Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Zarautz-Gernika-Zarautz

Zarauzko Zikloturista Elkartea. 1984ko ekainaren 21ean egin zen lehenengo aldiz Zarautz-Gernika-Zarautz zikloturista martxa. Parte-hartzaileak 49 izan ziren, eta Galtxagorritik abiatu ziren. Gehienak zarauztarrak ziren eta, tartean, hamabost urte inguruko hamar bat gazte zeuden.
 Juan Manuel Udaberi bururatu zitzaion Zarautz-Gernika-Zarautz proba antolatzea, garai hartako zikloturisten lehendakariari. Ipar Euskal Herrian horrelako probak egiten ibiltzen zen, eta berak egindako irteeratan ikusitakoa eta ikasitakoa hemen praktikan jartzea erabaki zuen. Antolaketan, Txiliku anaiek, Simon Uberak, Angel Epeldek eta beste hainbatek hartu zuten parte.
Lehen urteko probaren antolaketa oso xumea izan zen. Paper batean ibilbideko xehetasunak jarri eta horixe eman zitzaien txirrindulariei. Gernikara iristean, herrian dagoen gasolindegian paperari zigilua eman eta, Lekeitiotik barrena, etxera itzuli ziren. Jatekoa ere bakoitzak berea eraman zuen irteeran emandako poltsatxo batean; izan ere, ez zegoen ibilbide guztian inolako laguntzarik orain dagoen moduan. Bitartean, zenbaitzuk salda, haragi egosia eta txorizoa prestatu zuten elkartean, proba bukatzerakoan parte-hartzaileei eskaintzeko.
Geroztik, proba handitzen joan da pixkanaka-pixkanaka, partaide eta antolakuntza aldetik. Lehenengo urtean 49 lagun izan baziren parte hartu zutenak, aurten 600 inguru izatea espero dugu.
Bestalde, ezin dugu ahaztu 1987. urtean Pedro Larrañagak izandako zorigaiztoko istripua. Ondorioz, 1988. urteaz geroztik,  Zarautz-Gernika-Zarautz Pedro Larrañagaren oroimenez egitea erabaki zen.
2004 urtean, oztopoak zirela-eta, ez zen probarik egin. Hori horrela, aurten izango da 25. Zarautz-Gernika-Zarautz proba, maiatzaren 31n. Data esanguratsua izanik, zerbait berezia egin behar zela erabaki genuen. Horrenbestez, proban izena ematen duten lehenengo 500 lagunei Zarautz-Gernika-Zarautz probaren 25. urteurrenaren maillota oparituko zaie. Horrez gain, aurten proba Lege Zaharren Enparantzan amaituko da. Modu horretan, herritarrengana gehiago hurbildu nahi dugu proba, festa moduko zerbait izan dadin eta ez txirrindulari nahiz hauen senideentzako kontua bakarrik. Bertan, Zarauzko bizikleta dendek posturen bat ipiniko dute eta musika, jatekoa eta edatekoa ere izango da. Gainera,  probaren aitzindariei omenaldi berezia egingo zaie.
Partaideei dagokionez lehen aipatutako moduan, gaur egungo kopuruak ez du zerikusirik hasierako urteetakoarekin. Aurten 600 lagun inguruk parte hartzea espero dugu, beti ere eguraldiaren laguntza txikia izaten badugu. Gehienak, inguruko herrietako bizikletazaleak izango dira, nahiz eta kanpoko jendea ere etortzen den, hala nola, Kantabriatik edo Madrildik. Hori horrela izan dadin, proba ahalik eta gehien zabaltzen saiatu gara, hedabideetan, herrietan eta kirol dendatan publizitate gehiago eginez eta webgune berri bat eraikiz, nahiz eta ez garen hau osatzera garaiz iritsi.
Antolaketaz Zarauzko Zikloturista Elkarteko kideak arduratzen gara. Funtsean, urte horretan batzordean dauden pertsonen esku geratzen da antolaketaren mamia eta hari denak mugitzea. Hala, probaren egunean elkarteko kide guztiok eta elkarteko kide ez diren beste hainbatek lan ezberdinetan hartzen dugu parte; izen-emateak, anoa-postuak, bidegurutzeak eta beste mila lanetan.  Proba egunean Zarauzko Zikloturista Elkarteko kide guztiok lanean izaten garenez, aste bat geroago egiten dugu gure Zarautz-Gernika-Zarautz propioa. 
Azken hitz hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan Zarautz-Gernika-Zarautz aurrera ateratzea posible egin duten guztiei.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info