Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Hegats-igeriketa: benetako sirenak badaude

UR AZPIKO JARDUEREN  eta ohiko igeriketaren arteko modalitate hibridoa da hegats-igeriketa.  Alde batetik, urpeko edozein jardueretan bezala arnasa hartzeko tutua eta hegatsak erabiltzen dira; askotan, gainera, hegats bakarra eramaten dute. Bestetik, igeriketa proba guztietan bezalaxe, ibilbide jakin bat ahalik eta bizkorren osatzea da helburua. Kirol honek oraindik oihartzun handiegirik izan ez arren, pixkanaka-pixkanaka gero eta zale gehiago du. Eskualdeko hainbat lagunek badaramate hainbat urte urpeko igeriketa modalitate hau praktikatzen; esaterako, Zarauzko Mollarri Sub elkarteko kideek. Mundu osoan egiten da hegats-igeriketa, eta ez atzo goizetik, 60ko hamarkan hasi baitziren. Bere jatorriak, gezurra badirudi ere, kirolarekin zerikusi gutxi du. Sobietar Batasuneko urpekariek asmatu zuten Gerra Hotzean helburu belikoetan erabiltzeko. Hegats bakarrak distantzia luzeak ur azpitik abiadura bizian egiteko aukera ematen zieten. Denboraren poderioz, guda estrategietan erabiltzen zen tresna hark kirol berri bat sortzeko balio izan zuen. Hegats-igeriketa igerilekuan nahiz itsasoan egiten da, eta Euskal Herrian hainbat txapelketa jokatzen da.�
 

 
HEGATS BAKARRAREN TEKNIKA
· Igerilariek hegats handi bat eraman ohi dute bi oinetan. Mugimendua simetrikoa da eta oso eraginkorra.
· Besoak ia-ia ez dira erabiltzen. Normalean, aurrerantz luzatzen dira eta esku bat bestearen gainean jartzen da.
· Burua bi besoen artean sartu behar da, arnasa tutu baten bidez hartuz. Tutua ahotik bekokirako posizioan kokatu ohi da.
· Igeri egiterakoan, berriz, izurdeen antzeko mugimendua egiten dute igerilariek. Mugimendu horrek progresiboa izan behar du, hau da, besoek, enborrak eta hankek oszilazio-higidura egiten dute norabide bertikalean. Gutxi gorabehera, ostikada baten modukoa da.
· Gorputza egonkor mantendu behar da uretan, ostikada eraginkorra izan dadin.
· Belaunak apurtxo bat okertu behar dira, koadrizepsak zehatzago lan egin dezan.
· Teknika ongi gaindituz gero, abiadura %60 inguru hobe dezake igerilariak.

HASIERAN BI HEGATSEKIN
Ez da komeni lehen saioetan hegats bakarrarekin igeri egitea. Igeriketa mota honen teknika guztiz menderatu arte; hasiberriek bi hegats erabiltzea aholkatzen dute adituek; hau da, oin bakoitzean hegats bana, nahiz eta hegats bakarraren teknika erabili. Bi hegatsek pisu gutxiago dute, eta horiekin askoz ere errazago egiten da igeri.

ZARAUZKO NAZIOARTEKO HEGATS IGERIKETA
· Zarauzko Mollarri Sub elkarteak antolatuta, Nazioarteko IV. Hegats Igeriketa Lasterketa jokatuko da maiatzaren 17an. Irteera 12:00etan izango da Zarauzko moilatik.
· Getariara joan-etorria egin beharko dute parte-hartzaileek: Zarauzko moilatik irtengo dira eta Getariatik hurbilen dagoen tunelaren parean buelta eman ondoren, irteera puntuan helmugaratuko dira.
· Igerilariek hegats bakarrarekin edo bi hegatsekin hartu ahal izango dute parte proban.
· Zarauzkoa Gipuzkoako Distantzia Luzeko Hegats Igeriketa Zirkuituko bigarren lasterketa izango da; lehen proba Bidasoako Jaitsieran jokatuko da, maiatzaren 1an, eta hirugarren eta azkena, berriz, Donostiako Hiru Hondartzak izango da, maiatzaren 30ean.�

 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info