Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Iñigo Peña, piraguista: «Nire lehen urtean domina bat lortu nahi izatea gehiegi eskatzea litzateke!»

MAILA ABSOLUTURA jauzi egiteak errespetua sortzen du. Bertigo sentipenak kirolari gaztea gainditzen du maiz, eta askok perspektiba galtzen dute, seniorretan dagoen erritmoa jarraitu ezinik. Iñigo Peñari (Zumaia, 1990), ordea, ez zaio halakorik gertatu, alderantzizkoa baizik. Gezurra dirudien arren, maila bikaina ematen ari da seniorretan egiten ari den bere lehen denboraldian. Estropadaz estropada, gainera, emaitza hobeak lortzen ari da. Azken hilabeteetan, besteak beste, 3. eta 5. sailkatu da Trasona (Asturias, Espainia) urtegian jokatutako Espainiako Kopan, 500 metroko eta 1.000 metroko lasterketetan, K-1 modalitatean. Norabidea galdu gabe, nazioarteko txapelketetarako prestatzen ari da orain. Lehen hitzordua uztail hasieran izango du: Pescaran (Italia) jokatuko diren Mediterranear Jokoetan.

Seniorretako lehen urtea duzu aurtengoa. Uste baino aldaketa handiagoa izan al da?
Iaz junior mailako azken urtea egin nuen eta aurten, jada, maila absolutura egin dut jauzi. Egia esan, alde handia antzematen da. Nire adinekoekin lehiatzetik adin tarte zabalagoa hartzen duen maila batean nabil orain. Senior mailan, 18 eta 35 urte bitarteko piraguistekin lehiatu behar dut eta tartean, nola ez, Espainiako punta-puntakoekin nahiz kirolari olinpiarrekin.

Mementoz, ordea, denboraldia ondo doakizue.
Hasiera batean uste nuen gehiago kostako zitzaidala kategoria berrira egokitzea. Neguan martxa onean jardun dut entrenatzen eta, ondorioz, nahiko ongi moldatzen ari naiz. Gainera, espero baino emaitza hobeak lortu ditut. Ea martxa horretan jarraitzen dudan!

Eta bereziki zein modalitatetan entrenatzen ari zara?
Distantzia olinpiarretan nabil buru-belarri, 500 eta 1.000 metroetan. Izan ere, nire asmoa 2012an Londresen jokatuko diren Olinpiar Jokoetara iristea da, dela K-2an dela K-4an. Berdin dit bietako non, egia esan. K-4 modalitatean, esaterako, aukera gehiago dago. Horrexegatik, modalitate horretan gogor entrenatzen ari gara laukote bat, 2011n izango den Olinpiar Jokoetarako sailkatze proban aurkezteko.

Eta zergatik ez duzu bakarka prestatzea erabaki?
Oraindik oso gaztea naizelako. Mementoz, Espainiako estropadetan bakarrik hartuko dut parte bakarka, hau da, K-1ean.

Ekainaren hasieran, Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan (ekainaren 25a eta 26a) eta Mediterranear Jokoetan (uztailaren 2tik 5era) lehiatzeko txartelak lortu zenituen. Horiek jokatzeko prest al zaude?
Europako Txapelketa K-4an jokatzeko proposamena atzera bota dut, 200 metroko proba delako. Distantzia olinpiarra ez denez, ez zait interesatzen. Aurrerantzean, 1.000 metroko probak prestatu eta jokatu nahi ditut nazioartean. Aitzitik, Mediterranear Jokoetan parte hartuko dut; 1.000 metroko proba da, K-2 modalitatean. Duela bi urte junior mailako Munduko Txapelketan kide izan nuen Rodrigo Germade izango dut lagun oraingo honetan ere. Sasoi hartan laugarren bukatu genuen proba eta ea zer egiten dugun aurten.

Olinpiar Jokoak buruan dituzu, baina zein da denboraldiko zure helburu nagusia?

Abuztuan Kanadan izango den Munduko Txapelketan jokatu nahiko nuke, K-2an edo K-4an. Bertan, finaleko txandan parte hartzea da nire helburua. Domina bat lortu nahi izatea gehiegi eskatzea litzateke! Nire lehen urtea da seniorretan, eta finalera sailkatzea eta munduko piraguista onenen aurka lehiatzea nahikoa sari izango da niretzat. Mementoz, ordea, Mediterranear Jokoak ditut buruan. Izan ere, Joko horietan lortutako emaitzaren arabera erabakiko du Federazioak Munduko Txapeketan izango naizen, baita zein modalitatetan izango den ere.

Madrilen bizi zara une hauetan, Errendimendu Altuko Zentro batean. Gainera, oso gazte abiatu zinen hara, ezta?

Halaxe da. Hiru urte daramatzat Madrilen, Joaquin Blume Errendimendu Altuko Zentroan, Espainiako Federazioaren bekarekin. Horren gazte halako zentro batera joatea nahiko gogorra izan zen. Baina gurasoek asko animatu ninduten eta nik ere, egia esan, ilusio handia neukan. Lehen hilabeteetan bizitza berrira egokitzea kosta egin zitzaidan, baina behin martxa hartuta, gaur egun oso gustura nabil.

Nola sortu zen Zumaia utzi eta piraguismoan buru-belarri murgiltzeko ideia hura?

Kadete mailan nenbilela Espainiako Txapelketa irabazi nuen eta, handik gutxira, Espainiako Piraguismo Federazioak nigana jo zuen. Honek Espainiako selekzioarekin aipatutako zentroan kontzentratzeko proposamena egin zidan eta onartzea erabaki nuen.

Nola da zure eguneroko martxa zentroan? Eguna entrenatzen pasatzen al duzu?
Egunean bi entrenamendu saio egiten ditugu; bata, goizez eta bestea, berriz, arratsaldez. Kirola egiteaz gain, ikasten ere ari naiz. Batxilergoa eta selektibitatea Madrilen bertan gainditu nituen, eta orain Goi Mailako ikasketak egiten ari naiz. Ikasketak entrenamenduekin uztartzen ditut; hau da, 08:00etatik 11:00etara, klaseetara joaten naiz; 11:00etatik bazkalordura arte, entrenamendu saioa egiten dut; 15:00etatik 17:30era berriro eskolara itzultzen naiz; eta, ondoren, afalordura arte, bigarren entrenamendu saioa egiten dut. Egun osoa beteta izan ohi dut!

Erritmo horretan ez al zara nekatzen?
Nahiko gogorra da, bai. Asko zaindu behar duzu zeure burua, halako erritmo bat aurrera eramateko. Izan ere, entrenamendu saioak oso gogorrak dira eta hemen prestaketa oso garrantzitsua da. Eta Olinpiar Jokoetara iritsi nahi badugu, ezinbestekoa da horrelako ahalegina egitea.

Olinpiar Jokoetarako aurkeztuko zareten laukotea osatuta al dago? Behin betikoa al da?
Laukotea (K-4) osatuta dago, baina, printzipioz, aurtengo denboraldirako bakarrik. Datorren urtean taldeko piraguisten bat gaizki badabil edo ongi moldatzen ez bada, federazioak aldaketak egin ditzake. Mementoz, Kanadako Munduko Txapelketa joka dezakegun K-4 ontziko parte-hartzaileak nortzuk izango garen zehaztuta dago.

Oier Aizpuruak piraguismoa utzi zuen iaz, eta aurten zu hasi zara seniorretan. Errelebua hartu diozula dirudi!
Pena ikaragarria izan zen Oier Aizpuruak piraguismoa uztea. Egia esan, ez genuen espero! Guretzat, Itxas-Gain elkarteko kideontzat, betidanik izan da erreferentzia bat. Berak ere K-4 modalitatean jardun zuen urte askotan, ni egun prestatzen ari naizen bezala, Jokoetarako buru-belarri prestatzen. Alde horretatik begiratuta, bi zumaiar hor izatea handia bezain pozgarria da.

Hark, ordea, ez zuen lortu Olinpiar Jokoetara sailkatzea. Arantza hori zuk kentzea lortuko al duzu?
Segundo-hamarren bategatik ez zuten txartela lortu, baina tira… Ea nik zortea dudan eta Londresen lehiatzeko aukera dudan!

Aizpuruak sekulako palmaresa du; besteak beste, Munduko txapeldun izan da bost aldiz. Orain, haren faltan, zu zabiltza goi mailan. Hark utzitako hutsunea betetzeko presiorik nabaritzen al duzu?
Ez, ez dut presiorik! Aizpuruak lortutakoa handia izan zen, bai pistan bai maratoian, eta oso zaila da haren garaipenak berdintzea. Ni, nire aldetik, ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz, baina ez dut inolako pisurik sentitzen.
 Oso zaila da hark emandako mailara iristea. Ni konformatuko nintzateke Olinpiar Jokoetan parte hartzearekin.

Aizpuruaren oinordekoa izan ala ez, zuganako jakin-mina badago herrian.
Bai, lagunak eta herriko jendea beti dabiltza galdezka, ea zer-moduz nabilen edo zein txapelketa jokatuko dudan. Hori guztia eskertzekoa da, zalantzarik gabe. Jendeak niganako interesa izatea pozgarria da. Horrek guztiak asko animatzen nau. �
 
 
ITXAS-GAIN, HARROBI OPAROA 
Madrilgo Errendimendu Altuko Zentroan Espainiako selekzioarekin entrenatzen duen arren, Zumaiako Itxas-Gain piraguismo taldeko kirolaria da Iñigo Peña. «Nazioartean selekzioarekin jokatzen dut. Euskal Herrian eta Espainian egiten diren estropadetan, berriz, Itxas-Gainen elastikoarekin aritzen naiz. Orain arteko banakako proba guztietan ere etxeko taldearen izenean jokatu dut», adierazi du zumaiarrak.
Peña bezalako piraguistek Itxas-Gain harrobi paregabea dela erakutsi dute. Izan ere, hainbat lagunek hartu du parte azken urteotan Munduko Maratoi Txapelketetan, emaitza onak  lortuz: Oier Aizpurua, Xabier Osa, Maialen Velarde, Nere Lizeaga eta Vicente Royo, esaterako. Bestalde, Euskal Herriko eta Espainiako probetan ere emaitza bikainak lortzen dituzte Itxas-Gaineko kideek urtero-urtero. «Gazte asko dabil entrenatzen arratsaldero-arratsaldero, eta nik uste dut etorkizunean jende gehiago ere aterako dela. Zumaiako piraguismoak etorkizun oparoa duela iruditzen zait; izan ere, gero eta zaletasun handiagoa �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info