Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Nerea Amilibia, korrikalaria: «Irabazi eta irabazi nabil, baina laster beste aldera egiten ere hasiko naiz»

DENBORALDIA hasi baino ez da egin, baina dagoeneko hainbat lasterketatan nagusitu da Nerea Amilibia (Aia,1971): Eibarko eta Lasarteko krosetan, Lilatoian, Gasteizkoan, Aginagakoan, Pagoetakoan... Astebururo hartzen du parte han eta hemen antolatzen diren korrika saioetan. Bere helburu nagusia iaz irabazi zuen Mendi Lasterketen Euskadiko Kopa berriz lortzea da: «Lau lasterketa jokatzen dira txapelketa honetan, eta bakoitzean lortutako postuaren arabera erabakitzen da txapela. Iaz laurak irabazi nituen eta, ondorioz, txapeldun izan nintzen. Ea aurten ere errepikatzen dudan!».

Azken urteetan mendi lasterketetan espezializatu zarela esan al daiteke?
Bai, gehienbat mendi lasterketak korritzen ditut. Asfaltoan ere lehiatzen naiz, baina eremu horretan asko sufritzen dut, batik bat, erlojupekoan jarduterakoan. Mendian, berriz, nire erritmora jokatzen dut eta ezinean banoa, oinez emango ditut lau pauso eta aurrera. Errepidean, aitzitik, hori ezinezkoa da. Une honetan, bai, mendi lasterkaritzat jotzen dut neure burua.

Badirudi betidanik zabiltzala mendi lasterketetan, baina ez da denbora asko hasi zinela.
Laupabost urte izango dira mendi lasterketetan hasi nintzela. Zarauzko koadrila batekin elkartzen nintzen entrenamenduetan –Patxi Sanchez, Mikel Mendizabal eta Joxe Ramon Orbegozo, besteak beste–, haiek mendira joaten baitziren. Hasieran mendira korrika egitera joateak errespetua ematen zidan, baina pixkanaka-pixkanaka animatzen joan nintzen eta orain ezin naiz gelditu. Mendira joaten nintzen emakume bakarra nintzenez, Edurne Zuri eta zazpi ipotxak ezinena jarri ziguten.

Berandu ohartu al zara zure benetako eremua mendia dela?
Nik uste dut baietz. Orain dela urte batzuk hasi nintzen mendian, eta jada 38 urte ditut. Korrika betidanik egin dut, beti gustatu izan baitzait, baina nire erritmotik atera gabe jarduten nuen, eroso antzera. Gero, aipatutako koadrilarekin elkartzen hasi eta nire entrenamendu nahiz prestaketa goitik behera aldatu ziren.

Aiarra izanik, batek baino gehiagok normaltzat joko du zu mendian ongi moldatzea. Zerikusirik izan al du horrek?
Ez dakit... Askok hori esaten didate! Agian, mendian eta baserri inguruan bizi naizelako pentsatzen dute hori. Egia esan, baserrian ez gara kalean bezala ohitu. Baserrian beti izaten da lana eta horrek pertsona gogorragoa egiten zaitu.

Iaz, 28 lasterketa jokatu zenituen eta 22 irabazi zenituen. Aurten, marka hori hobe dezakezula ustea al duzu?
Hasita nago jada martxa horretan. Batzuk irabazi ditut eta beste hainbatetan izena emana dut. Ia astebururo badut lasterketaren bat. Ez dakit iazko marka hobetuko dudan ala ez, baina mordoxka bat izango dira.

Orain, astebururo izaten duzu mendi lasterketaren bat. Erritmo bizi horrekin nekatzeko beldurrik ez al duzu?
Fisikoki oso ongi nago. Iaz ere primeran sentitu nintzen denboraldi osoan. Asteburua joan eta asteburua etorri, lasterketetan hartzen nuen parte. Astean zehar, berriz, suabe antzera entrenatzen nuen. Ea aurten ere erritmo horri heltzeko gai garen! Hala eta guztiz ere, nik uste dut nire gorputza topera iristen ari dela. Beraz, ez dakit noiz arte iraungo dudan martxa honetan lehiatzen.

Astebururo hartzen duzu parte lasterketetan, baina Zegama-Aizkorrin ez. Zer dela eta?
2004an hartu nuen parte lehen aldiz eta ez zidaten saririk eman, federatu gabe nengoelako. Handik bi urtera federatu egin nintzen eta helmugaratu zen lehen euskalduna izan nintzen emakumezkoetan, baina ez zidaten oroigarri ziztrin bat bera ere eman. Lotsagarria iruditzen zait halako proba bat prestatu eta gainditu ondoren, saririk ez egotea lehen euskaldunentzat. Hori ez dut ametitzen. Pena ematen dit, Zegama-Aizkorri proba gustuko dudalako, baina bertan lehiatzeko gogo guztiak kendu dizkidate.

Urtero-urtero proba berak irabazten dituzu. Lortutako txapela defendatu beharra sentitzen al duzu?
Ahal dudana egiten saiatzen naiz. Gainera, laster itzala egingo didan norbait agertuko da eta orduan bukatuko da nire garaipenen bolada. Bien bitartean, ahal dudan gehien irabazten saiatuko naiz. Baina, jakina, laster nik ere gisa horretan korrika egiteari ere utzi egin beharko diot, izan ere, beti maila honetan ezingo dut jardun. Sasoia dudan bitartean, lasterketak irabazten jarraituko dut eta hori bukatzen denean, irabazleari zorionak eman eta aurrera. Denbora pixka bat badaramat irabazi eta irabazi, eta laster beste aldera egiten ere hasiko naiz.

Lasterketetan ehuneko ehun aritzen zara, nahiz eta entrenamendu gisako lasterketak izan.
Behin lasterka ateratzen naizenean, ez dakit entrenamendu bezala korritzen. Nahigabe ere joan egiten naiz. Hasieran suabe hasten naiz, baina bigarren kilometroan, jada berotuta, ez dakit geratzen eta bizi-bizi bukatzen dut proba.

Mendi lasterketak apurtxo bat modan jarri al dira?
Nik uste dut bolada duela orain. Gero, moda pasatuko da eta beste zerbait izango da. Lehen hilabetean bat antolatzen zuten; gehienera jota, bi. Orain, ordea, astebururo izaten dira, larunbatetan zein igandetan. Badirudi euskaldunontzat sortutako kirola dela mendi lasterketa: mendia eta korrika batzeaz gain, erronka gogorrak gainditzea du ardatz. Gero eta gogorragoa izan, orduan eta jende gehiago animatzen da, gainera.

Dena dela, emakume gutxik hartzen du oraindik parte.
Batzuk bagabiltza, baina gutxi gara oraindik: Alicia Romero, Alicia Olazabal, Oihana Kortazar eta Oihana Azkorbebeitia, besteak beste. Gizonezko dezentek parte hartzen duen bitartean, ia emakumerik ez da ikusten oraindik mendian. Proba gogorrak izaten dira eta badirudi sufritzeko kontu hori ez doala bat beraiekin.

Adinean gora joan ahala bildu dituzu emaitza onenak. Zein da zure sekretua?
Nik uste dut gorputza mendira jartzen zaizula, edo giharrak ohitu egiten zaizkizula. Ni oso gustura nabil. Baina iritsiko da pott egingo dudan eguna... Egia esan, harrituta nago nire buruarekin: iaz ikaragarri ongi ibili nintzen eta aurten ere martxa bera hartu dut. Horrexegatik galdetzen diot neure buruari: noiz arte iraungo dut horrela? Ahal dudan arte jarraituko dut lehiatzen eta ezin denean, beste maila batean jardungo dut.

Distantzia luzeak eta maldak gainditzeko ongi prestatu beharko duzu psikologikoki, ezta?
Bai, halako probak gainditzeko kaskagogorra izan behar da, eta ni halakoxea naiz pixka bat. Gainera, lasterketa batean irteterakoan inoiz ez dut erretiratze kontuetan pentsatzen. Gero, beharbada, oso gaizki pasatuko dut lasterketan zehar, baina ez dut pentsatzen horretan inoiz ere, baizik eta helmuga zeharkatu behar dudala. Batzuetan gehiegi arriskatzen naiz, baina ahal bada, segi aurrera!

Iaz Castellonen (Herrialde Katalanak) jokatu zenuen bezala, Euskadiko selekzioarekin hitzordurik ba al duzu aurten?
Bai, nazioarteko lasterketa bat jokatuko dut Euskadiko selekzioarekin. Uztaila bukaeran, Santio Egunaren inguruan, Dolomitetako (Italia) lasterketa jokatuko dut. Egia esan, Euskadiko selekzioan hartu nahi naute, Espainiako Kopa jokatzeko, baina nik ez dut nahi. Izan ere, Espainiako Kopako proba jokatu baino ekonomikoki gehiago konpentsatzen dit herriz herri antolatzen duten edozein lasterketatan parte hartzeak. Gainera, beraien mende egon behar duzu eta zenbait proba jokatzen ez dizute uzten. Niri libre antzera jardutea gustatzen zait!�
ATLETISMOA: PISTAN HASI ETA MENDIAN SEGI
Lehen pausoak: «Orioko Zaragueta eskolan ikasten nuen, eta bertan eman nituen nire lehen pausoak atletismo munduan. Miguel Santamariak entrenatzen gintuen, eta noizean behin lasterketetara eramaten gintuen. Behin pistara eraman ninduen lehiatzera. Lasterketa horretan bigarren nindoan,eta entrenatzaileak azken itzulia ziztu bizian egiteko esan zidan. Nik halaxe egin nuen, baina, artean, beste itzuli bat falta zen. Nahastu egin nintzen. Ondorioz, laugarren postuan sailkatu nintzen. Harrezkero, ez dut beste lasterketarik jokatu atletismoko pista batean».�
Bigarrenez: «Ezkontzerakoan kirola utzi nuen. Alaba izan ondoren pisu asko hartu nuen, ia 70 kilo nituen, eta Orioko kiroldegian hastea erabaki nuen, sasoian jartze aldera. Hala eta guztiz ere, nire zaletasuna korrika egitea izan da eta halaxe murgildu nintzen berriz kirol munduan. Egia esan, betidanik gustatu izan zait lasterka aritzea».
Entrenatzen: «Astean bizpairu aldiz mendira joaten gara entrenatzera. Aste erdian zehar ordu eta erdiko saioa egiten dugu eta asteburuan, berriz, saio luzexeagoa, pare bat ordukoa. Aurten, estreinako aldiz pisuarekin ariketak egiten aritu naiz, giharreak indartze aldera. Gero, astean bitan, spinning-eko ikastaroetan aritzen naiz. Batzuek diote ez direla bateragarriak, spinninga eta korrika, baina hauspoa lantzeko primeran datorkit. Mendira joaten garenean, hemen inguruan ibiltzen gara; Pagoetan edo Aizarnan, adibidez. Nolanahi ere, prestaketa hori denboraldi aurreko garain gehiago egiten nuen, baita herri lasterketak eta krosak ere. Orain suabe antzera nabil».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info