Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Triatloia: hiru kirol baten baitan

IGERIKETA, txirrindularitza eta korrika batzen dituen erresistentziazko kirola da triatloia. Beharbada, nazioartean jokatzen den kirol mota gogorrena. Horrexegatik, kirol hau praktikatzen duten kirolariek fin-fin entrenatu behar izaten dute, probak baldintza fisiko eta psikiko egokietan gainditzeko. Triatloi modernoak 25 urte beteko ditu aurten; izan ere, 1974ko irailaren 25ean Mission Bay Triathlon izeneko lehen proba jokatu zen San Diego hirian (Kalifornia, AEB). Dena dela, bere jatorria XX. mendearen 20ko eta 30eko hamarkadetan kokatzen da Frantzian, Les Trois Sports izeneko lasterketarekin lotua. Espainian ere izan zen aurrekaririk, Castro Urdialesen (Kantabria) 1964an antolatu zuten Ciclo-Nata-Cross txapelketarekin. Edonola ere, gaur egun ezagutzen den triatloia 80ko hamarkadan iritsi zen Europara. Euskal kirol zirkuituan ongi txertatu den kirola da, gainera. Euskal Herrian hainbat elkarte dago eta makina bat triatloi nahiz duatloi proba antolatzen da urtean zehar. Eskualdean ere tradizio pixka bat duen diziplina da. Ikusi besterik ez dago Zumaian eta Zarautzen antolatu izan diren txapelketetan zenbat jendek hartu duen parte. Eskualdeko triatleten kopurua ere dezente igo da azkenaldian, eta gero eta emaitza hobeak lortzen ari dira. Horren adibide azpimarragarriena, zalantzarik gabe, Ainhoa Murua kirolari olinpikoa litzateke.�
 
 
Igeriketa
· Irteeran sekulako nahaspila sortzen da askotan: ostikadak edo zaplastakoak jaso, betaurrekoak erori, ura edan... Tropelean hastea baino erosoagoa da alboetatik metro batzuk gehiago egitea.
· Kontuan izan behar dira korronteak, olatuak eta uraren tenperatura. Horregatik, itsasoan entrenamendu saioren bat egitea komeni da.
· Entrenamenduetan, arnasa hartzeko, burua bi aldetara ateratzen ikasi behar du triatletak. Alde batera bakarrik ateratzeko ohitura izanez gero, probaren batean orientazioa galtzeko edota eguzkiak bete-betean emateko arriskua egon daiteke.
· Horrez gain, erreferentzia bat hartzea da onena.
· Aurretik doan igerilariari jarraitzeak denbora hobetzen lagun dezake, beti ere norbere erritmoan edo erritmo bizkorragoan badoa.
· Probaren arabera, jantzi isotermikoa baimenduta ala galarazita egon daiteke, derrigorrezkoa ere izan daiteke. Kirolariek, era berean, antolakuntzak emandako txapela eraman beharko dute, dortsalaren zenbakiarekin.


Txirrindularitza
· Triatloi probako probarik luzeena izaten da, distantziari dagokionez. Horrek elikatzeko nahiz hidratatzeko aukera ematen dio kirolariari, geldialdirik egin gabe.
· Box eremuan bizikleta hartu aurretik kaskoa jantzi behar da eta txirrindularitzako ibilbidea bukatu ostean, bizikleta utzitakoan, kendu behar da. Lasterketa osoan zehar kaskoa buruan eraman beharko dute triatletek.
· Probaren arabera, aurrekoaren gurpilari jarraitu ahal izango zaio ala ez. Araudia betetzen ez dutenek zigorra jasotzen dute: epaileen oharrei kasu egiten ez badiete, bizikletatik jaitsi eta 30 segundoz geldirik egoteko eskatuko diete.
· Kirolariek ezingo dute kanpoko laguntzarik jaso inolako mementoan, are gutxiago txirrindularitza proban.


Korrika
· Bizikleta utzi eta korrika hasteko trantsizioa ez behartu gehiegi. Abiadura modu progresiboan bizkortu, norbere ohiko erritmoa lortu arte.
· Ura sarri edan, eta eroso ez bazaude geratzea edo oinez jarraitzea da onena.
· Aldez aurretik entrenamenduetan erabilitako oinetakoak erabili; ez estreinatu oinetako berririk lasterketa batean.
· Igeriketa eta txirrindulari proben ostean, borondate gehiago jarri behar zaio korrika saioari. Sufritzen jakiteko gaitasuna eduki behar da, hain zuzen ere.
· Askotan fisikoki egokien prestatuta dagoena baino hobeto aritzen da esperientzia taktiko hobea duena. Izan ere, teknika eta taktika on bati esker, triatloiko azken txanpari erosoago egin diezaioke aurre kirolariak.�
 
 
HITZORDUAK
· Zarauzko XXIII. Triatloia; ekainaren 13a. Proba: 2,5 kilometro igerian (Getariatik Zarautzera), 82,5 kilometro bizikletan (Urola Kosta osoa zeharkatzen du) eta 20 kilometro korrika.
· Zumaiako VI. Triatloia; uztailaren 4an jokatzekoa zen, baina krisi ekonomikoak bertan behara utzi du. Babesle nagusirik gabe geratu da.
· Getariako Salbatore VIII. Biatloia; uztaila bukaeran edo abuztua hasieran. Salbatore jaien baitan antolatzen dute, eta izaera herrikoia du. Proba: 550 metro igeri eta 3,5 kilometro korrika.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info