Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Zarauzko Surf Elkarteak surf ikastaroak ematen ditu. Argazkia: ZSE.

Harrotutako olatuen gainetik

ZARAUZKO SURF Elkartearen lehen hazia duela 20 urte landatu zuten, Jose Antonio San Segundok, Alberto de la Mazak eta Joseba Iriondok Zarauzko Surf Taldea eratu zutenean. Hiru urte geroago, 1991n, Mikel Troitiñok, Aitor Frantzesenak eta Eli Berazadik Zarauzko Surf Eskola sortu zuten eta ikastaroak ematen hasi ziren. Bi proiektuek bat egin zuten 1997an, eta gisa horretan egungo elkartea abian jarri zen. ZSEren egoitza malekoian bertan dago kokatuta, Karlos Argiñanoren jatetxearen azpian. Lokal hori Zarauzko Udalak utzitakoa da, eta herriko surflarientzat beharrezko diren aldagelak, dutxak eta taulak uzteko biltegiak ditu.

Lokala zaharberritzen
Elkarteko idazkari Iban San Martinek aurreratu duenez, urte amaieran egoitza handitu eta berrituko dute: «Zarauzko Udalak urteko aurrekontuetako partida bat bideratuko du horretara. Hala, lokalaren banaketa egokia egingo dugu: taulen biltegi handi eta seguru bat, bulego eta bilera gela bana… eta emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako aldagelak. Orain arte, aldagela bakarra izan dugu». Zaharberritze lanak direla-eta martxoa bitartean lokala itxita egongo denez, Zarauzko Arraun Elkarteak malekoian zuen lokala erabili ahal izateko Udalarekin hitz egiten ari dira elkarteko kideak.
Une honetan bazkide gehien duen Euskal Herriko surf elkarteetako bat da ZSE, 330 bazkiderekin. Elkarteko kide izateko, interesatuak zarauztarra izan eta 100 euroko sarrera ordaindu beharko du. Ondoren, 50 euroko kuota ordaintzen dute urtero.
ZSEko zuzendaritza batzordea honako kide hauek osatzen dute: lehendakaria Mikel Landa da; lehendakariordea, Jose Antonio San Segundo; batzordekideak, Jon Erostarbe eta Mikel Urigoitia; eta idazkaria, Iban San Martin. Azken honek, gainera,  elkarteko kudeatzaile lanak ere egiten ditu.

Harrobia zaintzen
Harrobiari garrantzia handia ematen diote, eta ikusi besterik ez dago atal horretan egindako lanaren fruitua: Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Myrian Imaz, Karlos Gomez, Mario Azurza, Lore Eizagirre, Axier Muniain, Idoia Meabe… Zerrenda benetan luzea da, eta hainbat belaunaldik osatua. Elkartea guztien jarraipena egiten ahalegintzen da eta ahal den neurrian laguntzen.
ZSEk surfa ezagutzen joateko bi ikastaro eskaintzen ditu: alde batetik, surf eskola dute eta bestetik, eskola kirolaren baitako ikastaroa. Eskola kirolean, «zerbitzu bat eskaintzen diegu ikastetxe guztiei, surfa ezagutu nahi duten ikasleei zuzenduta. Guretzat hor hasten da harrobia», azaldu du elkarteko idazkariak. Ikastaro horiek irailetik abendua arte eta apiriletik ikasturte bukaera arte ematen dituzte. Surf eskola, berriz, urte osoan izaten dute zabalik, nahiz eta jende gehienak uda sasoian ematen duen izena.

Hainbat txapelketa urtean
Aipatutako surf ikastaroez gain, hainbat txapelketa ere antolatzen dute urtean zehar: Munduko Surf Txapelketa irailean; Txiki Surfa abuztuaren hirugarren astean; eta Ibon Imazen Oroimenezko Zarauzko Surf Txapelketa maiatzaren erdialdean. Era berean, surfeko enpresa batzuekin elkarlanean, Moskito Tour edo Rip Curl Girl Surf bezalako probak egin dituzte.
Aurtengo Munduko Surf Txapelketarekin gustura geratu dira, eta «balorazio sakon bat» egin nahi dutela dio San Martinek. Horren arabera, «aztertuko dugu ea datorren urtean 6 izarreko proba antola dezakegun ala ez. Dena dela, babesleekin eta Udalarekin luze hitz egin beharko dugu».
 
 
Rip Curl Pro Zarautz 2008-Munduko Surf Txapelketa 
- TIM BOAL lapurtarrak irabazi zuen irailaren 9 eta 14 artean Zarauzko hondartzan jokatu zen Rip Curl Pro 2008 munduko surf txapelketa. WQS zirkuituko probak bost izar izan ditu aurten eta Boal angeluarrak nagusitasunez irabazi zuen Joan Duru frantziarrarekin buruz buru jokatutako finala, hurrenez hurren, 16,34 puntu eta 10,87 puntu lortuta. Garaipen honekin, WQS zirkuituko lehen postura igo da Boal eta ziurrenik datorren urtean munduko 45 surflari onenek osatzen duten WCT zirkuituan ariko da. Hori hala izanez gero, «txikitatik izandako ametsa egi bihurtuko» litzaiokeela aipatu zuen Boalek.

- MUNDU guztitik etorritako 154 surflari elkartu ziren Zarauzko uretan; horien artean 17 etxekoak: Unai Arizeta, Mario Azurza, Hodei Collazo, Karlos Gomez, Dani Goya, Oier Illarramendi, Alex Iriondo, Roberto Letamendia, Asier Makeda, Asier eta Igor Muniain, Manex Otegi, Markos San Segundo, Ander Ugarte, Indar Unanue, Imanol Ieregi eta Aritz Aranburu. Txapelketako lehen errondan hartu zuten parte etxeko surflari gehienek eta askok ez zuten aurrera egiterik izan. Asier Muniain eta Ander Ugarte bigarrengoan joan ziren kalera, eta Hodei Collazok hirugarren errondan esan zion agur aurtengo txapelketari.

- ARITZ ARANBURUK ez zeukan egutegiko aurreikuspenen artean bere herrian jokatuko zen bost izarrekoa. Kalifornian kaleratua izan ondoren, ordea, azken unean hartu zuen etortzeko erabakia, Mario Azurzaren gonbidapen txartela baliatuta. Errondaz erronda aurrera egin zuen finalaurrekoetara iritsi arte. Finalaren atarian, olatu eskasiak ez zion bere gaitasuna erakusteko aukera handirik eman eta Joan Duru aurkariak, aldiz, zirrikitu guztiak aprobetxatu zituen. Hirugarren postua lortuta, gustura agertu zen Aranburu. «Txanda guztietan gogor borrokatu behar izan dut. Txapelketa irabazteko asmoz etorri naiz, iazkoa errepikatzera, baina ezinezkoa izan da».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info