Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Kirolari nekazinak ibilbide amaigabean

HERRIKO BOST kirolari nekazinek jarri zuten lehen hazia.  80ko hamarkadaren erdialdea zen eta triatloi modernoa hasiberria zen Europan, eta aipatutako kirolariak Zarauzko Triatloi Elkartea sortzeaz gain, distantzia luzeko triatloi proba antolatzen hasi ziren. Triatloiak pixkanaka-pixkanaka beste kirol diziplinetako kirolariak erakarri zituen taldera, herrian beste kirolen pareko kirol bat finkatuz.
Bi hamarkada geroago, 50 kirolari pasatxok osatzen dute gaur egun Zarauzko Triatloi Elkartea; gehienak zarauztarrak izan arren, getariarrak eta zumaiarrak ere badira tartean. Taldekideen denboraldiko helburuak orotarikoak izaten direla adierazi du elkarteko batzordekide eta triatleta Zigor Saizarrek: «Batzuek sprint eta olinpiar distantziako triatloiak dituzte buruan. Askok, 20 inguruk, Zarauzko Triatloia. Aurten, gainera, Ironman distantziako proba jokatuko dute 9 taldekidek: 6 triatletek Austrian eta gainerakoek Lanzaroten, Brasilen eta New Yorken. Inoiz baino jende gehiago animatu da Ironman probarako!».
Saizarrek taldeko emakumezkoen maila nabarmendu nahi izan du: «Alde horretatik, Euskadiko talderik onenetakoa gara, proba askotan taldekako lehen sariak lortzen ari baikara. Kontuan izan behar da Ainhoa Murua triatleta olinpikoa gure artean dagoela eta horrek taldeari maila  handia ematen diola. Hala eta guztiz ere, ezin dira Miren Casado, Irati Etxaburu, Nerea Mujika, Amaia Mendoza, Miriam Urbieta eta gainontzekoak ahaztu».
Orokorrean, elkartearen helburu nagusienetako bat Zarauzko Triatloia antolatzea da. Aurten 23. aldiz antolatu dute eta urtero bezala, «ahalegin ikaragarria» eskatu du. Izan ere, «egun eta toki berean hiru kirol proba antolatzen ditugu: Getaria-Zarautz igeriketa trabesia, txirrindularitza etapa bat eta Behobia-Donostia bezalako korrika saioa».
Bestalde, elkartea babesten duen Codeam enpresak eskainita, urtero asteburu bateko egonaldia egiten dute taldekideek herritik kanpo; batzuetan, Errioxa aldean eta besteetan, berriz, Pirinioetan.

Errelebuaren txanda
19 urtez jarraian, elkartea sortu zuen boskoteak antolatu zuen Zarauzko Triatloia, Turismo Bulegoaren eta hainbat herritarren borondatezko laguntzarekin. Horrenbeste urte eta gero, hasierako antolatzaileak nekatzen hasita zeuden eta «azkenean txanda eskatu ziguten elkarteko kideoi». Azken finean, «gu ginen probak jarraipena izan zezan interes gehien genuenak. Izan ere,  ez zen zilegi Zarauzko Triatloi Elkarteko kideak triatloian parte hartzen jardun eta antolaketan batere ez laguntzea», azaldu du.
Duela 4 urte hartu zuen Zarauzko Triatloi Elkarteak Zarauzko Triatloia antolatzeko ardura: «Antolaketako gure lehen urtea zaila suertatu zitzaigun eta esperientzi faltaren ordaina jaso genuen. Baina hutsegiteetatik ikasiz, hobetzen ari gara urtez urte eta uste dugu kalitatez ere handitzen ari dela».

Sona handiko proba
Zarauzko Triatloiak sona handia du, bai Euskal Herrian bai Espainian. Arrakastaren arrazoi nagusietako bat tradizioari atxiki dakioke: 23. urtez antolatu da aurten eta dagoen zaharrenetakoa da. Horrekin batera, «ez dago ondo guk esatea, baina antolaketa ona duela esan ohi digute parte-hartzaileek. Ezin da ahaztu, bestalde, ibilbidea bera ere oso ederra dela».
Triatloi elkartearen iritziz, ikusleek emandako animoengatik eta lasterketan zehar sortzen den giroagatik du «horren ospe ona» Zarauzko Triatloiak. «Triatletak Zarauzko Kale Nagusia zeharkatzen duenean edo Aiako aldapa gogorretan jende-uholdea ikusten duenean, Frantziako Tourren bezala berari pasilloa eginez eta txaloka, oilo ipurdia jartzen zaio. Kirolaria heroi txiki bat sentitzen da memento horretan eta hori oso triatloi proba gutxitan gertatzen da». Eta aurten ere makina bat «heroi txikik» gozatu dute Zarauzko proba amaigabea.�
 
 
Zarauzko XXIII. Triatloia: Murua eta Llanos nagusi
ZAZPIGARREN aldiz Eneko Llanos gasteiztarrak irabazi zuen Zarauzko Triatloi Proba, joan den ekainaren 13an. Ibilbidea osatzeko 3 ordu eta 54 minutu behar izan zuen, eta ia lasterketa osoan buruan joan zen. Getariatik Zarautzerako itsas zeharkaldian aurreko multzoan lehorreratu ondoren, erritmo bizia jarri zuen bizikletan eta lasterketaren buruan jarri zen. Atzetik, Hektor Llanos anaiak gertutik jarraitu zion, baina korrikako saioan Enekok anaiarekiko zuen aldea areagotu egin zuen. Azkenean, lasaitasunez irabazi zuen Zarauzko XIII. Triatloia. Bigarren, Mikel Elgezabal izan zen, azken kilometroetan Hektor Llanosi aurrea hartu baitzion.

EMAKUMEZKOetan Ainhoa Murua zarauztarrak ez zuen aurkaririk izan lasterketa osoan zehar. Nahi izan zuen bezala irabazi zuen. Izan ere, igerian lehena iritsi zen Munoa plazara; bizikletan, gainerako guztiak oraindik eta atzerago utzi zituen; eta korrika, azkenik, zeukan denbora tartea nahikoa izan zuen garaipena lortzeko. Gisa honetan, etxeko proba irabazten duen hirugarren aldia du. Hasiera batean, Martina Dogana italiarra eta Ana Casares nafarra garaipena borrokatzeko moduan izango zirela pentsatzen zen, baina Muruak agerian utzi zuen benetan indartsu dagoela eta etxean, behintzat, irabaziko dionik ez dagoela.

500 TRIATLEtek hartu zuten parte aurtengo Zarauzko Triatloian, baina guztira 1.250 inguruk eman zuten izena; probaren bezperan 750 lagun zeuden itxaron zerrendan. Eskualdeko makina bat triatletek hartu zuten parte bertan; besteak beste, Codeam Zarauzko Triatloi Taldeko kide ugarik (Jose Manuel Martinez, Miren Casado, Igor Etxeberria, Gorka Olaskoaga eta Unai Gastañares, batzuen artean), Zumaiako Triatloi Taldeko zenbaitzuk (Iñaki Gabarain, esaterako) edo SVC Seguridad taldean dabiltzan triatleta zarauztarrak (Jon Unanue, Iñigo Eizagirre eta Jon Treku).�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info