Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Hurrengo dardoa Chicagoko dianan

GANGSTERREN lurraldea zain du Joseba Unanue oriotarrak, baina ez inolako salerosketa mafiosorik ixteko, baizik eta Munduko Dardo Txapelketan parte hartzeko. Oraindik, ordea, pixka bat itxaron beharko du AEBetara joateko, txapelketa maiatzaren 21etik 25era jokatuko baita. Hasiera batean apirilean jokatzekoa zen Las Vegasen, baina antolakuntzak azken uneko arazoren bat izan du, eta ekimena Chicagora aldatu dute. «Las Vegasek glamour gehiago duen arren, egia esan ez naiz egunero Chicagora joaten. Iaz oso gutxigatik ez nintzen sailkatu eta, zalantzarik gabe, hara joateko irrikan nago!».

Europatik mundura
Master mailako Europako txapeldun izan zen binakako proban joan den urrian, Miguel Angel Villimar basauriarra lagun zuela. Horrela, Munduko Txapelketarako txartela lortu zuen bikoteak. Munduko Txapelketarako sailkatzen diren dardo jokalariek txapelketako edozein probatan jokatzeko aukera izaten dute, baina «horretarako izen-ematea ordaindu behar izaten da. Izan ere, txapeldun izan garen proban soilik dugu doan parte  hartzeko. Besteetan jokatzeko eskubidea duzu, bai, baina gure poltsikotik jarrita», argitu du Unanuek. «Horrelako aukerak gutxitan izaten direnez, proba guztietan parte hartuko dut».
Honakoa ez da Munduko Dardo Txapelketa jokatuko duen estreinako aldia. Duela bi urte Katalunian izan zen Europako Txapelketa irabazi zuen banaka eta bikoteka –azken proba horretan Gorka Elizondo oriotarrarekin batera–, eta Munduko Txapelketarako sailkatu zen. Orduan ere Chicagon jokatu zen txapelketa. Beraz, lehiatu behar duen tokia lehendik ere ezagutzen du.
Hala eta guztiz ere, aurtengo bidaia duela bi urte baino hobeto antolatu duela adierazi du. Izan ere, «hara iritsi eta jokatzera joan behar izan genuen segituan. Aurten, txapelketa hasi baino egun bat lehenago iritsi eta egun bat geroago itzuliko naiz».
Helburuei dagokionez, «lehen 32 postutan sailkatu nahi dut parte hartzen dudan edozein probatan, baina batez ere banakoan. Horrek babesleen ateak ireki diezazkidake, noski. Baina horretarako lehen 4 postuetan sailkatu behar dut eta une honetan jokalari oso onak daude».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info