Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Jose Luis Korta, arraun entrenatzailea: «Oraindik Kontxan patroi gisa jokatzeko eta irabazteko itxaropena dut»

ORTZAIKA AUZOAN jaio zen Jose Luis Korta (Orio, 1949), Ortzaika baserrian bertan. «Gure baserriaren izena zen eta ondoren  hartu zuen auzoak izendapen hori. Gainerako auzokideak ez zirela Ortzaikakoak esaten zuen nire aitonak zeharo haserre», kontatzen du arraun entrenatzaile beteranoak. Auzoaren alde batean Oria ibaia zegoen eta beste aldean, berriz, errepidea. Gaur egun bezalaxe. Garai hartan, ordea, ia trafikorik ez zen izaten eta «uretan pasatzen genuen eguna, arrantzan». Ibaiaren ertzean bizi zenez, arraunlariak nola entrenatzen zuten begira aritzen ziren: «Urteko festa handiena Kontxako estropada izaten zen, gainera, eta hantxe joaten ginen guztiok Donostiara, mendiz edo autobus gainean». Beraz, argi zegoen arraunlari izateko jaioa zela, nahiz eta «txirrindularitzarako dohainak ere banituen». Bere abiapuntua Orio Arraun Elkartean hasi bazen ere, gaur egun Sestaoko Kaiku taldea gidatzen du. Edonola ere, bere aurreko taldearen hirian jarraitzen du bizitzen: Castro Urdialesen, alegia. «Hara eta hona ibiltzen naiz: Castron bizi, Sestaon entrenatu eta Berangon lo egin (alaba eta suhiaren etxean; izan ere, iloba eskolara eramaten du goizetan). Ijitoen moduan, munduan zehar bizi naiz».

Entrenatzailea, kirol zuzendari teknikoa…Zein da zehatz-mehatz zure eginkizuna Kaiku Arraun Elkartean?
Entrenatzailea naiz, horretarako fitxatu baininduten. Gaur egun, zuzendari teknikoa deitzen diote ba-tzuek, baina nik izendapen hori ez nuen sekula entzun arraun munduan; futbolean, ordea, bai. Arraunlari izatetik entrenatzaile postura pasatu nintzen bere garaian, eta hori izan da nire jauzi bakarra.

Entrenatzaile eta arraunlari izango al zara?
Ez, arraunlari gisa ez dut jardungo aurten, zeharo alfertuta bainabil. Iaz zertxobait ibili nintzen, baina aurten ez. Izan ere, gauza bat dela eta bestea dela, hemen beti dago lana eta ez dut asti handirik izaten. Noizean behin entrenatzen naiz arraunlariekin batera, baina aurten fisikoki ez nabil oso ongi. Adinean aurrera joatea baino gehiago, alfertu egin gara eta hori okerragoa da.
 
Bi urte geroago, arraun ligako lehen mailara itzuli zara. Pentsatzen dut goi-mailan lehiatzeko irrikitan izango zinela?

Hori zen gure nahia. Lehenengo urtean helburua lortzea zaila izan zen, denboraldia hasita zegoela etorri bainintzen taldera. Ahal genuena egin behar izan genuen orduan geneukan tripulazioarekin. Iaz, nire bigarren denboraldian, mailaz igotzeko gai izan ginen. Orain muga hor goian jarri dugu! Mailaz igotzea polita da, baina erortzeko ere arriskutsua. Edonola ere, ilusioz gainezka gaude.

Kaikuk urte dezente darama goiko ligan jokatu gabe, ezta?

Kaiku ez da inoiz TKEn izan, orain arte. Ni joan nintzenez geroztik, 1987tik hona, maila tristean aritu da. Batzuetan, gainera, ontzia atera ezinik. Ea orain primeran jarraitzen dugun!

Beraz, zaletuak pozez zoratzen egongo dira. Antzematen al da girorik Sestaon?

Bai, iaz jende dezente mugitu zen igoera faseko kanporaketetara. Sestaon ez ezik, Kaikuk jarraitzaile ugari du Bizkaian eta hori agerikoa da. Lehen «Aupa Korta!» agurtzen nindutenak, gainera, orain «Aupa Kaiku!» esaten didate. Kaikuk badu bere tradizioa Bizkaiko arraun arloan, urte askoan inguruko arraun elkarte bakarra izan baita. Ni arraunean hasi nintzenean, 1968an-edo, Kaikuk garaiko txapelketa guztietan jokatzen zuen, nahiz eta gero banderarik ez irabazi. Bizkaian Kaiku besterik ez zegoen, eta bizkaitar askorentzat oraindik ere Kaiku da euren lehen taldea. Gainera, ontziaren izena Bizkaitarra da eta uste dut bete-betean asmatu zutela izena jartzerakoan.

Zure itzulerarekin ikuskizuna itzuliko al da estropadetara?
Ez dakit. Jende asko dago nik zer esango eta zer egingo zain, ondoren tiro bat emateko. Eta niri tiro bat ematen badidate, haiek dominak edo galoiak irabazten dituzte. Norbaitek egurra ematen badit, goratu egiten dute hurrengo egunean. Baina, ondoren, edonork tranpa egiten badu, ez dute hari bidea mozteko adorerik.

Bi urtetan TKE ligara igo duzu Kaiku. Zein izan da zure sekretua?

Famili onekin elkartzea da nire sekretua. Joaten naizen tokira joaten naizela talde oso eta egonkor bat egiten saiatzen naiz, nahiz eta ondoren kolorez aldatzen dudanean egurtu egiten nauten. Egon naizen arraun elkarte guztiak goi-goian utzi ditut, baina meritu guztia ez da nirea bakarrik, elkarteko zuzendaritzarena, laguntzaileena eta, nola ez, arraunlariena ere bada. Bakarrik ez da ezer lortzen!

«Konbentzituta nago hiru urtetan onenen artean izango garela», adierazi zenuen Kaikurekin fitxatu zenuenean. Argi dago ez zenuela ilusio faltsurik saldu!
Helburua lortu ezean, sekulako porrota izango zen! Ez dakit zorte kontua den, baina jakin badakit, azken finean, lana gogor eginda lortzen direla emaitzak. Horretarako, proiektu serio bat behar duzu: arraunlariei ilusio edo pizgarri bat saldu behar diezu, baina hori saltzea ez da nahikoa. Entrenatzaileak arraunlariak bezainbeste egin behar du lan eta, era berean, finkatutako helburuak lortzeko gai direla erakutsi behar die.

Orain, onenen artean lehiatuko zarete. Kantauri Itsasoko traineru onena izatea al da zure erronka?

Aurten zaila izango da, baina estropada garrantzitsuren batean ezustea emango dugula iruditzen zait. Euskadiko Txapelketan edo Espainiako Txapelketan lehenengo hiru postuetan sailkatu nahiko genuke, baita Kontxako estropada jokatu ere. Hori lortuz gero, Kontxako bandera irabaztea izango da hurrengo urteko gure helburua. Liga irabaztea zailagoa izango da, arraunlari propioen eta ez propioen kontuak ez baitigu asko laguntzen.

Kaikuren urrezko garaiko protagonista izan zinen, 80ko hamarkadaren hasieran. Posible al da ordungoa errepikatzea? Hau da, Kaikuk bigarren loraldi bat ezagutzea?
Bai, gauzak ongi egiten baditugu posible litzateke. Horretarako lana gogotik egiteaz gain, laguntza handia beharko dugu, baina hori litzateke nire ardura eta erronka. Gainera, hori lortuko ez banu, porrot egin dudala irudituko litzaidake.

Baikor zaude alde horretatik?
Bai, bizitza honetan ikuspegi positiboa izan behar da. Talde bat eduki eta lana gogotik eginez gero, geure buruaren aurkariak gu geu baino ez gara. Aurten dena ongi egiten badugu, ligan ez genuke arazorik izan beharko. Jakin badakit gu baino talde indartsuagoak daudela ligan, baina Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan lan txukuna egiten badugu eta Kontxarako sailkatzen bagara, Kaiku hor dagoela erakutsiko dugu. Behin hor gaudenean, orduan hasiko gara helburu zehatzagoak finkatzen. Everestera 4. kanpamentutik igo behar da. Gaur egun, betik goraino bat-batean iristea ezinezkoa da.

Kaikuk Kontxako 4 bandera ditu eta zuk, guztira, 14 bandera. Zenbakiak elkarrekin biribiltzea ikaragarria izango litzateke, ezta?

Nola ez, polita izango litzateke, baina ez ezinezkoa; betiere, gauzak behar bezala egiten badira. Lehenik eta behin, taldea egonkortu nahiko nuke, estropadetan nabarmendu, eta nire arraunlariek edonor irabazteko gai direla pentsatzea, nahiz eta mementoz gu baino gehiago diren.

Zure ibilbidea eta garaipen sorta gainbegiratuz gero, ez dago zalantzarik arraunaren historia bizia zarela. Zuk nola ikusten duzu zeure burua?
Nik neronek ez dut modu horretan ikusten, inolaz ere. Jendeak nire bizipenak liburu batean kontatu beharko nituzkeela esaten dit, baina tira... Jakina, Kontxako 14 bandera lortzea ikaragarria da, baina gustatuko litzaidake Kontxako estropadan parte hartu dudan aldi guztiak zenbatzea: ohorezko txandan, bigarren txandan, sailkapenean... Guztira zenbat izan diren jakitea.

Zuk zeure burua horrela ikusi ez arren, ezin dezakezu ukatu arraunaren historiaren zati bat bazarela.

Bai, izan ditudan eztabaidengatik izango da! Nik baino zigor gehiago jaso duenik ez da izango arraun munduan, ezta beste edozein kiroletan ere. Beti gauza bat esan dudalako edo bestea esan dudalako, beti polemika sortzen da. Esan dudan bezala, ni egurtzeko zain daude, ondoren izartxoak jartzeko.

Jarraitzaile asko duzu, baina baita begien aurrean ikusi nahi ez zaituenik ere. Zure izaera polemikoaren fruitu dela uste al duzu?

Askotan inolako beldurrik gabe hitz egiten dut, gauzak aurrez aurre esanez, eta horrek min egiten die. Baina, azkenean, berdin dio: istorio honetan nor da zintzoa eta nor gaiztoa? Kolore bat defendatzen duzunean, denak zure lagunak dira, baina elastikoz aldatzen baduzu, lagunak zenituen horiek bizkarra ematen dizute. Beraz, zalantza izaten dut ea bietako nork jokatzen duen zuzen. Niretzat inportanteena ohera joan eta inori kalterik ez diodala egin jakitea da. Hitz txarren bat edo beste egingo nion norbaiti, baina nork ez du hitz txarrik eduki inoiz? Okerrena isil-isil aritzen direnak izaten dira. Zalaparta asko ateratzen dugunok kalte gutxi egiten dugu azkenean. Bestalde, komunikabideak ere ea noiz protestaka hasiko naizen itxaroten egoten dira. Benetan gertatzen dena kontatu beharrean, epaile lanak egiten dituzte, nire lepoaren bila. Azken finean, hori izaten da-eta saltzen dena! Lagunak behar dituzu, bai, baina aurkariek erne egoten laguntzen dizute. Ustez lagunak nituen horiek egin didate niri min gehien.

Polemikak albo batera utzita, arraunketako Midas erregea zarela esan daiteke. Izan ere, entrenatu dituzun elkarte guztiak urrezko bihurtu dituzu (Orio, Castro, Lasarte eta Kaiku bera). Alde horretatik, taldeentzako berme bat zara!
Zortea edo izango da! Arrauna odolean daramat eta gauzak ongi egitea gustatzen zait. Nire lan egiteko modua da. Lehen, lehen lerroan joaten nintzen arraunlariekin, nahiz eta taldeko entrenatzailea izan. Orain, atzeguardiatik jarraitzen ditut estropadak eta, egia esan, gehiago kostatzen zait. Lehen arazoak barrutik ikusi eta konpontzen nituen, baina orain, zahartu egin garelako edo, kanpotik egin behar izaten dut lan hori eta zailagoa da, nahiz eta pinganilloak eta halako aparatuak dauden. Lehorretik gauzak ez dira argi ikusten eta horrela ez dago patroiari aginduak behar bezala ematerik. Gainera, egun traineruetan ez dago patroirik, lemazainak baizik!

Beraz, ontziko kapitainak barruan joan beharko luke?
Zalantzarik gabe, kapitainak ontzian joan behar du. Indioak joaten ziren bezala, nagusiak ontzi gainean eta aurrealdean joan behar du, nahiz eta bera izan agintari eta soinean luma gehien eraman.

Urte hauetan guztietan lortutakoa lortu ondoren, eskaintza ugari jasoko duzu urtero-urtero, ezta?
Ez, ez dut eskaintza askorik izaten. Urte bat izan nuen hainbat elkarte nigatik interesatu zena. Urte sabatikoa hartuko nuela iragarri nuen Castrotik bidali nindutenean eta plan ugari egiteko itxaropena izan nuen. Besteak beste, arraunean trabesiak egin nahi nituen, eta bakar bat ere egin nuen, Ness lakuan. Baina berehala arraun elkarteen deiak jasotzen hasi nintzen. Aurrena, Galiziako Chapela elkartekoek laguntza eskatu zidaten eta hasieran haiekin konprometitu nintzen; gero, Bilbao Ria 2000 izeneko proiektuan parte hartzeko proposamena egin zidaten; Isuntzari laguntzen ere hasi nintzen... Lekeitiarrekin hitza eman eta berehala, Kaikuko presidente Jose Manuel Monjeren deia jaso nuen eta haien proiektua gehiago gustatu zitzaidanez, Kaikun geratzea erabaki nuen. Beraz, urte sabatikoa hartuko nuela esan eta denak nigana etorri ziren.

Eta Orio Arraun Elkartea ez al da zurekin harremanetan jarri azken urte hauetan?
Ez. Gainera, oso zaila da. Nirekin berriro harremanetan jartzeko oso gaizki egon behar dute. Inon lana gogor egin badut Orioko nire bigarren garaian izan zen. Izan ere, garai hartan traineruak ahaztuta zeuden Orion eta gehienak aulki mugikorrean buru-belarri zebiltzan, eta afizioa berriz berritzeko gai izan ginen, gazteekin batelak eta trainerillak landuz. Erdi-bromatan 5 urtetan 100 bandera irabaziko genituela aurreratu nuen eta zuzendaritzako kide batek mesfidati begiratu ninduen, eta azkenean ehun eta bat bandera irabazi genituen. Nolanahi ere, sekulako berritua eman genion klubari.

Gustatuko al litzaizuke zure ibilbidea etxean bukatzea, erretiroa horiz jantzita hartzea?
Ni neroni oriotarra sentitzen naiz eta, zalantzarik gabe, asko gustatuko litzaidake noizbait Oriora itzultzea. Nori ez litzaioke gustatuko Orion jokatzeko aukera izatea? Orion badakizu garaipenak bermatuta dituzula. Lana erruz egin beharko duzu eta jendeak luparekin aztertuko du zure lana, baina urre-mehatzeetan urrea topatzen da. Kosta egingo zaizu, baina dinamita botata lortuko duzu. Posible? Gaur egun dena da posible arraun munduan, baina nik jada 60 urte ditut.

Erretiroan pentsatzen ari al zara, hala?
Ez, mementoz ez dut horretan pentsatzen. Kontxako estropada batean patroi joango naizen itxaropena dut oraindik, baldin eta goikoak osasuna ematen badit.

Patroi jokatu eta irabazi al diozu?
Baliteke, bai. Gaur egun, ordea, ni baino hobeak diren patroi gazteak daude ligan. Horiek 60 kilo eskas dituzte eta itsaso onarekin ni baino hobeto eramaten dute trainerua. Baina itsaso txarrarekin edozein patroi gaztek bezain ongi gidatu dezaket trainerua oraindik ere.

Arraun munduko lorpenetan, zerbait gelditu al zaizu zintzilik? Hau da, estropadaren bat edo banderaren bat.
Maila pertsonalean, nire arraunlari ibilbidea goiz samar eten nuela iruditzen zait. 1976az geroztik, entrenatzaile gisa hasi nintzenetik, hainbat Munduko Txapelketa eta Olinpiar Joko galdu nituen arraunketa olinpikoan, aulki mugikorrean. Garaiko arraun klubekin konpromisoak nituenez, ezin izan nuen nazioarteko txapelketa horietan buru-belarri jarri. Gainera, Jokoak abuztu bukaeran eta iraila hasieran izaten dira, Kontxako estropada jokatzen den data inguruan, eta ezinezkoa zen hemendik alde egitea.

Domina olinpiar bat falta zaizu garaipen zerrenda osatzeko, beraz.
Moskuko Olinpiar Jokoetan hartu nuen parte, 1980an, data aldetik lehenago jokatu zelako, baina Municheko, Montrealeko eta Los Angeleseko Jokoetara ezin izan nuen joan, nahiz eta Espainiako selekzioak nik parte hartzea nahi zuen. Zerbait lortzea falta baldin bazait horixe da, domina olinpiko bat. Izan ere, Moskun zazpigarren amaitu genuen lauko modalitatean. Hala eta guztiz ere, Olinpiar Jokoetan lortu ez nituen garaipenak beste toki batzuetan lortu ditut.�
 
TELEBISTAREN KONKISTATZAILEA
Aurten ere ETB 2 telebista kateko El conquistador del fin del mundo lehiaketan hartu du parte Jose Luis Kortak, Joanito Oiartzabal mendizalea lagun zuela. Patagoniako biziraupen-saioa «oso deigarria» egiten zaiola eta oso gustura aritzen dela azpimarratu du Kortak: «Etxean sartuta eduki duten haur bat kalera ateratzen dutenean bezala sentitzen naiz: zeharo libre». Batzuetan lehiakideekin haserretzen dela dio, baina «nire umeak balira bezala hartzen ditut. Azken finean, kapitain ardura dut saioan». Oro har, Argentinan egiten duen egonaldian ikaragarri ongi pasatzen duela adierazi du oriotarrak.
Lehiaketan zehar «ahaztu egiten naiz» kamerak aurrean dituela, eta «naizen bezala agertzen naiz, natural, egunero naizen bezalaxe. Gainera, kamera grabatzen ari dela gogoratzen garenean zintzo agertu beharrean, orduan eta okerrago jarduten gara».
Kortaren iritziz, telebistako agerraldiek ez dute zertan bere arraun ibilbidea lokaztu behar. Azken finean, «kontra dauzkazunak jarrera berarekin jarraituko dute. Askotan nire aurka hitz egiten duten horiek inbidia didatelako aritzen da. Euskal Herrian dugun gaitzik handienetakoa da inbidia».
Patagoniako esperientziak gauza askoz konturatzeko balio izan dio Kaikuko entrenatzaileari: «Lehiaketan nagoenean ohartzen naiz zenbat gauza ditugun hemen sobera. Hemen, berriz, hozkailua zabaldu eta hutsa dagoela iruditzen zaigu. Horretaz ohartzeko horrelako abentura bat bizi egin behar da».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info