Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Mendiko bizikletaren pedalkada irmoak

MENDIKO bizikletekin egindako irteera batean piztu zitzaien BTT taldea sortzeko gogoa eta ilusioa. «Duela urtebete Mikel Eizagirre, Juan Antonio Esnal eta hiruok Demanda aldera (Errioxa, Espainia) joan ginen bizikletan ibiltzera», kontatzen du Zarautz BTT-Pagoeta taldeko arduradunetako bat den Oskar Uyarrak: «Esnalek harremana zeukan Pagoeta Mendi Elkarteko kideekin eta haien bitartez zerbait egin genezakeela bota zuen. Hark enbidoa jo eta pixkanaka-pixkanaka ideia mamitu egin genuen». Pizgarriari heldu eta trabesietan elkartzen zen koadrilak abian jartzea erabaki zuen joan den irailean.
Hasiera hartan, kide bakoitza bere elastikoarekin joaten zen irteeretara eta «talde bezala identifikatuko gintuen elastiko bat ateratzea primerakoa izango zela pentsatu genuen». Pentsatu eta ekin. Modu xumean abiatu zen ekimenak ezuste ikaragarria eman zien, gainera; izan ere, espero baino jende gehiagok eskatu zuen Zarautz BTT-Pagoetaren maillota. Uyarraren hitzetan, «20 lagun inguruk eskatuko zutela pentsatzen genuen, baina gure asmoa ahoz aho zabaldu zen eta zur eta lur geratu ginen eskaria ia 100 lagunek egin zutela konturatu ginenean. Izandako erantzunak taldearekin jarraitzeko indarra eman zigun!».

Bazkidetzak zehazten
Zarautz BTT-Pagoetak mementoz ez du bazkidetza konpromisorik. «Ehun jantzi saldu ditugun arren, horrek ez du esan nahi taldea ehun kidez osatuta dagoenik», nabarmendu nahi izan du Uyarrak: «Gure lehen urtea da eta, oraindik orain, ez dugu bazkide kopuru zehatzik. Datorren urteari begira bazkidetza kanpaina jarri nahi dugu abian, baina xehetasunak oraindik zehazteko ditugu». Askok taldeko jantzien eskaera posta elektronikoz egin zutenez, mementoz, taldeko berriak helarazten dizkiete.
Hilean behin maila guztietara bideratutako irteera bat egiten dute. Irteera horietan ibilbide luzea (35-40 kilometro) edo motza (15-20 kilometro) egiteko aukera ematen diote parte-hartzaileari, inguru berdinean. Oro har, dozena bat lagun elkartzen direla jakitera eman dute, baina «eguraldi ona egin duenean 30 inguruk eman izan dute izena».
«Irteerak irekiak izanagatik, jendearen artean oso azkar joaten garela zabaldu da. Batzuk ibilitakoak gara, bai, baina irteerak antolatzen ditugunean erritmo ezberdinak finkatzen ditugu; hau da, 2 ordutan egiten dugun ibilbide bat 4 ordutara luzatzen dugu. Guztion erritmoak kontuan hartu eta errespetatzen ditugu, ibilbidea taldean osatzea baita gure nahia», zehaztu du Zarauzko BTT taldeko kideak.

Finkatutako helburuak
Taldea egonkortzeaz gain, pixkanaka herrian ezagutarazten ari dira hilabete hauetan. Horretarako, hasiera-hasieratik finkatutako hainbat helburu zintzo-zintzo betetzen ari dira. Alde batetik, taldea identifikatzen duen arropa kaleratu dute eta bestetik, jendea taldera erakartzen ari dira, besteak beste, irteerak antolatuz. Aipatutakoez gain, uztailaren erdialdean Zarauzko I. BTT Jaitsiera eta Trabesia antolatu zituzten.
«Hasieran, trabesia bakarrik antolatzea zen gure asmoa, baina jakin bagenekien duela bi urtetik mendiko bizikletarekin jaitsieretan ibiltzen zen lagun talde bat zegoela Zarautzen eta haiekin harremanetan jarrita, jaitsiera ere antolatzea erabaki genuen», azaldu du Uyarrak. BTT jaitsieretan jarduten duen kideetako bat Daniel Azpitarte da: «Saiatu izan gara halako ekitaldi bat antolatzen, baina orain arte ezin izan dugu lortu. Pagoetakoak trabesia egitekoak zirela jakin genuenean, eurekin harremanetan jarri ginen eta jaitsiera antolatzeko aukera izan dugu».

BTT Zentroa eskualdean
Etorkizunari begira, BTT Zentro bat sortu nahi dutela aurreratu du BTT-Pagoetako kideak: «Lehen pausoak ematen hasiak gara jada, Zarauzko Udaleko Turismo zinegotzi Imanol Lasarekin. Orain gutxi taldearen urteko memoria eta gure zonaldeko ibilbide batzuk zehazteko eskatu dizkigute. Zumaiaraino jada finkatuta dago, Debabarrenako Zentroak egina, eta gure asmoa Zumaiatik Usurbil alderaino ibilbide ezberdinak zehaztea da, eskualde osoa hartuz. Zentroak Zarautzen izango luke egoitza eta bertatik ibilbide ugari aterako lirateke. Hemendik bizpairu urtera martxan egotea espero dugu».�
 
 
Mendiko Bizikletaren Festa: Jaitsiera eta trabesia, lehen aldiz
MENDIKO Bizikletaren I. Festaren baitan, BTT jaitsiera eta trabesia kirol proba arrakastatsuak antolatu zituen Zarautz BTT-Pagoeta taldeak. Uztailaren 11n eta 12an, Zarauzko I. BTT Jaitisiera jokatu zen Torreoi inguruan. Copa DH Extrem Norte zirkuituko seigarren proba izan zen eta, guztira, Euskal Herriko nahiz Kantabriako 51 txirrindularik hartu zuten parte. Jaitsierako bizkorrena Ivan Blanco izan zen.

ZARAUZKO lau txirrindularik hartu zuten parte Zarauzko I. BTT Jaitsieran: Jaime Rochasek, Daniel Azpitartek, Unai Insaustik eta Iñigo Lazkanok. Rochas Elite mailako garaile izan zen; Insausti eta Azpitarte, berriz, 3. eta 4. izan ziren junior mailan; Lazkanok, azkenik, 4. postua lortu zuen infantil mailan. Aipatutako laukotea jaitsieretan jarduten duen taldetxoko kideak dira eta, nolabait, Zarauzko BTT-Pagoetarekin elkarlanean, ekitaldi hau antolatzen aritu direnak. Taldetxo honek oso ongi ezagutzen ditu Santa Barbarako eta Vista Alegreko inguruak, bertan ibiltzen baita BTTko modalitate hori praktikatzen.

BTT TRABESIA Pagoetako parke naturalean barrena egin zuten, uztailaren 19an. Lizardi Institutu paretik irtenda, bi ibilbide egiteko aukera izan zuten parte-hartzaileek: bat 25 kilometrokoa eta bestea 42 kilometrokoa. Bakoitzak bere neurriko irteera egin ahal izan zuen. «Lehenengoa izanda, argi geneukan Pagoetako igoera izan behar zuela. Beharbada, zarauztarrontzat ezaguna da, baina kanpotik zetozenei gure ingurua erakutsi behar genien», adierazi du Oskar Uyarrak. Gainera, jarraikotarsuna eman nahi diote probari: «Datozen urtetan ibilbidea aldatuko dugun ala ez erabakitzeko dugu, baina ardatza Pagoetara igotzea izan liteke, bertaratzeko modu asko baitago».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info