Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Frantziako Tourra tropelean: euskaraz, doan eta sariekin

Tropela Elkartea. Uda badator eta berekin batera uztaileko proba nagusienetako bat: Frantziako Tourra. Hori dela-eta, Tropela Elkarteko kideak jo eta ke lanean dabiltza jada jende askorentzat ezaguna den tropela.net webgunea eta bertako lehiaketa izarra, Frantziako Tourreko lehiaketa, punttu-punttuan jartzeko. Aurtengoa 5. Tourra izango daTropelarentzat, eta urtez urte haziz doan proiektu honek urteroko gorakadarekin jarraitzen badu, 10.000 kidez osatutako Tropela izango dugu. Marka itzela euskara hutsean eta internet bidez jorratzen den proiektu honentzat.

2005etik orain arte
Tropela proiektua 2005eko martxoan hasi zen forma hartzen. Euskal Herrian askotan gertatzen den bezala, afaloste batean mahai baten inguruan ateratako gaiak jarraipena izan zuen. Helburu nagusia euskarari teknologia berrietan lekutxo bat gehiago egitea zen eta horretarako, aitzakia moduan txirrindularitza erabili eta Euskal Herrian apusturako edota jokorako dagoen grina aprobetxatu nahi genuen. Ideia zehaztu eta web aplikazioa garatzen genuen bitartean, inguruan harrera ona izaten ari zela konturatu ginen. Honela, aurreikuspen guztiak gaindituz, 2005eko Frantziako Tourrean 3.000 parte-hartzailetik gora izan genuen eta komunikabideetan ere espero baino oihartzun handiagoa izan zuen ekimenak. Arrakasta ikusita, eta erabiltzaileen eskariari men eginez, hurrengo itzuli handian ere lehiaketa jarri genuen abian, Espainiako Vueltan, alegia.
Hurrengo urtean lehiaketa kopurua igotzea izan zen aldaketa esanguratsuena, eta ordutik hona urtean 5 lehiaketa antolatzen ditu Tropelak: apirilean, Euskal Herriko Itzulia; maiatzean, Italiako Giroa; uztailean, Frantziako Tourra; irailean, Espainiako Vuelta; eta denboraldia amaitzeko, Munduko Txapelketa, egun bakarreko proba.
Iaz, marka guztiak hautsi genituen eta Frantziako Tourrean 8.000 parte-hartzailetik gora izan genuen. Euskal Herri osokoak , baita Espainiako Estatuko batzuk ere (uztailean euskara hutsezko webgunerik bisitatuenetakoa da). Denboraldia amaitzeko, Zestoako Bainuetxean sari-banaketa ekitaldia egin ohi dugu eta euskal txirrindulari batzuk sariak banatzen jarri ohi ditugu.

Nola hartu daiteke parte? Nola funtzionatzen du?

Tropelan parte hartzea oso erraza izateaz gain, doakoa da. Internet bidez soilik har daiteke parte, eta inoiz parte hartu ez duenak lehendabizi bere erabiltzailea sortu behar du. Horretarako, formulario sinple bat bete behar da, norbere datuak jarriz (izen-abizenak, herria, helbide elektronikoa). Erabiltzailea sortu ondoren, jada prest gaude gure kiniela egiteko. Beraz, Tropelak jartzen duen txirrindulari zerrendatik aukeratuz gure kiniela egingo dugu tokatzen den lehiaketarako. Pertsona bakoitzak erabiltzaile bakarra eta kiniela bakarra egin dezake, baina ziklistak pedalei eragiten hasi aurretik bakoitzak bere kiniela nahi adina aldiz aldatu ahal izango du. Lasterketako emaitzak aintzat hartuta, txirrindulariak puntuak metatuz joango dira puntuazio-sistema baten arabera eta, ondorioz, parte-hartzaileak ere bai. Beraz, etapa bat amaitu eta berehala, webgunean bertan lehiaketako sailkapen guztiak jartzen ditugu egunero. Informazio zehatzagoa webgunean bertan aurkituko duzue: http://www.tropela.net .
Parte hartzea doakoa da, baina horrek ez du esan nahi irabazleek saririk ez dutenik. Aurten ere sari ederrak ditugu, hala nola, Kanariar Irletara astebeteko bidaia, asteburupasak, sagardotegirako gonbidapenak, saskiak, ziklisten maillotak eta elastikoak, eta abar. Lasterketa aurrera joan ahala sariak gehituz joan ohi gara, babesle berriak hurbiltzen zaizkigun heinean. Horretaz gain, babesle batzuk beraien herriko lehendabizikoari saria emateko aukera dute. Iaz Zarauzko eta Zestoako lehenarentzat afariak banatu genituen, eta aurten Azkoitiko lehenak ere saria izango du. Ea beste babesleren bat animatzen den bere herriko irabazlearentzat saria jartzera publizitatearen truke. Iragarkia jartzeko leku egokia duzue tropela.net.

Arrakastaren giltza: tropeltxoak
Oso garbi daukagu doakoa izateaz gain, arrakastaren giltzarrietako bat tropeltxoak sortzeko aukera dela. Zer dira tropeltxoak, ordea? Tropeltxo hauen bidez jendeak ezagunen arteko lehiaketa mugatuak sor ditzake, tropeltxo bateko kideen sailkapen mugatua ikusteko aukera eskainiz. Honela, koadrilako lagunen artean, etxekoen artean edota lankideen artean beraien lehiaketatxoa antolatzen dute, beraien artean nahi dituzten sari edota apustuak eginez. Ohorea dago jokoan, ezta? Tropeltxo bateko kideek iruzkinak idazteko aukera ere badute eta jada 2.500 tropeltxotik gora sortu dituzte erabiltzaileek.
Lehiaketez aparte, Tropela.net webgunean txirrindularitzari buruzko bloga daukagu. Bertan, lasterketen jarraipena eta iritzi artikuluak argitaratu ohi ditugu, eta erabiltzaileei beraien iritzia emateko aukera eskaintzen diegu. Bestalde, euskal txirrindulariei jarraipen berezia egiten saiatzen gara eta beraiekin ere harreman estua daukagu. Aurtengo ezustekoa ere aurreratuko dugu: gauzak ondo badoaz, denboraldi amaieran Tropela sari banaketarekin batera kriterium txiki bat antolatzeko lanetan gabiltza, Tropela sari banaketarekin batera.
Elkartean norbaitek lagundu nahiko balu edo lanerako gogoz eta ideia berriekin badago, mesedez, jar dadila gurekin harremanetan, tropela@tropela.net helbidera mezu bat bidaliz. Beste edozein iradokizun egiteko ere helbide elektroniko bera erabili dezakezue. Tropela aurrera doa, euskaraz, baina aurrera. Tropelean Zarautz, Zumaia, Orio, Getaria eta Aiako erabiltzaile mordoska  dugu (1400 erabiltzaile). Zu oraindik ez? Animatu zaitez eta parte hartu!�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info