Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Kantauri Itsasoko izarren ligak

ARRAUN denboraldia pil-pilean jarri da. Hasi besterik ez da egin eta dagoeneko hamaika kolorez jantzi da Kantauri Itsasoa. Astea joan eta astea etorri, hango nahiz hemengo zaletuek ostadarra marraztu dute euren trainerua animatzeko. Hemendik aurrera, gainera, arraunaren sukarra aregotzen joango da. Izan ere, sailkapeneko postuak finkatzen hasiko dira eta abuztuko estropada jardunaldiak guztiz erabakigarriak izango dira zerrendan gorantz edo beherantz egiteko. Era berean, arraun elkarte guztiak Kontxako estropadara begira jarriko dira, nahiz eta irailerako hilabete pasatxo falta den. Pronostiko eta aurreikuspen horien artean, eskualdeko ontziek duten guztia ematen saiatuko dira, bakoitzak bere helburuak lortzeko.
Traineru Kluben Elkarteak antolatzen duen San Miguel Ligan azken urteetako ordezkari berak ditu Urola Kostak; hau da, Orio, Zarautz eta Zumaia. Oriotarrek hirugarren bukatu zuten iaz; Zarautzek txukun jardun zuen, 5. postuan sailkatuz; Zumaiak mailari eustea zuen helburu eta inolako arazorik gabe lortu zuen finkatutakoa, sailkapenaren erdialdean kokatuta. Funtsean, talde guztiek joan den urteko denboraldia errepikatu eta ahal duten neurrian hobetu nahi dute.
Gauzak ez dira errazak izango, ordea. Urdaibai, Castro, Hondarribia, San Pedro, Pedreña eta, oro har, arraun elkarte denek euren taldea indartzeko ahalegin berezia egin dute. Aurtengoa sekula izan den denboraldirik parekatuena eta borrokatuena izan daitekeela diote eskualdeko elkarteetako ordezkariek. Beraz, guztiek bat egiten dute. «Denak albokoaren hutsegiteen zain egongo dira, eta aurten hutsegiteak nahiko garesti ordainduko ditugu. Liga mamitu bitartean, zaila izango da aurtengo faboritoak nortzuk diren jakitea», dio Zarauzko entrenatzaile Kike Lopezek. Gainera, «egindako akatsek postu asko galdurarazi diezaguke aurten. Aspaldiko urtetako lehiakorrena izango da, zalantzarik gabe», azpimarratu du Orio Arraun Elkarteko presidente Igon Lertxundik. Ikuskizuna bermatuta dago!


Emakumezkoen liga
Arraun denboraldiko berrikuntza nabarmenena emakumezkoen Euskotren Liga da. Modu xumean bezain eraginkorrean abiarazi zuten iaz emakumezkoen arraunketa hainbat arraun elkartek. Estreinako urteak oihartzun nabarmena izan zuen, bai arraun munduan bai komunikabideetan. Emakumezkoek zegokien tokia eskatu eta maila onarekin erakutsiz defendatu zuten. Horren harira, azkenean selekzioka jokatuko den ligaxka bat antolatu dute aurten, nahiz eta ia-ia azken hilabetetan zeresan ugari eman duen, batik bat, parte-hartze sistemaren inguruan. Azken uneko aldaketak eta ondorengo zuzenketen ondoren, hasiera batean adostu zuten bezala jokatzen ari dira liga, selekzioka.
Galiziako, Kataluniako, Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioek hartuko dute parte Euskotren Ligaren estreinako edizioan. Hala eta guztiz ere, selekzio gisa jokatzen ari den bakarra Katalunia da. Gainerakoek taldeka osatu dute trainerua: Galiziako taldea Chapela, Cabo Da Cruz eta Meirako arraunlariek osatzen dute; Bizkaiko selekzioa, berriz, Arkoteko arraunlariek ordezkatzen dute; eta Gipuzkoako, berriz, honako hiru taldek ordezkatuko dute txandaka, bakoitzak ligako bina estropada jokatuz: Hondarribiak, Getaria-Tolosak eta Zumaiak; hiruek selekzioaren ontzia erabiliko dute ligan. Gipuzkoarrek Zarauzko Banderako estropada bikoitzean bakarrik jokatuko dute selekzio modura.
Eskualdeko neska arraunlariek Zumaia-Getaria sortu zuten iaz, baina aurten talde bakoitzak bere bideari ekin dio. Zumaiarrek trainerua osatzeko behar adina arraunlari zituztela eta, bakarka parte hartzea erabaki dute. Edonola ere, Ondarroako eta Donostiako bina arraunlari barneratu dituzte taldean, Getariak, bere aldetik, bidaide berria bilatu du: Tolosako Arraun Elkartea. Bi taldeak erdizka geratu zirenez, indarrak batu eta Getaria-Tolosa taldea sortu dute; tartean, gainera, Orioko zenbait arraunlari ere badaude. Euskotren Ligan Zumaia eta Getaria-Tolosa elkarren aurka lehiatzen ez diren arren, KAE mailako zenbait estropadatan ere jokatu eta jokatuko dute, eta horietan aurkari dira. Getaria-Tolosak, gainera, hainbat bandera irabazi du jada.


Gizonezkoen bigarren taldea
San Miguel Ligan ez ezik, Orioko eta Zumaiako arraun elkarteek gizonezkoen bigarren taldea uretaratu dute KAE mailan. Iaz osatutako denboraldi bikainaren ondorioz, Orio B-k mailaz igotzea lortu zuen eta aurten KAE A mailan jokatzen ari da. Zumaiarren bigarren taldeak lehen urtea du eta behe-beheko mailan ekin behar izan dio bere ibilbideari: KAE B multzoan. Zumaiako Arraun Elkarteko presidente Luis Mari Goikoetxearen hitzetan: «Seniorretara pasatu den arraunlari gazte ugari genuen elkartea. Horiek lehen taldean lekurik ez zuten, baina ez genien alde egiten utzi nahi. Beraz, bigarren taldea sortzea erabaki dugu. Izan ere, orain arte arraunean ibili eta gero tokirik ez dagoela esatea da errazena».
Orioko eta Zumaiako taldeen helburua arraunlari gazteei arraun egiteko aukera ematea da, horiek estropadak jokatuz eskarmentua jasotzen joan daitezen. «Nolabait esateko, arraunlariak formatzea da gure asmoa, biharko egunean lehen taldera igotzeko», nabarmendu du Igon Lertxundik.�

 

ORIO
TALDEA: Oriok bi traineru itsasoratu ditu aurten. Bata goiko mailan lehiatzen ari da, San Miguel Ligan, eta bestea, KAE Ligako lehen multzoan. Oinarrizko arraunlarien artean aldaketa garrantzitsuak izan ditu Orioko lehen traineruak: iaztik hona 5 arraunlarik utzi dute taldea; horietatik 3 titularrak ziren eta beste biak, berriz, erdi titularrak erdi ordezkoak. Hutsune horiek betetzeko, bigarren taldetik 3 arraunlari gazte igo dituzte eta «ezusteko atsegina» jaso dutela dio Orioko presidente Igon Lertxundik: «Iazko mailari eutsi diogu!». Bigarren taldeko aldaketa nabarmenena entrenatzaile postuan egon da: Patxi Frances Zierbenara egin du martxa eta haren tokia Iñigo Arrutik Txabolak hartu du.

HELBURUA:Kontxako Bandera eta San Miguel Liga irabaztea dira Orioko lehen taldearen helburu nagusiak. «Orio batentzat ezinbestekoa da horien bila joatea», nabarmendu du elkarteko presidenteak: «Guri, ordea, ilusio handiagoa egiten digu Kontxa irabaztea. Edonola ere, bata zein bestea guztiz bateragarriak izan daitezke». Gauzak txukun eta normal antzera eginez gero, finkatutako xedeak lortzeko aukerak izan ditzaketela uste dute oriotarrek. Bigarren taldearen xedeari dagokionez, denboraldia 4. eta 7. postuen artean bukatu nahi dute. Iaz KAE B multzotik KAE A multzora egin zuten jauzi, eta aurten  ahalik eta txukunen jardutearekin konformatzen dira.�

 

GETARIA
TALDEA: Getariako arraunlariek Tolosakoekin batu dituzte indarrak 2009ko arraun denboraldiari aurre egiteko. Iaz Zumaiako emakumezkoekin osatu zuten taldea, baina zumaiarrek trainerua euren kabuz ateratzea erabaki dute aurten. Ondorioz, taldea osatu ezinik geratu ziren eta beraien egoera berean zegoen Tolosa Arraun Elkarteko emakumeekin elkartu dira azkenean. Tripulazio berriak 20 arraunlari inguru ditu; Getariako eta Tolosako arraun elkarteetako arraunlariak dira ia guztiak, baina tartean Orioko zenbait ere badago. Entrenamendu saioak Getarian egiten dituzte, Jabier Etxabe eta Angel Larrañagaren esanetara, eta ligakoak ez diren estropadetan etxeko Esperantza ontzia erabiltzen ari dira.

HELBURUA:Jabier Etxabe entrenatzaileak jakitera eman duenez, iaz Zumaia-Getaria bezala egindako denboraldia hobetzea da talde berriaren asmoa: «Urtetik urtera esperientzia jasotzen joatea eta geure arraunketa maila garatzea dugu xede». Printzipioz, bide onetik abiatu dira, izan ere, KAE mailako lehen multzoan jokatutako Donostiako Kaiarriba eta Zumaiako Ambilamb banderak irabazi dituzte dagoeneko. «Mementoz, Kontxako estropadara ongi iristea da gure helburua», adierazi du Getaria-Tolosako entrenatzaileak. Honen esanetan, «guztion artean emakumezkoen arraunketa maila goratzea litzateke aurtengo denboraldiko helburu nagusia».�

 

ZARAUTZ
TALDEA: Aro berri bati hasiera eman dio Zarauzko Arraun Elkarteak. Sei urtez Jose Ramon Mendizabalen gidaritzapean jardun ondoren, arraun munduan eskarmentu handia duen Kike Lopez asturiarrak hartu du Enbata ontziaren lema. Entrenatzailearenarekin batera, beste 9 aurpegi berri gehitu dira Zarauzko taldera: erdia harrobitik igotako arraunlariak dira eta gainerakoak, berriz, beste talde batzuetatik etorritakoak. Arraunlari aldaketa nabarmena izan du beraz Zarautzek. Edonola ere, «Zarautzek talde lehiakorra dela erakutsi du aurreko entrenatzailearekin. Nire aldetik, uneoro zer egiten ari den garbi dakien talde bat bihurtu nahi dut. Horixe litzateke nire erronka», azaldu du entrenatzaile berriak.

HELBURUA:Zarauzko Arraun Elkarteari «gehien asebetetzen» dion helburua Kontxako Banderarako sailkatu eta bertako estropada jokatzea da. Lehentasuna Kontxari eman nahi diote, baina «inolako presiorik gabe». Oro har, denboraldi txukuna osatu nahi dute, estropadaren batean ezusteren bat emateko itxaropenez. Printzipioz, poliki-poliki ekin diote ligari: «Sasoi berri baten aurrean gaude eta oraindik zertxobait itxaron beharko dugu fruituak jasotzen hasteko», zehaztu du zarauztarren entrenatzaile berriak. «Jende gaztea eta prestatua dago klubean, baina kontuan izan behar da Zarauzko taldea garela eta gurean izarrik ez dagoela. Gurean emaitzak ez dira talde handietan bezala begiratzen».�

 

ZUMAIA
TALDEA: Historian lehen aldiz, Zumaiako Arraun elkarteak hiru traineru ditu aurten: gizonezkoen bi eta emakumezkoen bat, alegia. Hirukoa duen elkarte bakarra da, Hondarribiarekin batera. Gizonezkoen lehen taldeak ez du aldaketa handirik izan arraunlariei dagokienez; 4 hutsune izan dituzte, eta taldea indartze aldera, zenbait arraunlari etorri da eta etxeko gazte bat lehen taldera igo dute. «Aldaketa gutxiagorekin taldeak hobeto funtzionatzen du!», azpimarratu du Goikoetxeak. Emakumezkoek taldea euren kabuz ateratzeko gai izan dira, iaz Getariarekin osatu ondoren. Gizonezkoen bigarren taldea, berriz, jubeniletatik seniorretara jauzi egin duten arraunlariekin eratu dute.


HELBURUA:Zumaiako gizonezkoen lehen taldeak joan den urteko mailari eutsi eta ahal den neurrian hobetu nahiko luketela adierazi du Zumaiako Arraun Elkarteko presidente Luis Mari Goikoetxeak. Kontxara sailkatzea desiragarria den arren, oraindik urruti dagoela dio eta «ikusiko dugu noraino irits gaitezken». Emakumezkoen erronka nagusia, berriz, estropada guztietan aurrealdean sailkatzea da. Ilusio handiz ekin diote denboraldiari eta Joseba Aristi entrenatzailearen hitzetan, «egunez egun» joan nahi dute. Gizonezkoen bigarren taldearekin ez dute helburu jakinik finkatu. Azken finean, bigarren taldearen betebeharra goiko taldera jauzi egin ez duten arraunlariak trebatzea da.

 

EGUTEGIA:

Zumaiako ikurriña (San Miguel Liga / EuskoTren Liga). Abuztuaren 1ean, 18:30ean.

Zumaiako ikurriña (KAE Liga b multzoa). Abuztuaren 2an, 12:00etan.

Zarauzko ikurriña (San Miguel Liga / EuskoTren Liga). Abuztuaren 15ean, 17:30ean eta 16an, 11:30ean.

Orioko Bandera (San Miguel Liga). Abuztuaren 30ean, 12:00etan.

Kontxako Bandera.
irailaren 6an, 12:00etan. Lehenengo jardunaldia, Gizonezkoak.
irailaren 12an, arratsaldez. Sailkatze jardunaldia, Emakumezkoak.
irailaren 13an, 11:30ean. Bigarren jardunaldia, Emakumezkoak eta Gizonezkoak.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info