Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Eskualdeko arraunlarien Kontxako egunkari ezkutua

ARRAUN denboraldiko banderarik garrantzitsuena zein den ez dago galdetu beharrik. Aho batez erantzuten dute arraun elkarteek, arraunlariek eta arraunzaleek, baina baita arrauna bertatik bertara jarraitzen ez dutenek ere. Kontxa Kontxa da. Horrekin guztia esanda dago, ez baitu argibide gehiagorik behar. Futbolean Champions-eko kopa irabaztea bezala da; saskibaloian NBAko eraztuna; golfean Augustako Masterreko jaka berdea; tenisean Roland Garros garaikurra; txirrindularintzan Frantziako Tourra... eta horrela milaka adibide.
Iraila da Kontxaren hilabetea; irailaren lehen bi asteburuak, hain zuzen ere. Arraunaren festa, ordea, sailkatze probarekin hasten da eta  ez du amore ematen bigarren igandera arte. Zeintzuk sailkatuko diren, faboritoak, negarrak, parranda, kaleratuak, zortzigarren postuaren madarikazioa, ohorezko txandakoak eta kontsolaziokoak, honek besteari baietz 5 segundoko aldea atera, marea gorria, emozioa, ongietorriak... bi hitzetan, Kontxako Bandera.

Irailak 3: sailkatze proba eta lehen desengainua
Gizonezkoen 24 traineruk jokatu zuten Kontxako estropadan sailkatzeko erlojupeko proba, 18:00etatik aurrera. Bertan izan ziren eskualdeko hiru ordezkariak: Orio, Zarautz eta Zumaia. Donostiako portutik uretaratu ziren guztiak, Aquarium aurretik, Kontxako txartelaren bila. «Sailkatuko ote gara?» Galdera honek eragindako urduritasunez gain, haizea eta olatuak izan ziren protagonista. Baita Kaiku taldea ere. Sekulako erakustaldia eman zuten Jose Luis Kortaren mutilek, arratsaldeko denbora onena eginez; bigarren sailkatu zen Urdaibairi 17 segundoko aldea atera zioten.
Oriok ez zuen hutsik egin, eta laugarren postu duin bat lortu zuen. Zarautz eta Zumaia, bien bitartean, kanpoan geratu ziren beste behin ere. Madarikazioak Enbata trainerua astindu zuen aurtengoan ere, iaz bezala zortzigarren postua lortuz. Gutxigatik Kontxatik kanpo geratzea kolpe gogorra izan zen zarauztarrentzat. Zumaia ez zen batere fin aritu eta 14. postuan bukatu zuen kanporaketa. Beharbada, erlojupeko lehen ontzia izateak eta erreferentziarik ez izateak eragin zuzena izan zuen zumaiarrengan.
Kontxako estropadarako honako 7 ontziak sailkatu ziren, hurrenez hurren: Kaiku, Urdaibai, Castro, Orio, Pedreña, San Pedro eta Hondarribia. Zortzigarrena, urtero bezala, Donostiako taldea izango zen, aurten Zarauzko entrenatzaile ohi Jose Ramon Mendizabal Mendi-ren zuzendaritzapean.

Irailak 6: lehen igandea eta Orioren ezina
Donostiako taldea salbuespen, lehen igandeko talderik ahulena izan zen Orio. Itxaropentsu abiatu ziren arren, kale egin zuten. Eta denbora asko galdu zuten, gainera. Kontxako Bandera lortzetik urrun gelditu ziren bat-batean. Oriotarren porrotak gizonezkoz osatutako  arraun taldeen aurtengo abentura eten zuen.
Jardunaldiko bigarren txandan jokatu zuen Oriok, faborito nagusiekin batera: hau da, Castrorekin, San Pedrorekin eta Kaikurekin. Itxuraz, saio polita egiteko aukera paregabea zen, baina Josean Olaskoaga Aizperroren mutilak ez ziren aipatutako abantailaz baliatu. Gainerako hiru ontziek jarritako erritmo biziari eutsi ezinik, berehala geratu ziren atzean. «Ez zitzaizkigun gauzak nahi bezala atera. Ongi aritu ginen berotzen eta sentipen onak genituela abiatu ginen irteeran, baina emaitza bestelakoa izan zen. Sekulako zartakoa izan da benetan», azpimarratu zuen Orioko entrenatzaileak.
Lehia nagusia Kaikuren eta Castroren artean izan zen eta, azkenean, sestaoarrak gailendu ziren, 5 segundoko aldearekin. Kontxako badian berdea nagusi, eta Korta bere 15. banderatik gero eta gertuago zegoen. Oriok 32,54 segundo galdu zituenez, kontsolazio txandan jokatzearekin konformatu beharko zuen, Pedreñarekin, Urdaibairekin eta Donostiarekin batera.

Irailak 12: emakumeen kanporaketa eta zoriona
Gizonezkoek ez bezala, eskualdeko emakumezkoen bi traineruak primeran aritu ziren. Getaria-Tolosa eta Zumaia traineruek Kontxako estropadan lehiatzeko txartela lortu zuten, elkarrekiko alde txikiarekin, gainera. Hamaika taldek hartu zuten parte sailkatze proban, hiru txandatan banatuta, eta eskualdeko bi ordezkariak bigarren txandan lehiatu ziren. Getaria-Tolosa traineruak markatu zuen erritmoa, baina zumaiarrak atzetik izan zituen uneoro. Haien atzetik sartu ziren euren txandako beste bi traineruak, Mekos eta Nautico Badalona.
Jardunaldiko denbora onena Rias Baixas galiziarrek egin zuten. Segundo batera Getaria-Tolosakoak sailkatu ziren eta bost segundora, hurrenez hurren, Astillero eta Zumaia. Lau ziren ohorezko txanda jokatu eta banderagatik borrokatuko zutenak; horietatik bi eskualdekoak. Zoriona eta sekulako saria.
Iaz zumaiarrak eta getariarrak indarrak batuta iritsi ziren Kontxako bigarren igandera eta aurten ere bertan izango ziren, baina bakoitza bere aldetik. Bakoitza bere traineruarekin. Eta hitzordu nagusia hurrengo goizean zenez, denak atsedena hartzera joan ziren.

Irailak 13: egun handia, baina banderarik ez
Eskualdeko hiru ordezkari izan ziren Kontxaren egun handian, baina garaipenik gabe etxeratu ziren hirurak. Gizonezkoen bandera Bizkaira joan zen aspaldiko partez, Kortak itxuraldatu duen Kaikuk maisuki irabazi baitzuen estropada. Emakumezkoen bandera, aldiz, galiziarren eskuetan geratu zen bigarren urtez. Getaria-Tolosa garaipena lortzeko borrokan aritu zen azken unera arte. Azkenean, ordea, Rias Baixas taldekoek 3 segundoko abantaila txiki bat atera zuten eta Getaria-Tolosa eta Astilleroren aurretik helmugaratu ziren. Getariarrak 3. izan ziren, 2. sailkatu zen Astillerorekiko ehuneko eskas batzuetara. Zumaia azken postuan iritsi zen, 22 segundora.
Getariarrak sentipen «gazi-gozoarekin» itzuli ziren Kontxako estropadatik. Getaria-Tolosako arraunlari Ane Bordagarairen esanetan, «garaipenak eskuetatik ihes egin» zien. «Izan ere, hasiera oso ona izan genuen; besteen aurretik atera ginen, segundo bat edo bi aurretik. Ziabogan, ordea, arazoak izan genituen; ia barrutik hartu genuen, eta lau segundo atzetik atera ginen ziabogatik. Hor denbora asko galdu genuen, eta bueltakoan Astillero apur bat gure kalera sartzen eta gu presionatzen ere aritu zen. Barruan genuen guztia eman genuen, baina ezin denean, ezin da». Igande arratsaldean omenaldia egin zieten herrian, txistulari eta guzti,eta denboraldian irabazitako zortzi banderak atera zituzten kalera.
Zumaiarrentzat larunbateko sailkapen estropada izan zen garrantzitsuena. Jakin bazekiten igandean ohorezko txandan aritzeko «borroka asko» egin beharko zutela. Beraz, «igandean emaitza bat edo beste lortu, eman beharrekoa emanda geneukan. Geure helburua beteta zegoen», azaldu zuen Zumaiako arraunlari Irati Manzisidorrek.  
Gizonezkoetan, Orio arraun taldea bakarrik izan zen aurten ere lehian. Baina kontsolazio txandan. Hain justu ere, bere txandan irabazi eta aurreko igandeko arantza kentzea zuen helburu, Kontxa zapore onez bukatzeko. Esku-eskuetan izanagatik, Pedreñak oriotarren asmoak zapuztu zituen, eta bigarren helmugaratu zen; Donostia hauen atzetik iritsi zen eta Urdaibai, aitzitik, kaleratu egin zuten. Ondorioz, seigarren tokiarekin konformatu behar izan zuen Oriok sailkapen orokorrean.

Ondorena: poza eta 15. garaipena
Kaikuko entrenatzaile oriotarrak marka berria jarrai zuen, Kontxako Bandera 15. aldiz irabazita. Kortak historia egiten jarraitzen du arraun munduan eta garaipen berriak lortzeko ilusiorik ez duela galdu dio. «Badakit ez naizela gai talde barruan egoteko, bai nire adinagatik bai zeharo alfertu naizelako. Baina berdin-berdin sufritzen eta gozatzen dut trainerutik kanpo ere, eta igandean gogotik gozatu nuen estropadarekin». Gainera, «ez dakit zahartu egin garelako-edo, hunkitu egin nintzen», dio Kortak. Lehena  izango balu bezalaxe!�
 
 
Denboraldi grisa
Denboraldi nahiko grisa izan dute eskualdeko arraun taldeek, zuri-beltz askorekin. Iazko ibilbidea gainbegiratuz eta, era berean, aurten finkatu zituzten helburuak kontuan hartuta, ez dirudi suziriak botatzeko modukoa izan denik orokorrean. Zalantzarik gabe, Kontxako estropadarako
sailkatu ziren traineruak izan dira salbuespen bakarrak; batik bat, Getaria-Tolosa.
Getaria-Tolosako emakumeek indartsu eman zioten hasiera denboraldiari: Donostiako, Zumaiako eta Orioko Ikurriñak irabazteaz gain, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan dira. Gainera, EuskoTren Ligako lehen estropadako garaile izan zen Gipuzkoako selekzioa ordezkatuz. Edonola ere, Galiziako selekzioak agindu du Liga osoan zehar, 8 estropadetatik 6 irabaziz. Zumaiako neskak, bien bitartean, Getaria-Tolosaren itzalpean aritu dira batera lehiatu diren estropada gehienetan; besteak beste, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan.
Orio faboritoen zerrendan hutsik egiten ez duen talde horietakoa da. Arraun munduan duen historiagatik eta tradizioagatik irabazle izateko hautagaietako bat, nolabait esateko. San Miguel Ligan maila polita erakutsi du, nahiz eta bandera bakarra lortu duen: Hondarribiko Bandera, hain zuzen. Hala eta guztiz ere, estropada asko ohorezko txandan jokatu ditu eta sailkapen nagusian 4. postuan bukatu du, 152 punturekin; Castrok maisutasun handiz irabazi baitu aurtengo Liga. Uztaila bukaeran eta abuztuan zehar denboraldi hasieran baino hobeto aritu ziren oriotarrak. Kontxarako ere sailkatu zen, baina lehen igandean kale egin eta kontsolazio txandan parte hartu behar izan zuten.
Zarautz eta Zumaia ez dira Kontxarako sailkatu eta San Miguel Ligan ere eskas aritu dira. Zarautzek aro berri bati hasiera eman dio aurten, Kike Lopez entrenatzaile berriarekin eta hainbat arraunlari berrirekin, eta lehen urtea behintzat oharkabean igaro zaie. Azken urteetan erakutsitako mailatik urrun, 4. postua izan da denboraldian lortutako emaitzarik onena, baita zumaiarrena ere. Gainerakoan, hainbat gorabehera izan dituzte. Bi taldeek iaz egindakoa berdindu eta ahal zen neurrian hobetu nahi zuten, baina ezinezkoa izan zaie. Ondorioz, Zumaiak 10. postuan bukatu du Ligako sailkapen orokorrean, 59 punturekin, eta Zarautzek, berriz, 8. postuan, 94 punturekin; iaz zumaiarrak 8. izan ziren eta zarauztarrak 5. kokatu ziren.
San Miguel Ligan ez ezik, Orioko eta Zumaiako elkarteek arraunlari gazteez osaturiko gizonezkoen bigarren talde bat uretaratu dute aurten. Biek ala biek ez dute garaipen garrantzitsurik lortu, baina euren neurrian denboraldi egokia egin dute. Orio B-k KAE mailako lehen multzoan jokatu du eta 5. bukatu du liga. Zumaia B, bien bitartean, 7. izan da.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info