Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Hirugarren denboran igoera amets

IGOERA FASEAN buru-belarri murgilduta dago Zarautz Rugby Taldea. Denboraldia bigarren postuan bukatu ondoren, Espainiako Ohorezko B mailara igotzeko lehen kanporaketa jokatzen ari da Bartzelonaren aurka. Joaneko partida hilaren 22an jokatu zuten, Zarauzko Asti zelaian, eta 10-35 galdu zuten. Orain, martxoaren 29an, itzulerako jokatuko dute Bartzelonan.
«Iaz Euskal Ligatik Espainiako Nazional Mailara igo ginen, eta gure hasierako helburua maila mantentzea zen. Baina, jakina, igo berriak izan eta liga bigarren postuan bukatzea ikaragarria izan da taldearentzat», azaldu du errugbi taldeko batzordekide Ibon Zinkunegik.
«Aurtengo denboraldia bikaina izan da eta pozez zoratzen gaude! Jendea, nola ez, igoera jokatzeko gogotsu dago. Gu horretan saiatuko gara, baina lortzen ez badugu, ez da ezertxo ere gertatuko. Ez gara itsutuko. Hasieran finkatu genituen helburuak sobera bete dira eta berdin-berdin ospatuko dugu», adierazi du errubgi taldeko kideak.

Gainerako taldeak
Senior mailako bigarren talde bat ere badute zarauztarrek, eta Euskal Ligan jokatzen dute. Zinkunegiren esanetan, «Espainiako Liga Nazionalean jokatzen duten taldeek behe mailako hiru talde eduki behar dituzte gutxienez. Derrigorrezko baldintza hori jartzen du Espainiako Errugbi Federazioak. Aurtengo denboraldirako jubenil eta infantil mailako talde bana geneukan, eta baldintza betetzeko senior mailako bigarren taldea osatu behar izan dugu».
Bigarren talde hori garai batean ibilitako jokalariek eta hasiberriek osatzen dute: «Taldeko 6 lagun inguru 40 urtetik gorakoak gara eta gainerakoak, berriz, aurten hasi direnak, hau da, jokatzen ikasten ari direnak», adierazi du Zinkunegik. Bigarren taldeko jokalariak lehen taldekoekin jokatzen dute batzuetan eta beste batzuetan, alderantziz izan ohi da. Bigarren taldeak ere denboraldi biribila egin du, eta bigarren postuan bukatu du liga.
Jubenilen taldean 24 gazte inguruk jokatzen dute, Xabi Castañoren ardurapean, eta «hauek ere lan txukuna egin dute urte osoan zehar, eta igoera fasea jokatzen ari dira». Azkenik, infantil mailako hainbat jokalari du Zarautz Rugby Taldeak, baina hauek taldea osatzeko behar adina kiderik ez dutenez, «Arrasateko infantilekin elkartu dira. Hala eta guztiz ere, geure izenean atera dugu taldea». Infantil mailakoek ez dute ligarik jokatzen: bizpahiru astetik behin topaketa modukoak egiten dituzte han-hemenka. «Inguruko infantil denak biltzen dira euren partidatxoak eta ariketak egiteko», zehaztu dute errugbi taldetik.
Gaur egun emakumezkoen talderik ez duten arren, bere garaian, duela 10 urte, izan zela ekarri dute gogora. «Garai hartan errugbia ezagutzen zuten neska batzuk zeuden, eta euren artean taldea osatzea erabaki zuten. Nahiko talde polita izan zen hura. Baina 18-19 urterekin trantsizio une bat izan zuten. Lana eta ikasketak zirela medio, taldea desegiten joan zen pixkanaka-pixkanaka. Azken denboraldia Hernanikoekin elkartuta jokatu zuten». Iaz emakumeen taldea birsortzeko ahalegin bat egin zuten, baina saiakera ezerezean geratu zen tamalez.

Jarraikortasuna
Errugbi elkartea lagun talde batek sortu zuen 1980an; tartean, besteak beste, Juan Carlos Estrada, Javi Rey, Txufo, Txitxili eta Patxi Larrañaga zeuden. Hasieran Abendañoko zelaian jokatzen zuten, eta noizean behin Aritzbatalden. 1983an, Astiko errugbi zelaia egin zuten eta horrek aurrera jarraitzeko nahiz taldea sendotzeko aukera eman zien.
«Beti hor izan gara, jendez justu, baina osasuntsu. Orain eskola kirola indartzen saiatzen ari gara. Gazteen artean errugbia sustatzeko ikastaroak ematen ditugu eskualdeko ikastetxeetan. Urtean bi jardunaldi egiten ditugu eta bigarrena, apirilaren 4an izango da Astin. Errugbia ezagutzera emateaz gain, gure harrobia lantzen hasteko beste modu bat da eta bere fruitua ematen ari da, esaterako, infantil mailakoekin».�
 
 
Garagardo Azoka 2009
9. URTEZ, Garagardo Azoka antolatu dute Aste Santuan. Aurten, bi garagardo mota berri dastatzeko aukera izango da: Fosters eta Newcastle. Bi horiek arrakasta gehiegirik ez zuten London Pride eta garagardo izoztua ordezkatuko dituzte. Iaz bezala, bi pitxar mota jarriko dituzte salgai: zeramikazkoa eta litrokoa. «Zeramikazkoari dagokionez, urtero modelo ezberdina ekartzen saiatzen gara. Izan ere, jendeak bere bildumatxoa egiten du. Diseinua berritzen saiatu arren, aurten aurreko urteetako pitxarren bat errepikatu beharko dugu segur aski», dio Ibon Zinkunegik. Urtero bezala, zuzeneko musika izango da azoka. Ekimen hau diru-iturri garrantzitsu bihurtu da errugbi taldearentzat: «Euskal Ligan jokatzen genuenean, ez geneukan horrenbesteko gasturik. Orain, Espainiako Nazional mailan, gastuak hirukoiztu egin zaizkigu; besteak beste, bidaia luzeagoak direlako eta entrenatzaile gehiago dugulako. Aurreko urtetan aurrekontua parekatu egiten zitzaigun azokan ateratakoarekin; aurten, ordea, gora joan zaigu eta azokakoa ez da nahikoa izango. Beraz, dirua lortzeko beste sistema batzuk erabili beharko ditugu», azaldu du taldeko kideak. IX. Garagardo Azoka Xabier Zabala musikagile zarauztarrak irekiko du.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info