Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Egun batez, ikasleak arraunlari

IKASLEEN ARTEAN arrauna ezagutaraztea eta berau praktikatzeko aukera ematea du helburu Ikasarraunak. Eusko Jaurlaritzak aipatutako kirola sustatzeko duen plan estrategikoaren baitan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak bultzatutako egitasmo da honakoa eta azken 5 urteetan hainbat ikastetxetan landu dute, arraun eskola ibiltariaren bidez. Apirila bukaeran, esaterako, Zumaiara iritsi zen eskola ibiltaria eta bertan, besteak beste, Maria eta Jose ikastetxeko DBH 2. mailako ikasleek hartu zuten parte.
Ikastaroan modu teorikoan eta praktikoan garatzen dute arrauna, Josu Aboitiz eta Iñaki Goikoetxea hezitzaileen gidaritzapean. Lehorreko saioetan arraunaren jatorria, kultura, hiztegia eta estropaden berezitasunak nahiz araudia erakusten dizkiete ikasleei, panelen eta proiekzioen bidez. Era berean, uretako saiorako baliagarri izango zaizkien azalpenak ematen dizkiete, baita erabiliko dituzten material erakutsi ere; hau da, arraunak, tostak eta sokak.
Ondoren, uretako saioan, tostarteko arraunean aritzeko aukera izan ohi dute gaztetxoek, lehorreko saioan ikasitakoa praktikan jarriz. Horretarako, egitasmorako bereziki prestatutako bi ontzi erabiltzen dituzten. Ala motako Kresala eta Zoragarri ontziak, hain zuzen ere. «Ontzi mota horiek Oria ibaian erabiltzen zituzten bere garaian hondarra mugitzeko», azaldu du Aboitizek. Ontzi horietako bakoitzean dozena bat ikasle joan daitezke, Ikasarrauneko hezitzailea barne.
Oro har, «talde lana bultzatu nahi izaten dugu ikasleen artean. Azken finean, arrauna talde laneko kirola da. Nahiz eta hasieran koordinazioarekin gehiegi ez asmatu, ikasleak ongi moldatzen dira arraunean. Gustura aritzen dira eta hori positiboa da».�
 
 
Gainerako herrietara ere hedatzeko asmoz 
Arraun eskola ibiltaria Zumaiara bakarrik iristen da gaur egun. Hala eta guztiz ere, egitasmoko arduradunek ez dute baztertzen eskualdeko gainerako herrietara iristea etorkizunean. Izan ere, Ikasarrauna gehiago hedatu nahi dute. Normalean, tokian tokiko ikastetxeekin eta arraun elkarteekin jartzen dira harremanetan egitasmoa aurrera eraman aurretik, eta elkarte bakoitzak uretara irteteko duen irisgarritasunari garrantzi handia ematen diote. Ikasarrauna, ordea, ez da arrauna ikasleengana gerturatzeko eskualdean egin den ekimen bakarra. Duela urte batzura arte Orioko Arraun Elkarteak Orioko Herri Ikastolako ikasleei arraunean erakusten zien, soinketako klaseetan, baina elkartearen instalazioak egoera kaskarrean zeudenez eta horretarako aukerarik ematen ez dutenez, bertan behera utzi behar izan zuten ekimena. Arraunketako zentro berriarekin ikasleei zuzendutako jarduerak berreskuratu nahi dituztela adierazi dute elkarteko arduradunek.� 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info