Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Haizearen indarra belaren norabidean

GURASO BATZUEN inplikazioari eta konpromisoari esker sortu zen Kostabela. Elkartea abian jarri aurretik, Getariako Klub Nautikoaren baitan funtzionatzen zutela adierazi du Kostabelako presidente Salba Manterolak: «Bela arineko azken ikastaroa duela 10 urte egin genuen klubean. Arazo ekonomikoak zirela-eta, bertan behera geratu zen egitasmoa. Hainbat gurasok jarraitzeko borondatea izan genuen, eta halaxe ekin genion. Begirale bat kontratatu genuen eta pixkanaka-pixkanaka handitzen joan gara».
Elkarteak bi atal ditu gaur egun, bela arineko eskola eta kruzeroko bela. Eskolan 7 eta 19 urte bitarteko 18 neska-mutil dituzte une honetan, eta oriotarrak, zarauztarrak eta getariarrak dira. «Berez, orain garenaren bikoitza izan beharko genuke», atsekabetzen da Manterola. «Itsasoak materiala gordetzeko tokia apurtu zigun joan den abuztuan eta, ondorioz, udan ezin izan genuen jarduerarik antolatu. Eta horrek bere eragina izan du». Kruzeroko ontzi handietan, aldiz, 50 bazkide inguru dira, eta Getariako portuan ontzia lotzen duten Euskal Herri osoko nabigatzaileek osatzen dute taldea.

Bela arina landuz
Gaztetxoak irailetik ekainera arte entrenatzen dira, igandetan, Unai Otxoa begiralearen ardurapean. Bela arineko bazkide izateak 50 euro balio du hilean, eta diru kopuru hori elkarteak dituen gastuak ordaintzeko erabiltzen dute. Hasiberrientzat elkarteak berak jartzen ditu ontziak, «gurasoentzat karga ekonomikoa izan ez dadin». Soilik neoprenozko jantzia eskatzen diete, ekaitzetik eta haizetik babesteko.
Saio horietan egindako ahaleginak fruituak eman dizkie, gainera. Aurten, esaterako, Kostabelako kideak Euskadiko txapeldun izan dira bi modalitatetan: batetik, Josu Portularrume eta Jokin Juaristi bikoteak 420 mailan irabazi dute eta bestetik, Antton Manterola, Borja Villafran eta Unai Otxoak osatutako hirukoa Match Race mailan  nagusitu da.
Udan, bertako zein kanpoko jendearentzat ikastaroak emateaz gain, eskola kiroleko ikastaroak ere antolatzen dituzte; ekainean eta irailean. «Inguruko herrietako ikastetxeetatik etortzen dira bela ezagutzera. Gure ustez ezinbestekoa da kostaldeko ikasleek belaren berri jasotzea. Azken finean, itsasoaren ondoan bizi gara! Horrez gain, pertsona bezala osatzeko kirol aproposa da. Ikasleak uda aldean etortzea komeni da, garai horretan  jolas bezala hartzen baitute; izan ere, neguan oso gogorra egiten da», azaldu du Manterolak.

Egoitza txukunik gabe
Bela arina ezagutzera emateko eta hedatzeko «instalazio duin batzuk» izatea ezinbestekoa dela diote Kostabelako arduradunek. Une honetan, hesiz itxitako gune txiki bat dute egoitza modura. «Proiektu berri bat aurkeztu diogu Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzari eta beraien erantzunaren zain gaude. Nolanahi ere, azken urtetan hainbat proiektu aurkeztu dugu eta guztiei ezetz esan diete. Alde horretatik, beti izan dugu arazoa. Ez dago inolako borondaterik!», azpimarratu du Kostabelako presidenteak. Getariako alkatea «jo eta su» laguntzen ari zaiela azaldu du elkarteko presidenteorde Jesus Iturriozek, baina «portuaren eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokio eta kirol azpiegiturak egitea, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aldundiak, ordea, ezin ditu kirol azpiegiturak egin Jaurlaritzaren lurretan. Beraz, hortxe dago gakoa!».
Jesus Iturriozen hitzetan, «herrietan frontoiak, futbol zelaiak edo kiroldegiak eraikitzen dituzten bezala, zergatik ez dituzte ur kiroletako instalazioak edo itsas kiroldegiak eraikitzen kostaldeko herrietan. Halako hausnarketa logikorik ez dute egiten erakundeek». Legeak hori guztia jasotzen duela gogoratu du Manterolak, baina «inor ez da mugitzen. Argi geratu da kirol portuak ez dituztela kirola sustatzeko egiten, ontziak aparkatzeko baizik».�
 
 
X. La Gaviota Bela Estropada
Maiatzaren 2an, X. La Gaviota Bela Estropada jokatu zen. Proba hau Getariako Kostabela elkarteak antolatzen du, Euskadiko Kirol Portuen eta Getariako Udalaren laguntzarekin. Nabigatzaileek Getariako portutik Bermeoko La Gaviota plataformara joan eta bueltan etorri behar izan zuten, 50 miliako ibilbidea osatuz. 30 ontzik hartu zuten parte eta aurtengo irabazlea Mauricio Gibert patroia izan da, Akelarre ontziarekin; La Gaviota estropadako sortzailea izan da garaile, hain zuzen ere. Hala ere, ez zuen estropada azkarren egin zuenak irabazi, bigarren sailkatu zenak baizik. Probako denboraz gain, epaileek ontzi bakoitzaren ezaugarriak hartu zituzten kontuan puntuak ematerakoan. Ondorioz, estropada bukatzen lehena izan zen Ian Wood txapeldunorde gelditu zen, Phoenix ontziarekin.

Getariako Kostabela eta Zumaiako San Telmo bela elkarteen arteko elkarlanari esker, neguan liga bat jokatzen dute 24 ontzi inguruk. Estropadak hamabostean behin jokatzen dituzte Zumaia eta Getaria artean; urriaren erdialdean hasi eta martxoaren bukaera arte. Neguan, ordea, eguraldiak ez du gehiegi laguntzen eta egunak ere motzak dira. Ondorioz, Kostabelako kide Mauricio Gibert Bermeoko La Gaviota plataformara distantzia luzeagoko estropada bat antolatzen hasi zen, denboraldia biribiltze aldera. Azken urteetan, Kostabelak berak hartu du bela estropada horren ardura.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info