Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Izotza marrazten duten dantzariak

IZOTZ GAINEKO patinajea Europako iparraldearekin edo elurra eguneroko ogi den herrialdeekin lotzen da askotan.  Baina Euskal Autonomia Erkidegoan ere bada neguko kirol musikatu hau lantzen duenik, baita gure eskualdean ere. Izan ere, Zarauzko hiru neska gazte punta-puntan dabiltza une honetan: Esther Iruretagoiena eta Elene Aramendi Euskadiko txapeldun izan dira aurten, senior eta benjamin mailan, hurrenez hurren; Paula Ceregido, bien bitartean, txapeldunorde izan da, alebin mailan. Eta maiatzean jokatu den Gipuzkoako Txapelketan ere fin aritu dira.
«Egia esan, nahiko berandu hasi nintzen patinatzen, 18 urterekin», ekarri ditu gogora bere hastapenak Esther Iruretagoienak: «Lehen gimnasia erritmikoa lantzen nuen, baina Gabon batzuetan izotz gaineko patinajeko ikastaroa oparitu zidan amak eta harrezkero, honetan dihardut. Berehala kateatu ninduen!».
Paula Ceregidok eta Elene Aramendik ere antzera eman zituzten izotz gaineko lehen pausoak: ikastaro familiar bat egin zuten elkarrekin eta gustukoa zutela ikusirik, jarraitzea erabaki zuten. Ondoren, Donostiako Txuri Urdin izotz jauregiko patinaje eskolan jardun zuten eta  duela bi urte Txuri Berri elkartearen izenean parte hartzen hasi ziren. Iruretagoiena urtebete lehenago hasi zen klubean. Une honetan, Txuri Berri elkarteko eskualdeko ordezkari bakarrak dira, nahiz eta patinaje ikastaroak egiten beste hiruzpalau zarauztar badabiltzan.

Patinatzaile gutxi
Horren denbora gutxian emaitza onak lortzea «pozgarria» dela diote patinatzaileek. Hala ere, lortutako emaitzari handitasuna kentzen saiatzen dira. Izan ere, une honetan izotz gaineko patinajea lantzen duten bi elkarte baino ez daude –bata, Gasteizen eta  bestea, Donostian–, eta oraindik ere patinatzaile kopurua nahiko txikia da.
Berria baino gehiago, «kirol ezezaguna» dela uste du Iruretagoienak: «Hemen entrenatzeko bi pista bakarrik ditugu eta Espainian askoz gehiago ere ez daude: Madrilen bost eta Bartzelonan nahiz Jacan bana. Instalazio eta baliabide eskasiak egiten dute ezohiko izotz gaineko patinajea». Dena dela, jende gehiago animatzen ari da patinatzera eta maila hobea duen jendea agertzen ari da: «Orain dela gutxi Espainiako patinatzaile batek Olinpiar Jokoetako txartela lortu du lehen aldiz».
Lagunek «kirol arraroa» lantzen duela esaten diote Paula Ceregidori. «Egia esan, harritu egiten dira», gaineratu du Elene Aramendik. Biak ala biak ados daude: «Futbola, saskibaloia edo eskubaloia ez bada, lantzen duzun kirola bitxia dela dirudi». Patinatzaile gehienak, gainera, emakumezkoak dira eta «mutilak behar ditugu!», deia egin du Iruretagoienak.
Izotz gaineko patinajea kirol «oso sakrifikatua» da, kirolariek gogor entrenatu behar izaten baitute aste osoan zehar. Baina, era berean, «asko asebetetzen gaitu». Iruretagoienaren iritziz, «nahiko kirol nekagarria da batzuetan. Mugimendu sortak egin eta egin aritzen gara eta maiz ez zaigu ganoraz ezer ateratzen. Edo alderantziz, beti ateratzen zaiguna ez zaigu ateratzen proba nagusi batean. Nolanahi ere, asko ematen dit. Gero eta biziago sentitzen naiz izotz gainean eta sentipen horiek asko betetzen naute».

Koreografiak eta mugimenduak
Entrenamendu saioen berri eman du Aramendik: «Entrenatzaileek izotz gaineko koreografiak irakasten dizkigute, baina patinatzaileok mugimeduak moldatzeko aukera izaten dugu». Patinatzaile bakoitzak duen mailaren arabera, koreografia sakonagoak edo mugimendu konplexuagoak prestatzen dituzte. Hauek Euskal Ligan hartzen dute parte eta liga horren baitan jokatzen diren txapelketetan aurkezten dituzte ikasitakoak. Guztira, lau jardunaldi jokatzen dituzte: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa, inprobisazio txapelketa eta jardunaldi arrunt bat.
Txapelketetako saioak epaimahai batek  baloratzen ditu.  Gainera, puntuaketa sistema aldatu egin dute oraintsu. Patinatzaileek adierazi dutenez, lehen sailkapen orokor bat kaleratzen zuen epaimahaiak. Gaur egun,   ordea, proban egindako kontu guztiak baloratzen ditu. «Alde horretatik, zuzenagoa da!». Zati teknikoa ez ezik, artistikoa ere hartzen dute kontuan baloratzerakoan: gorputz espresioa, mugimenduak egiterakoan hartutako abiadura eta abar. Lau epailek eta teknikari batek puntuatzen dituzte patinatzaileen saioak.

Aurrera begira
Zenbait herrialdetan ia-ia kirol nazionala da, batik bat Eskandinabiako herrialdeetan. Bertako patinatzaileek egunero 3 ordu baino gehiago ematen dituzte patinatzen, baina hiru zarauztarren helburua ez da horren urrutira iristea. Ikasketetan buru-belarri dabiltza eta patinajea euren zaletasuna da; eta aurrera begira, jarraitzeko gogoz daude. Iruretagoienak, bere aldetik, espainiar mailako domina bat lortu nahiko luke datorren urtean. «Domina hori lortzea azterketa bat gainditzea bezalakoa da. Gaindituz gero soilik parte har dezakezu Espainiako Txapelketan eta, egia esan, bertan lehiatzeko gogoa dut».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info