Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Oiana Blanco, judoka: «Txapelketa txukuna jokatu nahi dut, dominaren bat etxera ekartzeko»

ERGOBIAN DU ETXEA, Astigarraga ondoan. Baina bizimodua bere jaioterrian egiten duela dio Oiana Blanco judokak (Orio, 1983) judokak. Dena dela, Orion bezainbeste denbora pasatzen du Usurbilen. Izan ere, Usurbil Judo Klub elkarteko kidea da eta hango kiroldegian entrenatzen du ia egunero. Judoan 4 urte zituenetik dabilen arren, «oraindik bada harritzen denik. Norbaiti judoan aritzen zarela esaten badiozu, min hartzeko arriskua duzula uste du. Nik jakin badakit judoa ez dela kanpora begira oihartzun gehiegi duen kirola. Jende askok zehazki zer den ere ez daki. Elkar joka aritzen garela uste dute! Judoan, ordea, aurkariari heldu eta lurrera botatzea da helburua». Gauzak oso argi ditu, baita aurtengo denboraldiko helburuak ere. Horietako bat apirilean Georgian jokatuko den Europako Txapelketan dominaren bat lortzea da.

Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazi dituzu aurten. Zure neurriko aurkaririk ba al dago?

Egia esan, Euskal Herrian aurkari zuzenik ez dut. Ondorioz, nire prestaketa zaildu egin nahi izaten dut eta nirea baino kategoria bat altuagoan lehiatzen naiz Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan; hau da, 52 kiloz azpiko mailan. Espainian, ordea, maila handiko judokak daude eta nire kategorian lehiatzen naiz. Hala ere, Espainiako Txapelketak ez du zerikusirik nazioarteko probekin. Nazioartean askoz ere maila handiagoa dago!

Ondorioz, zuretzat garrantzitsua izango da nazioarteko zirkuituan jardutea, ezta?

Hala da, bai. Nire helburua ez zen Espainiako Txapelketa irabaztea bakarrik. Haratago iristeko entrenatzen ari naiz, nazioarteko mailan emaitzak lortzeko eta, nolabait, hemendik 4 urtera begira. Pekingo Olinpiar Jokoek ihes egin didate eta orain, 2012an Londresen jokatuko diren Jokoak ditut buruan.

Goiz hasi zara Londresko Olinpiar Jokoetara begira!
Txartela lortu nahi baduzu, lehen egunetik hasi behar duzu horretan pentsatzen. Nazioarteko txapelketetako emaitzak sailkapen orokor batean islatzen dira, eta sailkapen horretan ongi kokatzeko puntuak lortu behar dituzu. Azken finean, ziklo bat da, eta ahalik eta puntu gehien lortzen saiatu behar duzu hasiera-hasieratik.

Puntuak lortu behar dituzu, baina azkenean zenbat lagun sailkatzen dira Jokoei begira!

Sailkatze sistema aldatu egin dute. Lehen, Europatik sailkatutako lehen zazpi judokak joaten ziren gutxi gorabehera. Betiere, kategoria bakoitzean herrialde bakoitzetik bakarra joan daiteke beti ere. Bestalde, olinpiar urtean Europako txapeldun izaten dena ere zuzenean sailkatzen da. Baina hori guztia aldatu egin dute eta hemendik 4 urtera, munduko sailkapen orokor baten arabera aukeratuko dituzte Jokoetara doazenak. Kasu honetan ere, herrialde bakoitzetik judoka bana hautatuko dute.

Eta sistema berriarekin aukera gehiago izango al duzu?
Oraingoz ez dakit, orain dela gutxi jarri baitute indarrean. Horretaz aparte, txapelketen araudian hainbat gauza aldatu dute. Hasiera batean mesede egingo zidala pentsatzen genuen, baina erabat finkatu arte ezin da jakin aukera gehiago izango dudan ala ez!

Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, Europako zirkuituan lehiatu zara. Baina gauzak ez zaizkizu nahi bezala atera.
Hala da, bai. Otsailean ekin nion zirkuituari eta jada bi txapelketa jokatu ditut, Paris Hiria Saria eta Austriako Munduko Kopa; ondorengo bietan ez nintzen izan, Hamburgokoan eta Pragakoan. Europako zirkuitua izan arren, nazioarteko goi mailako judokek hartzen dute parte horietan. Parisen ez nintzen oso fin ibili eta Frederic Jossinet frantzesaren aurka galdu egin nuen. Maila handia du hark, eta ni ez nintzen gustura geratu egindako lanarekin. Austrian, aldiz, txukunago jardun nuen eta borroka berdinduta bukatu genuen. Baina, epaileen iritziz, Wu Shugen txinatarra izan zen garaile.

Zergatik ez duzu azken bi txapelketetan parte hartu?
Selekzioaren erabakia izan da, bera arduratzen baita nire nazioarteko egutegiaz. Aurten, iaz baino prestaketa hobea egin dut, baina nire asmoa nazioarteko zirkuitua geroago hastea zen. Pena da prestaketa ondo bukatzen ez digutelako utzi, baina iaz baino hobeto nago fisikoki.

Gainera, duela gutxi jakin duzu Europako Txapelketarako hautatu zaituztela.
Europako Txapelketara goazen judoken zerrenda martxoaren erdialdean kaleratu zuen Espainiako Judo Federazioak, eta orduan jakin nuen hautatu nindutela. Oso pozik nago benetan. Txapelketa jokatuko nuen ala ez zalantzak nituen arren, berdin-berdin entrenatzen ari nintzen. Izan ere, ezin genuen euren erabakiaren zain geratu prestaketa behar bezala egiteko. Georgian jokatuko da aurtengo txapelketa, apirilaren 25ean eta 26an. Egia esan, gustura bezain gogotsu nago.

Zein da zure helburua?
Txapelketa jokatzeko aukera eman didatenez, dena ematen saiatuko naiz. Txapelketa txukuna egin nahi dut, dominaren bat etxera ekartzeko. Nire nahia urrezko domina lortzea da. Beti lehen postuaren bila joan behar da, nahiz eta ez jakin zerekin itzuliko zaren. Ni, behintzat, konfiantza osoz noa, irabazi dezakedan sentipenarekin.

Hori al da denboraldi honetako zure helburua?
Bai. Europako Txapelketa jokatzeaz gain, Europako zirkuituko gainerako probetan dominaren bat lortu nahiko nuke, baita abuztuan izango den Munduko Txapelketa jokatu ere. Baina nire parte-hartzea Europako Txapelketako eta zirkuituko emaitzen arabera erabakiko da. Egia esan, aurtengo urtea txapelketaz josita dago: Europako Txapelketa, Munduko Txapelketa, Mediterranear Jokoak eta Universiadak. Nire nahia ahalik eta txapelketa gehien jokatzea da.

Zirkuitu horretan zabiltzanean, atzerrian geratzen zara entrenatzen zenbait egunez. Zergatik da onuragarria kanpoan entrenatzea?

Topaketa horietan txapelketetan parte hartzen duten judoka gehienak geratzen dira astebetez. Urtean ez dira asko izaten: hiruzpalau, gutxi gorabehera. Halako topaketa batean parte hartzeak sekulako hobekuntza egiten dit. Urte osoan nire elkarteko kideekin entrenatzen naiz, baina ez da berdina! Neure pisu eta maila bereko aurkariekin jardunez gero, garapena askoz gehiago antzematen da. Judoka bakoitzak bere teknika du eta halako egitasmoek hori guztia aztertzeko balio didate.

Hori kontuan izanda, Usurbilgo kluba txiki geratzen zaizula esan daiteke?
Ez, Usurbilen oso gustura nabil entrenatzen. Kontua da neure neurrikoekin entrenatzea komeni zaidala. Usurbilen primeran nago. Nahiz eta neska askorik ez egon, pisu gutxiko gizonezkoak daude eta alde horretatik ez daukat entrenatzeko arazorik. Selekzioari dagokionez, hainbat herrialdetan judoka onenak leku jakin batean bildu eta elkarrekin entrenatzen dute urte osoan. Horrek kirolari bezala asko hobetzen zaitu. Espainiako Selekzioak, berriz, hilabetean behin edo elkartzen gaitu Madrilen, laupabost egunetarako. Azken finean, urte guztiko lana norberak bere etxean egin behar izaten du, bere elkartean.

Judoa zein puntutaraino da profesionala hemen?
Herrialde askorekin konparatuta, atzeratuta gaude. Hemen lan egiteko modua norbere elkartetik ateratzen da eta entrenatzaile ona dutenek jarraitzen dute aurrera; beste batzuk, gaztetan emaitzak lortzen dituzte, baina maila batetik aurrera tope egiten dute. Gaitasun batzuk edukitzea ez da nahikoa, taktikoki eta teknikoki lan gehiago egin behar duzu. Elkarte serio batean bazaude, aurrera jarrai dezakezu eta Usurbilgoa Euskal Herriko onenetakoa da.
 
 
JUDOA, BORROKARAKO PREST
Txikitatik abian: «Lau urterekin hasi nintzen judoan, baina baita dantzan, futbolean eta beste gauza batzuetan ere. Denetarik egiten nuen. Ondoren, judoa aukeratu nuen eta infantil mailan, nire burugogorkeriagatik eta bizitasunagatik, Espainiako Txapelketarako sailkatu eta bigarren izan nintzen. Jarraian, 17 urtera arte Hernaniko kiroldegian jarraitu nuen eta ondoren, mailaz igotze aldera, Usurbil Judo Klub elkartera etorri nintzen, Esteban Arrillagarengana. Harrezkero, hemen nabil eta gaur egun dakidan guztia Arrillagak berak erakutsi dit».
 
Morote Seoe Nague: «Nire mugimendu gogoena da, baita erabiliena ere. Baina gehien erabiltzen duzuna gehien kontrolatzen dizutena ere bada. Judokok elkar zelatatzen dugu: nondik heltzen dion, ezkerra ala eskuina den, nola irabazi dioten… Elkar kontrolatzen dugunez, ezin izaten dugu gure teknika horren aise erabili. Beraz, gauza berriak ikasi behar ditugu egunero».�
 
Pisua neurrian: «Ongi prestatzeaz eta entrenatzeaz gain, pisua kontrolatzea ezinbestekoa da. Ezin dugu asteburuoro kalean afaltzen geratu, ezta neurrigabekeriarik egin ere. Astebururen batean kanpoan jaten geratzen banaiz, damutu egiten naiz ondoren. Etxean nagoenean garbi jaten saiatzen naiz. Alde horretatik, nahiko zorrotza da, baina ohitu egiten zara. Azken batean, nire aukera da eta nahi dudalako egiten dut. Nire maila 48 kiloz azpikoa da eta inoiz ez dut pentsatu kilo batzuk irabazi eta hurrengo mailan lehiatzea nazioartean. Izan ere, maila horretako judokek 4 kilo gehiago dituzte, baina denak gihartsuak eta luzeak dira».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info