Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Haimar Zubeldia, txirrindularia: «Astana taldean dena da berdin, baina aldi berean ezberdin»

HAMAIKA URTE geroago, etxeko taldea agurtu eta haize berrien bila abiatu da Haimar Zubeldia (Usurbil, 1977). Pentsatu, hausnartu eta egin. Aurtengo eta hurrengo denboraldian Kazakhstango Astana taldearen maillota defendatuko du Zarautzen bizi den txirrindulariak. Euskaltel-Euskadin «ez atzera ez aurrera» zegoen eta bere ibilbide profesionalak aldaketa bat behar zuela argitu du Zubeldiak. «Motibazioa», azkenaldian behin eta berriz errepikatzen duen hitza da, azken urtetan errepidean galdu izan balu bezala. Orain, ordea, zoriontsu dabil: talde berrian irribarrea berreskuratu dio.

Zaleak oraindik ez dira guztiz ohitu zu laranjaz jantzita ez ikustera. Zu zeu ohitu al zara ala oraindik arraroa egiten  zaizu?
Niri ere oraindik arraroa egiten zait. Azken finean, bizitza ez zait batere ere aldatu eta Euskaltel taldeko lagunekin jarraitzen dut entrenatzen –Markel Irizar, Amets Txurruka, Aitor Galdos eta Aitor Hernandezekin–, baina arropa ezberdinarekin. Niri benetan arraroagoa egiten zait lasterketetan taldekide berriak izatea eta egun dudan lan egiteko modua bera.

Proba batzuk jada jokatu dituzu Astanarekin. Zer moduz moldatzen ari zara talde berrira eta bere dinamikara?
Jakin banekien aldaketa handia izango zela. Lasterketak jokatzeko modua ezberdina izan da, Euskaltelen garaiarekin konparatuta. Alde horretatik, rol aldaketa bat izan da: Euskaltelen taldeburu nintzen; Astanan, berriz, taldearentzat lan egiten dut. Hala ere, taldez aldatzea erabaki nuenean banekien aldaketa horiek guztiak etorriko zirela. Talde handi batera joan naiz, maila handiko txirrindulariz betea, eta aldez aurretik zehaztuta zegoen zein izango zen nire ardura. Nahiz eta nire aukerak ere izango ditudan, aldaketa handia izan da.

Euskaltelen txirrindulari ia denak etxekoak zineten. Orain, Astanan, zu zeu sentitzen al zara arrotz?
Nik uste dut taldeko txirrindulari gehienok sentitzen garela arrotz Astanan, hainbat nazionalitatetako jendea baikaude. Arrotz sentitzen naiz, bai, baina batez ere hizkuntzari dagokionez. Lehen euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiten nuen taldekideekin. Orain, ordea, ingelesa da taldearen hizkuntza unibertsala. Alde horretatik, apurtxo bat hobetu beharko dut nire ingelesa. Dena dela, txirrindularitzan lau hitz dira erabilienak eta horiek ulertzeko ez dut inolako arazorik. Denboraren poderioz, hobetzen joango naiz.

Zure fitxaketak zeresan handia eman du. Pentsatzen al zenuen horrenbesteko oihartzuna izango zuenik?

Pixka bat arduratzen ninduen. Bizitza osoa Euskaltelen eman dut eta gaur egun naizen guztia berari zor diot. Biziki eskertzen diet. Bestalde, ez nuen zaletuek nire erabakia gaizki hartzerik nahi. Nik uste dut jakin izan dutela erabakia ulertzen. Jada urte dezente neramatzan talde barruan eta gazteak ere gogotsu zetozen. Era berean, nire ibilbideak aldaketa bat behar zuela ikusten nuen. Agian, oraindik goizegi da ondorio zehatzak ateratzeko, baina asmatu dudala uste dut. Motibazio berriak bilatu ditut eta mementoz oso gustura nago. Gainera, Astana bezalako talde indartsu bat ez da egunero zugana etortzen. Aukera aprobetxatu beharra nuen!

Motibazio berri bat behar zenuela adierazi duzu. Zer gertatu da azken urtetan ziklo berri bati hasiera eman nahi izateko?
Erabakia saihestezina izan da, nolabait.  Hamaika urte egin ditut Euskaltelen, eta ez aurrera ez atzera nengoela sumatzen nuen: urtero-urtero berdina zen, inguru berdinetan, eta helburuak ere antzekoak ziren. Monotonia horrekin guztiarekin geldotzen ari nintzen, eta halako pizgarri baten beharra sentitzen nuen.

Eta orain zertan da ezberdin?
Zaila da hori azaltzen. Esaterako, hizkuntza, taldekide berriak, nazioartean topaketa gehiago...  Gainera, Astana puntan-puntan dabilen taldea da, eta Contador, Armstrong, Kloden edo Leipheimerren gisako txirrindularien taldekide izatea erakargarria bezain kitzikagarria da beti. Hamaika motibo dago! Azken finean, dena da berdin, baina aldi berean ezberdin.

Euskaltelekin profesionaletara jauzi egitea bezain pizgarria izan al da Astanarekin fitxatzea?
Ez da gauza bera. Orain 11 urte zaharragoa naiz eta hori ere antzeman egiten da. Edonola ere, saiatu naiz antzeko motibazio bat bilatzen. Txirrindularia naiz eta asko gustatzen zait egiten dudana, baina beste baldintza eta inguru batean egin nahi nuen. Hori zen nire nahia.

Joan den urrian sinatu zenuen talde berriarekin, baina duela bi urte ere jarri zineten harremanetan. Zer aldatu da orain?
Garai hartan ere baneukan aldaketaren ideia buruan. Une hartan Euskaltel eta Astana balantza batean ipini nituen, eta Euskaltelekin jarraitzea erabaki nuen. Orain, ordea, ziur neukan haize berria behar nuela. Euskaltel jakinaren gainean zegoen, gainera. Aurpegia eman dut uneoro, inorekin jolastu gabe, eta uste dut beraiek ere eskertu egin dutela. Astanaren eta bion artean hasiera-hasieratik egon da interesa eta halaxe izan da guztia.

Euskaltelen taldeburu zinen eta Astanan taldeko langile bat gehiago izatera pasatu zara. Ez al da atzerapausoa izan?
Askok hori pentsatzen du. Niretzat lasterketei aurre egiteko beste modu bat da; txirrindularitza beste kokaleku batetik ezagutzeko aukera, nolabait. 11 urte daramatzat txirrindularitza profesionalean eta jakin badakit zenbat eman dezakedan lasterketetan. Horrek ez du esan nahi anbiziorik ez dudanik. Badakit zeintzuk diren nire mugak eta badakit talde honetan ditudan helburuak lor ditzakedala. Zalantzarik gabe, Armstrong edo Contador bezalako txirrindularientzat lan egiteak ere bete egiten nau eta hori ere garrantzitsua da niretzat.

Baina ez al duzu pentsatu aldaketarekin orain arte lortutako guztia galduko zenukeela?
Ez, ez dut halakorik pentsatu. Eman beharreko beste urrats bat bezala hartu dut. Gainera, ez da taldearentzat lan egin behar dudan lehen aldia; gazteago nintzenean ere tokatu zitzaidan Euskaltelen. Orain, sinpleki, berriro ere lehengokora itzuli naiz. Jendea harritu egin da, bai, eta kazetari guztiek galdera bera egiten didate, baina ni ez nau horrenbeste kezkatzen. Motibatu egiten nau; batik bat, nire taldekideek edozein lasterketa irabazi dezakeelako. Eta beraientzat lan egiten ari naizela jakitea pozgarria da.

Orain, taldearentzat lan egiten duzula gutxiago kontrolatuko al zaituzte aurkariek? Ihesaldiak egiteko aukera gehiago izango duzula uste al duzu?
Hori gerta liteke, bai. Lasterketa batera iristean, beti begiratzen dugu gainerako taldetako buru nor izango den. Orain, multzo horretatik kanpo nagoenez, ezkutu samarrean nago. Nire aukerak izango ditudala azaldu dut lehen, eta ihesaldiak aukera horien barruan kokatzen ditut. Baina denboraldian zehar lasterketa asko daude eta Astanako taldeburuek ezingo dituzte guztiak jokatu. Beraz, nire uneak ere izango ditut eta horiexek aprobetxatzen saiatuko naiz.

Armstrong taldean izanda, Astanaren urteko helburu nagusia Frantziako Tourra irabaztea izango da, ezta?
Hala da, bai. Armstrong ez ezik, Contador, Kloden eta Leipheimer ere hor daude. Nolanahi ere, errepideak jarriko du bakoitza bere tokian. Baina, jakina, lau txirrindulari horiek podiumera igotakoak dira eta horietatik edonork irabaz dezake Tourra. Guztiak hor aurrean badabiltza askoz hobeto. Askok ziurtzat jotzen du Tourra irabaziko dugula eta, egia esan, sekulako taldea dugu, baina ikusiko dugu zer gertatzen den.

Horien guztien artean distira egitea garesti al dago?
Zaila da, bai. Hala eta guztiz ere, horien talde berean egotea eta horien taldekide izatea jada distiratzen ari naizen seinale da. Halako txirrindulari handien artean nabarmentzea zaila da, baina euren alboan lan egiteak bete egiten nau. Euren ondoan ere gauzak lor ditzaket. Nire aukerak aprobetxatzeaz gain, haiek lortzen dituzten garaipenak nire egingo ditut.

 
TXIRRINDULARITZA - MENDATEZ MENDATE, AURRERANTZ
Erlojupekoak
«Taldeko arduradunak saiakera berezia egiten ari dira nire erlojupeko probak hobetzeko. Azken urteotan ez zaizkit oso ongi atera, eta posizio aldaketak aztertzen ari gara, lehen neukan erraztasuna berreskuratzeko. Aurten, mementoz, ez dut erlojupeko askorik egin, baina hobetzen ari naizela nabaritu dut. Beraien aldetik asko saiatzen ari dira eta horrek asko indartzen nau. Baloratuta sentitzen naiz taldean. Bestalde, aurtengo Frantziako Tourrean taldekako erlojupekoa berreskuratuko dute eta garrantzitsua da proba horretara prest iristea».�
 
Indartsu oraindik
«Nire onena emateko daukat oraindik. Txirrindulari bezala, duela 8 urte baino osoagoa naiz. Egun esperientzia gehiago dut, eta argiago dut lasterketaren une bakoitzean zer egin behar dudan. Agian, hasierako freskotasuna eta bizitasuna falta zait, baina ez ditut hasiberritan egiten nituen akatsak egiten. Lasterketetan indarrak neurtzen ikasi dut».�
 
Lance Armstrong
«Izar edo mito mediatiko bihurtu da Lance Armstrong. Frantziako Tourra zazpi aldiz irabazi ondoren, txirrindularitza utzi zuen eta aurten berriz itzuli da errepidera. Egia esan, bere aurrean pixka bat kikildu egiten zara. Horrez gain, taldean bazkaltzen ari garenean, jende ugari elkartzen da bere inguruan eta horrek ere distantzia bat jartzen du gainerako txirrindulariokin. Tratu pertsonalean distantzia hori apurtzen saiatzen den arren, oso zaila egiten zaio. Izan ere, bere atzetik milaka kazetari eta zaletu dabiltza. Era berean, bere negozioetan murgilduta dago eta entrenatzeko ere ia-ia ez du denborarik. Gainerako kideekin harremana errazagoa da».�

 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info