Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Arraunean? Bai,baina tente!

SURFEKO TAULAREN gainean tente jarri eta arraunean jardun. Arraun surfak sekulako sona lortu du nazioartean oso epe laburrean. Hasieran gutxi batzuk praktikatzen zuten, baina gero eta jende gehiago ari da animatzen eta gaur egun asko dira surfeko aldaera hau egiten dutenak. Urola Kostan arraun surfa lantzen hasi zen lehenengotarikoa Ibon Amatriain surflari zarauztarra izan zen. Orain, Pukas surf etxearen birtatez, Euskal Herriko lehen arraun surf eskola jarri du abian Getariako Malkorbe hondartzan, surfa eta arrauna uztartzen dituen kirol modalitate berria ezagutzeko aukera izan dezan jendeak. Arraun surfa egiten hasi nahi duenak baldintza egokiak behar ditu eta «Malkorbe oso gune aproposa da horretarako», nabarmendu du Amatriainek: «Itsaso irekitik oso babestuta dago, baita ipar-mendebaldeko haize boladetatik ere. Itsasoa bare-bare dago beti». Surfa praktikatzeko ezaugarri fisiko eta tekniko jakin batzuk behar dira,  baina arraun surfean ez da horrenbesteko baldintzarik bete behar. Edonork praktika dezake, edozein adin tarteko pertsonek. Gainera, «taula gainean zutik jarri eta arraunean jardutea oso erraza da, dirudien baino errazagoa». Izan ere, arraun surfeko taulak surfeko ohiko taulak baino askoz ere handiagoak eta zabalagoak dira, eta ondorioz, egonkorragoak. Oro har, arraun surf eskolan kirol hau menderatzeko oinarrizko teknika irakasten da: besteak beste, arraun egiteko moduak, birak emateko xehetasunak eta taula gainean oreka galduz gero, nola erori behar den aholkuak. Gainera, hartu beharreko segurtasun neurrien berri ere ematen da: olatuen, itsas korronteen eta haize boladen aurrean zer egin behar den erakusten dute. Haizeari garrantzi berezia eskaintzen die: «Kirol hau zutik egiten denez, gorputzak bela funtzioa betetzen du eta haizeak askotan nahi ez duzun tokira eramaten zaitu». Bestalde, arraun surfeko ikastaroak emateaz gain, ikastaro berezi bat ere eskaintzen dute eskolan: arraun surf pilatesa. Uretan malgutasun ariketak egitea taula gainean, hain zuzen ere.

 

ONURAK
·Erlaxagarria: arraun surfak eguneroko errutinatik deskonektatzen laguntzen du. Amatriainen esanetan, «itsasertza atzean utzi eta itsasoan barneratzerakoan, atzean uzten duzu dena. Itsasoan paseo bat ematea oso erlaxagarria da; batik bat, San Anton mendiaren azpira edo Zarautz eta Getaria arteko badia aldera joan eta paisaiaz gozatzen badugu».
·Sasoian jartzeko aproposa: ariketa fisikoa egiteko egokia da arraun surfa, alor asko lantzen baita. Oreka mantentzeko hankekin indarra egin behar izaten du erabiltzaileak. Arraunean besoak eta bizkarra lantzen ditu, baita abdominalak ere. Jende askok sasoian jartzeko praktikatzen du.

 

MATERIALA
· Hiruzpalau metro inguruko luzera dute surf taulek. Praktikatzen den arraun surf motaren arabera, taula luzeagoa ala motzagoa izan daiteke: olatuak hartzeko taula motzagoak erabiltzen dira, maniobrak egiteko maneiagarria eta erabilgarria; trabesietarako, berriz, luzeagoak erabiltzen dira.
· Zabalerari dagokionez, 70 eta 80 zentimetro artekoak izaten dira taulak. Surfeko bi taulen lodiera dute, gutxi gorabehera.
· Arraun egiteko erabiltzen den arrauna norbere altuera baino 20-30 zentimentro luzeagoa izaten da. Landu nahi den arraun surf motaren arabera, luzeagoa edo motzagoa izan daiteke arraunaren neurria: olatuetarako motzagoa eta trabesietarako luzeagoa, maniobretan pertika efektua egin dezan.

 

MODALITATEAK
Hiru modalitate daude: olatuak hartzea, lasterketak eta trabesiak. Amatrianen ustez, trabesien edo paseoen modalitateak olatuak hartzeko modalitateak baino arrakasta gehiago izan dezake; izan ere, olatuak hartzeko egoera fisiko ona eduki behar da eta, batez ere, surf egiten jakitea. Trabesiak edonork egin ditzake eta ez du horrenbesteko zailtasunik: «Jakin badakigu lehen urtean kostatu egingo zaigula kirol hau hedatzea, baina bizpahiru urtera eskolak arrakasta izango duela uste dugu». Hiru modalitate horiez gain, arraun surf pilatesa ere badago eta Getariako eskolan ematen dute; nolabait, pilateseko malgutasun ariketak uretan taularen gainean egitean datza.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info