Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Euskara sasoian lau haizetara

EUSKARA SASOIAN programaren baitan, Urola Kostako Udal Elkarteak III. Laukirol Proba antolatu zuen ekainaren 6an. Aurtengo edizioak, ordea, hainbat aldaketa izan zuen. Aurreko urteetan ur kirolak landu zituzten Zumaian: igeriketa, surfa, arraunketa eta piraguismoa. Aurten, berriz, Zarautzera eraman zuten ekitaldia eta beste kirol mota batzuetan aritu ziren hondartzan, Desertu Txikian eta malekoian; hau da, futbola (5x5), eskubaloia (4x4), boleibola (4x4) eta saskibaloia (3x3). Berritasunak berritasun, parte-hartzaileak lagunartean eta jai giroan aritu ziren urtero bezalaxe eta, bide batez, kirola eginez euskara aldarrikatu zuten.
Urola Kostako hainbat kirol elkartetako zortzi taldek hartu zuten parte proban: Getariako Gaztetape Surf Elkartekoak; Orioko Futbol Taldekoak; Zarauzko Pekuak (Zarauzko Boleibol Taldeko kideak) eta Tebeopoteo (ZKEko eskubaloi taldeko kideak); eta Zumaiako Futbol Taldekoak eta Pulpo Kirol Elkarteko hiru taldek. Guztira, 75 lagun aritu ziren jokoan.
Lagunarteko kirol ekitaldia izan arren, lehia estua izan zen taldeen artean, inork ez baitu galtzea gustuko. Are gutxiago, sari kitzikagarriak daudenean. Lau probetako puntuazioa kontuan hartuta, Tebeopoteo talde zarauztarra izan zen txapeldun, 26 punturekin, eta Getariako Gaztetape Surf Elkarteko kideak txapeldunorde, 25 punturekin. Irabazleek bazkari bat lortu zuten Argiñano jatetxean eta bigarren sailkatuek, berriz, Kulixka jatetxean.
Kirolez kirol, proba bakoitzean honako taldeek neurtu zituzten indarrak finalean: futbolean, Gaztetape (irabazlea) eta Orioko Futbol Taldea; eskubaloian, Tebeopoteo (irabazlea) eta Pulpo A; boleibolean, Gaztetape (irabazlea)eta Pekuak; eta saskibaloian, Tebeopoteo (irabazlea)eta Pulpo A.

Kirol ekitaldiaren bukaeran, kirolariek indarberritzeko aukera izan zuten antolatzaileek prestatutako mokadutxoekin eta freskagarriekin. Bestalde, goiz guztian zehar, herri kiroletan oinarrituta haurrentzako jolasak izan ziren malekoian, Desertu Txikiaren ondoan.�

 

Kirol elkarteen konpromisoa  

Urola Kostako 36 kirol elkartek euskara erabiltzeko konpromisoa hartu dute Udal Elkartearekin. 

AIA, GETARIA, ORIO, Zarautz eta Zumaiako 36 kirol elkartek Euskara Sasoian egitasmoaren hitzarmena sinatu zuten ekainaren 2an, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Hitzarmenaren bitartez, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu zuten kirol elkarteek Udal Elkarteko eta euren Udaleko ordezkariekin. Sinadura ekitaldia Kepa Iribar kirol kazetari getariarrak bideratu zuen. Lehenik eta behin, Zarauzko Udaleko euskara batzordeburu Imanol Lasak hartu zuen hitza. Honek kirol elkarteak zoriondu zituen, euskararekiko hartutako konpromisoa txalotuz. Jarraian, saiora gonbidatu zuten Eibar Futbol Taldeko presidente Alex Aranzabalek euren elkartean garatzen ari diren euskara planaren berri eman zuen. Alor horretan, Eibar aitzindaria da kirol talde profesionalen artean. Euskara Eibar Futbol Taldeko izanaren zati dela adierazi zuen Aranzabalek, baita hainbat arlotan euskara normaltasunez erabiltzea lortu dutela ere. Horretarako lana gogotik egin behar dela azpimarratu zuen, «inposaketarik gabe, baina irizpideak garbi jarrita». Hitzaldiaren ostean, aipatutako kirol elkarteek hitzarmena sinatu zuten banan-banan. Aurten, 5 elkarte berri sartu dira: Orioko Areto Futbol Taldea eta Aldapa Txirrindulari Elkartea eta Zarauzko Balea Igeriketa Taldea, Zarauzko Triatloi Elkartea eta Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartea. Bestalde, 3 elkarte mikroplan zehatz bat lantzen ari dira une honetan: Orioko Arraun Elkartea, Zarautz Kirol Elkartea eta Zumaiako Pulpo Kirol Elkartea.� 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info