere alda daiteke.
· Intentsitatea handituz gero, oxigeno gehiago erretzen da. Baina bere muga du: bada une bat gorputza oxigeno gehiago erretzeko gai ez dena, eta horri oxigenoaren gehienezko kontsumoa deitzen zaio.
· Goi mailara iristeko txirrindulari batek OGK oso altua izan beharko du. Hala ere, horrek bakarrik ez du bermatzen txirrindulariak lasterketa asko irabaziko duenik, baina balore horiek gabe nekez iritsiko da goi mailara.
· Genetikak zerikusi zuzena du OGKrekin, %60-70ekoa, hain zuzen ere. Entrenamenduei esker oxigenoa erretzeko gaitasuna hobetu daiteke. Genetikoki markatuta dago, baina «entrenatu gabe ezinezkoa izango da profesionaltasunera iristea. Bestalde, nahiz eta asko entrenatu, genetikoki mugatuta gaude eta zenbat eta gehiago entrenatu muga hori gertuago izango da», azaldu zuen Antxon Gorrotxategik.
· Era berean, oxigenoaren gehienezko kontsumoa eta gehienezko potentzia aerobikoa lotuta daude. Azken hori, nolabait esateko, harremanetan dago pisuarekin.


PISUA
· Eremu lau batean ala aldapatsu batean gainditu beharreko erresistentzia ezberdina da. Eremu lauan grabitatea ez da eragile izaten, baina aldapan gora parametroak aldatu egiten dira eta norbere pisua bihurtzen da erresistentzia nagusi.
· Pisu gehiago dutenek indar gehiago egin beharko dute aldapa bat gainditzeko. Indar gutxiago egiten badute, euren abiadura murriztu egiten da.


ERRESISTENTZIA AERODINAMIKOA
· Erresistentzia aerodinamikoa txirrindulariak haizearen kontra egin behar duen indarra da.
· Eremu lau batean, abiadura aregotzen bada erresitentzia aerodinamikoa ere handitu egiten da.
· Tropelean ongi kokatzea garrantzitsua da, buruan doazen txirrindulariek atzekoek baino erresistentzia gehiago gainditu beharko dute-eta.
· Aldapan aerodinamikak erresistentzia gutxi du: gurpilari itsatsita joateak ez du eragin handirik.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info