Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Euskara Sasoian, kirol elkarteen egunerokoan

EUSKARA SASOIAN egitasmoa Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako kirol elkarteei zuzendutako egitasmoa da. Bere helburu nagusia eskualdeko kirol elkarteetan euskararen erabilera normalizatzeko laguntza eta baliabideak ematea da; nolabait, horiek euskara gehiago erabil dezaten kirol jardueretan zein elkartearen kudeaketa lanetan.
Urola Kostako Udal Elkarteak 2001an jarri zuen abian aipatutako egitasmoa eta, gaur egun, 35 kirol elkarte dira bertan parte hartzen ari direnak. Urtero-urtero hiruzpalau elkarte berri barneratzen dira programan. Aurten, hitzarmena sinatu duten elkarte berriak honakoak dira: Zarauzko Balea Igeriketa Taldea, Zarauzko Triatloi Taldea eta Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartea; eta Orioko Aldapa Zikloturista Elkartea eta Orioko Tabernak areto futbol taldea.
EMUN Hizkuntza Aholkularitza Kooperatiba arduratzen da Euskara Sasoian programaren kudeaketaz. «Abendutik urria bitartean egiten dugu lan hori, eta azaroan hitzarmenak berritzen ditugu kirol elkarteekin. Bestalde, urtarrila eta otsaila artean sustapen lana egiten dugu, lehendik egitasmoan barneratuta ez dauden elkarteak erakartze aldera. Hau da, kirol elkarte berriengana jotzen dugu», azaldu du EMUNeko koordinatzaile Jon Odriozolak.
Egitasmoaren oinarrian 4 hitzarmen mota daude: A, B, C eta Jarraipen Orokorreko hitzarmenak. Hitzarmen bakoitzak helburu jakin bat dauka, eta horren arabera konpromiso gehiago edo gutxiago daude. A ereduak, esaterako, konpromiso maila baxuena eskatzen du eta Jarraipen Orokorrekoak, berriz, sakonena; gainerako ereduak bi horien tartean daude.
 
Lau hitzarmen mota
A hitzarmenak elkarteek antolatzen dituzten kanpo jardueretan euskararen agerpena bermatzea du helburu. B hitzarmenak, berriz, elkartearen barne funtzionamenduan euskara erabiltzea, eta euskaraz dakienari euskaraz zuzentzea. Bestalde, elkartearen ohiko harremanetako hizkuntza euskara izatea da C ereduaren xedea.
Jarraipen Orokorreko hitzarmenean, azkenik, jarraipen berezi bat egiten zaie elkarteei eta bertan hartzen diren konpromisoak ere zehatzagoak dira. «Elkarteen kanpo eta barne irudiari nahiz harremanei buruzko konpromisoak sailkatzen ditugu hemen. Elkarteek horietatik hainbat konpromiso aukeratzen dute eta horietan nola jokatuko duten zehazten dute. Aukeraketa egin ondoren, tokian tokiko Udalari jakinarazten diogu. Jakinaren gainean jartzeaz gain, pixka bat gainean egon daitezen», dio Jon Odriozolak.

Udalen inplikazioa
Kirol elkarteengandik aparte samar geratzen zirela eta, Udalek ekimenean parte hartu eta elkarte horien jarraipena egingo dute aurten. Orain arte, EMUNek egiten zituen elkarteek hartutako konpromisoen ebaluzioak; aurten, ordea,  udalek egingo dute jarraipen eta ebaluazio hori. «Gisa horretan, elkarteen konpromisoak eta beharrak zeintzuk diren jakingo dituzte. Horretaz gain, eskualdean horrenbeste kirol elkarte izanda, guri ere ezinezkoa egiten zitzaigun elkarte guztien jarraipen zehatza egitea. Jarraipena udalen esku utzita, mikroplangintzak definitzeko eta kudeatzeko hartuko dugu denbora», azpimarratu du EMUNeko koordinatzaileak.
Iaz Zarauzko Kirol Elkartean mikroplagintza bat landu zuten. Aurten, beste bi kirol elkarte berritan  ere ezarriko dute; Orioko Arraun Elkartean eta Zumaiako Pulpo Kirol Elkartean. Mikroplangintzek Jarraipen Orokorreko hitzarmenean zehaztutako konpromiso berak dituzte, «baina oso zehatz jarraituta».

Konpromisoak betetzen
Oro har, hitzarmenak sinatu eta konprometitzen diren kirol elkarteek «emandako hitza bete» egiten dute. «Eskualde euskaldun batean bizi gara eta kirol elkarteek jendaurrean egiten dituzten jardueretan euskarak bere presentzia izaten du. Ahal duten neurrian betetzen dituzte hartutako konpromisoak. Arazo handiena, beharbada, barne erabileran edo harremanetan izaten dute. Kanpora begira nahiko ongi betetzen dituzte helburuak, baina elkarte barruan aski da zuzendaritza batzordeko norbaitek euskaraz ez jakitea euskarak presentzia gutxiago izateko. Edonola ere, beraiena borondatezko lana da eta, alde horretatik, aurrerapausoak ematen ari dira», nabarmendu du Odriozolak.
 
 
 
Alberto Casado Orioko Tabernak areto futboleko jokalaria eta entrenatzailea
«Taldean betidanik eman diogu garrantzia euskarari» 
 
Aurten eskualdeko lau kirol elkarte berri sartu dira Euskara Sasoian egitasmoaren barruan, eta horietako bat Orioko Tabernak areto futbol taldea da. Elkarteko jokalari eta entrenatzaile Alberto Casadok (Orio, 1972) hartutako konpromisoak azaldu ditu.

Euskara Sasoian egiasmoan sartu berri zarete. Zein pauso eman dituzue horretarako?
Egitasmoaren koordinatzaileak gurekin harremanetan jarri ziren eta halaxe izan zen guztia. Jakin bagenekien iaz Orioko hiru elkarte inguruk egitasmoaren hitzarmena sinatu  eta euskara sustatzeko lanean hasi zirela. Aurten, gugana etorri dira egitasmoaren berri ematera, eta proposatu digutena aurrera emateko modukoa dela iruditu zaigu.

Bileretan egitasmoko hitzarmenak aztertu zenituzten, ezta?
Hala da, bai. Abian dituzten lau hitzarmen motak zeintzuk diren azaldu ziguten eta guk B hitzarmena aukeratu dugu. Izan ere, bertan zehazten diren konpromisoak bete ditzakegula uste dugu. Azken finean, hitzarmenak ez du gehiegi aldatuko gure egunerokoa, lehendik ere euskara erabiltzen genuelako. Taldean betidanik eman diogu garrantzia euskararen erabilerari.

Hala eta guztiz ere, hitzarmenarekin pauso bat gehiago emango duzue. Zertan oinarrituko dira batez ere hartu dituzuen konpromisoak?
Kanpora begira egiten ditugun deialdiak euskaraz izan dira beti, dela kalean jartzen ditugun kartelak dela komunikabideetara bidaltzen ditugu oharrak. Baina, beharbada, taldearen agiri administratiboak betetzeko eta aurkezteko orduan gaztelaniaz egin ditugu. Orain, berriz, sinatu berri dugun hitzarmenean agiri horiek euskaraz egingo ditugula erabaki dugu.

Eta horretarako zailtasunik izan dezakezuela uste al duzu?
Ez dut uste. Taldea gidatzen dugunon artean euskara menderatzen duenik bada. Horretaz aparte, egitasmoko arduradunak laguntzeko prest azaldu zaizkigu; beraz, edozein zalantza edo arazo dugunean beraiengana jo dezakegu lasai asko. Argi dago elkarren arteko harremana hitzarmena sinatzea baino gehiago  izan dela, eta hori eskertzekoa da.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info