Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Eskuen zaintza pilota munduan

GIPUZKOAKO Pilota Federazioko teknikari eta hainbat pilotariren aholkulari Igor Gutierrezek eskuen zaintzari buruzko hitzaldia eman zuen maiatzean Zarautz Kirol Elkarteko egoitzan, ZKEko pilota atalak antolatuta. Xehetasunak ematen hasi aurretik, hitzaldia entzutera gerturatu ziren pilotazaleei, pilotari gazteei eta euren gurasoei  pilotan gauza asko hartu behar dela kontuan adierazi zien argi eta garbi. Izan ere, «pilotan jokatzea ez da frontoira joan eta pilotari ematea bakarrik, eskuak ere zaindu egin behar dira». Eskupilotako erreminta nagusia eskua da, zalantzarik gabe, eta askotan ez zaio behar adinako arretarik eskaintzen. Horretarako, ezinbestekoa da norbere eskuak nola osatuta dauden jakitea. Igor Gutierrez pilota teknikariak hiru zati bereizi zituen: bata, hezurrak eta kartilagoak; bigarrena, giharrak eta lokailuak; eta hirugarrena, odol hodiak (zainak eta arteriak). «Hiru atal horiek kontuan hartu behar dira pilotariaren eskua behar bezala osatzeko edo sendotzeko», zehaztu zuen honek.�
 
 
Eskuko arazoak
Eskuak ongi zaindu ezean, orokorrean bi arazo mota agertzen zaizkio pilotariari:
· Hezur, giltzadura eta zirkulazio arazoak: Pilotak eragindako kolpe txikien ondorioz sortzen da; hau da, mikrotraumatismoen ondorioz. Gehienetan hauek izaten dira lesio larrienak –batik bat, zirkulazio arazoak– eta errekuperazio nahiko konplexua dute.
· Esku-eskumuturretako giharren arazoak: Hipertonia eta atrofia arazoak izaten dira. Hipertonia giharretako gehiegizko tonua da eta atrofia, berriz, giharren gogorketa. Pilota jokoan mugimendu bera behin eta berriz errepikatzearen ondorioz, esku eta eskumuturreko giharrak uzkurtu egiten dira. Giharren luzaketa eta errekuperazio lan faltak ere eragiten du.
 
 
Prebentzio neurriak
· Eskuko eta besaurreko giharrak lantzea da prebentzio neurri garrantzitsuena. Giharrak sendotzeko makina bat ariketa dago; adibidez, pilota bigun bat hartuta eskua itxi eta irekitzea edo hatzekin banan-banan zanpatzea.
· Horrez gain, eskuak pilotarekin berotu behar dira, eskuko zirkulazioa aktibatzeko. Horretarako, 10-15 minutu inguru bi eskuekin txandaka pilota jotzen aritzea komeni da. Ondoren, eskuetako flexio eta luzapen giharrak landu behar dira.�
 
 
Babesak jartzerakoan
· Eskuetan mina ez hartzeko jartzen dira babesak.
· Lesioak saihesterakoan beste lesio berri bat ez sortzen saiatu behar da.
· Babesak jartzerakoan zirkulazioa kontuan hartu eta zaindu; izan ere, zirkulazio arazoak epe luzera agertzen dira eta sendatzea zaila da.
· Eskuaren flexioa bermatu behar da, nahiz eta babesa jarrita eduki.
· Eskuaren forma kontuan hartuta moztu behar dira takoak eta horiek espadradapoekin babestu behar dira. Hatzetan eraztun moduan; betiere izurrak edo pleguak utzita, zirkulazio arazorik ez izateko.
· Eskuan jarritako tako guztiak altuera antzekoa izan behar dute.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info