Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Nolako urratsak, halako lasterkariak

PAUSOAK PAUSO dira, baina bakoitzak ezberdin ematen ditu. Gauza ohikoa dirudi, jende guztiak dakien zerbait. Hala eta guztiz ere, gutxik eskaintzen dio denbora pixka bat gaiari eta, zalantzarik gabe, kirola egiterakoan –batik bat, korrika egiterakoan– kontu garrantzitsua izaten da. Kontuan eduki behar da lasterka ari garenean gorputzak inpaktu orokor bat jasaten duela eta, besteak beste, oinei, zangoei nahiz bizkarrezurrari eragiten diela. Inpaktu hori ahalik eta arinena izan dadin, bi ezaugarri hartu behar dira kontuan: batetik, kirol eremua eta bestetik, berriz, oinetakoak.
Inpaktua gehien xurgatzen duen eremua zelaia da. Asfaltoa eremu oso gogorra da korrikalariarentzat, eta ez ditu kirolariaren oinkadak zelaiak bezainbeste xurgatzen. Gainera, belaunek eta orkatilek asko sufritzen dute. Hondartza inpaktua baretzeko eremu oso egokia den arren, ez dio egonkortasun handirik bermatzen kirolariari eta lesioak eragin ditzake.
Eremuaz gain, norbere oinentzat egokienak diren oinetakoak aukeratzen jakin behar da. Estetikoki politenak edo garestienak badira ere, horrek ez du esan nahi korrikalariarentzat egokienak direnik. Geldirik erosoak izan daitezke, baina mugimenduan min eman dezakete. Arazorik ematen ez badute, primeran! Min ematen badute, ordea, gaizki aukeratu diren seinale. Norbere oinaren forma eta pausoak emateko modua kontuan hartu ez direlako, hain zuzen ere.
Kirol oinetakoek oinkaden kolpea leundu, egonkortasuna bermatu, oina ongi eutsi eta bakoitzaren korrika egiteko modura moldatu behar dute. Ezaugarri horiekin batera, korrikalariak zer-nolako pauso mota duen jakin behar du eta bere oinkadetara «egokitutako» oinetakoak eskuratu. Edo, bestela, podologo baten bidez arazoa tratatu; esaterako, barne-zola espezializatuen bidez. Hiru korrikalari mota daude: pauso neutroa edo arrunta ematen dutenak, supinatzaileak eta pronatzaileak. Zu zein motatakoa zara?
 
PRONATZAILEA
· Pauso pronatzailea dutenek oinaren kanpoaldearekin zapaltzen dute. Korrika egiterakoan orkatilek barrualderanzko joera hartzen dute eta ondorioz, oina bere kanpoaldearekin sartzen da eta barrualdearekin ateratzen da, behatz loditik.
· Oinetako azpiak kanpoaldetik eta puntaren barrualdetik gastatzen dira.
· Nahiko pauso ohikoa da: %45 inguruk gisa honetan ematen ditu pausoak.
· Pronatzaileentzat kirol oinetako bereziak daude, oin-arku gogorra dutenak eta gehiegizko pronazioa saihesten dutenak. Hala ere, egokiagoa da askotan kirol oinetako arruntak erosi eta barne-zola batzuen bidez oinkada zuzentzea.�
 
NEUTROA
· Orkatilek ez dute barrualderantz egiten korrika egiterakoan, ezta kanpoalderantz ere. Zuzen mantentzen dira.
· Pausoaren sarrera eta irteera oinaren erditik ematen dute korrikalari neutroek.
· Oinetakoak modu homogeneoan gastatzen dituzte. Merkatuko oinetako gehienak neutroak dira.
· Lasterkarien %50 neutroa da, gutxi gorabehera.
 
SUPINATZAILEA
· Pronatzailearen kontrakoa da. Korrika egiterakoan orkatilek kanporalderanzko joera hartzen dute eta ondorioz, oinaren barrualdearekin zapaltzen dute. Hau da, pausoaren sarrera oinaren barruarekin eta irteera kanpoarekin, behatz txikiaren aldetik.
· Oin konkaboak dituztenak dira supinatzaileak, lasterkarien %5.
· Funtsean ia ez dago oinetako berezirik supinatzaileentzat. Halako kasuetan, arazoa espezialisten esku uztea eta barne-zola zuzentzaileak erabiltzea da egokiena. Supinatzaile arinek oinetako neutroak erabil ditzakete, baina honako ezaugarriak kontuan edukita: oinetako azpian nahiz metartasoetan egonkortasun handia behar dute.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info