Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Uda, aisialdiaren urtaroa!

IKASTURTEAN ZEHAR gogotik lan egin ondoren, iritsi da opor egunak gozatzeko garaia. Iritsi da uda! Iritsi da aisialdiaren urtaroa! Gustuko dituzuen kirol jarduerak praktikatzeko denbora soberan duzuela, unea aprobetxatu beharra dago. Zer da gehien gustatzen zaizuena edo probatzea gustatuko litzaizuekena? Norbere herrian edo inguruko edozein herritan kolore guztietako eskaintzak egin dituzte uztailerako eta abuzturako. Ziur zuek ere animatu zaretela!
Txikienak makina bat kirol jarduera eta jolas egin dute tokian tokiko udaleku irekietan. Gaztetxoek, berriz, udaletatik edo kirol elkarteetatik bideratu dituzten kirol ikastaroetan edo kirol udalekuetan eman dute izena. Landu ahal izan dituzten kirolak bi motatakoak izan dira: alde batetik, lehorrekoak eta bestetik, uretakoak. Lehorrekoen artean futbola, frontenisa, pilota, saskibaloia, tenisa edo patinajea zeuden. Uretakoan, berriz, surfa, arraunketa, piraguismoa, igeriketa edo bela.
Kirol mota horiek guztiak ezagutzeko eta probatzeko aukera izateaz gain, lagunartean ongi pasatzeko aitzakia ezin hobea izan dute. Baita lagun berriak egiteko ere. Beharbada, zurekin bat datorren kirola bilatu duzu. Nahiz eta ikastaro eta udaleku gehienak uztailean zehar egin dituzten, abuztuan ere izango da eskaintzarik. Hona hemen, herriz herri izan diren ikastaroak eta datorren hilabetean praktikatu daitezken kirol jarduerak. Noren zain zaude! Animatu zaitez!�
 
 
AIA: Zaldi gainean ibiltzeko aukera
Igeriketa, tenisa eta patinajeaz gain, hipikako ikastaroa antolatu du Kultur Etxeak uztailean zehar.


Aiako Kultur Etxeko arduradunek bideratuta, lau kirol mota lantzeko aukera izan dute 8 eta 12 urte bitarteko herriko gaztetxoek: tenisa, igeriketa, hipika eta patinajea. Urtero ikastaro berri bat proposatzen dute eta aurten hipika izan da; Ibarrola Behekoa baserrian eman dute. Hain zuzen ere, zaldian ibiltzeko jarduerak izan du arrakasta gehien, 22 lagun animatu baitira. Igeriketan 19 lagun aritu dira; tenisean 15 lagun; eta patinajean, berriz, 7 lagun. Lau kirol horien ikastaroak uztailean zehar eman dituzte, arratsaldez, eta abuztuan ez da ikastarorik izango.� 
 
 
GETARIA: Frontoi aurrean teniseko erraketekin!
Ikastaroari txapelketa izaera eman diote eta finalak salbatoreetan jokatuko dituzte.
 
Getariako Udalak  udaz gozatzeko eskaintza zabala egin du aurtengoan ere: piraguismoa, bela, surfa, igeriketa, ur azpiko jarduerak... Aukera berritzaileena arraun surfa izan da. Hala eta guztiz ere, arrakasta gehien frontenis ikastaroak izan du, guztira 6 eta 13 urte bitarteko 65  neska-mutilek eman baitute izena. Herriko frontoian eta kiroldegiko  frontoian jardun dute jokatzen egunero-egunero. Ikastaroak txapelketa izaera izan du eta finalak Salbatore jaietan jokatuko dituzte, abuztuan. 
 
 
ORIO: Inoiz izan duen parte-hartze handiena
Jende ugari animatu da Karela kiroldegiak gidatu dituen ikastaroetan parte-hartzera; aurten saskibaloia eta hip-hop dantza lantzeko aukera eman dute lehen aldiz.
 
Uda sasoirako kirol eskaintza zabala egin du Oriok, Karela kiroldegiaren bitartez. Antolatzaileek adierazi dutenez, arrakasta ikarragarria izan dute ikastaroek: «Ez genuen horrenbeste jende espero. Iaz baino gehiagok eman du izena, gainera». Egia esan, zenbait kiroletan talde gehiago osatu behar izan dute; esaterako, futboleko jolasetan, igeriketan eta tenisean. Futbolean 40 eta 35 lagunez osatutako bi talde egin dituzte eta tenisean, berriz, uztailetik abuztura bitarteko bizpairu talde hamabostaldi bakoitzean; talde bakoitzean 20 kidek hartzen dute parte.
Bestalde, igeriketan, hipikan eta surfean ia talde guztiak bete dira. Piraguismoa eta arrauna uztartzen dituen ikastaroan 58 lagunek hartu dute parte; lehen hamabostaldian 32 lagunek eta bigarrenean 26 lagunek. Hondartzako jolasetan 40 lagun inguru aritu dira; besteak beste, hondartzako boleibolean, malabaretan edota frisbee diskoarekin. Aurten bi ikastaro berri jarri dituzte abian: saskibaloia eta hip-hop dantza. Saskibaloia uztailaren 29tik abuztuaren 12ra izango da eta, gutxi gorabehera, 25 herritarrek eman dute izena. Hip-hop dantzetan 10 laguneko 2 taldek jardun dute hileko lehen hamabostaldian. Abuztuan zehar surfa, saskibaloia, igeriketa eta tenisa lantzeko aukera izango dela jakitera eman dute Karela kiroldegiko arduradunek. Beraz, animatu eta galdetu kiroldegian!
 
 
ZARAUTZ: Kirol udalekuak, kirolaz gehiago gozatzeko egitasmoak
Saskibaloia, futbola eta ingelesa lantzen ditu udaleku batek; besteak, berriz, eskubaloia eta pilota.
 
Aisialdia eta kirola uztartuz, Zarauzko Kirol Elkarteak bi kirol udaleku antolatu ditu uda garairako. Alde batetik, ZKEko saskibaloi eta futbol atalek Jolasti udalekuak jarri dute abian, Zarauzko Kirol Patronatuarekin A&E hizkuntz akademiaren laguntzarekin. Bertan, bi udaleku mota bereiztu dituzte: bata, saskibaloian eta futbolean trebatzekoa eta beste, ingelesa eta kirola uztartzen dituena. Guztira, 200 lagunetik gora jardun dute uztailean zehar; Jolasti udalekuetako azken txanda abuztuan egingo dute. Saskibaloi-futboleko ariketak Aritzbatalden, Astin eta hondartzan egiten aritu dira, eta astean behin txango bat egin dute. Ingelesa-kirolean, berriz, ordu eta erdi ingelesa ikasten jardun dute eta hurrengo ordu eta erdian kirol jokoak egin dituzte egunero.
Bestetik, ZKEko eskubaloi eta pilota atalek eskubaloi-pilota udalekuak antolatu dituzte uztailean zehar. Azken horretan 50 gazte inguruk hartu du parte. Horiek Antonianoko kiroldegian jardun dute eskubaloiko eta pilotako ariketak egiten.�
 
 
ZUMAIA: Uretan edota lehorrean, ondo pasatzea da gakoa!
Arraunketan, piraguismoan, surfean nahiz bodyboardean, mendiko bizikletan eta golfean jarduteko aukera izan dute zumaiarrek.
 
Itsas Kiroldegiak  bideratuta, arraunketako, piraguismoko, surf nahiz bodyboardeko, golfeko eta mendiko bizikletako ikastaroak egiteko aukera izan dute herriko haurrek eta gazteek uztailean zehar. Mendiko bizikleta eta arraunketa izan ezik, gainerakoak praktikatzeko aukera izango da abuztuan ere. Uztailaren 6an hasi ziren ikastaroak ematen eta, oro har, jende dezente animatu da eta inolako arazorik gabe bete dira taldeak. Arraunketan eta piraguismoan, esaterako, talde ugari aritu da hileko lehen hamabostaldian. Aurten, estreinakoz golfa txertatu dute udako kirol eskaintzan eta zenbait lagun animatu da ikastaroa egitera.� 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info