Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Marijo Olaskoaga eta Antxon Arrizabalaga, plater tiratzaileak: «Distantzia, denbora eta xehetasun guztiak kontrolatzeko gai gara tiro egiterakoan»

Asteburuak eskopetari lotuta pasatzen dituzte Antxon Arrizabalagak (Aia, 1983) eta Marijo Olaskoagak (Zarautz, 1972).  Foso modalitateko plater tiratzaileak dira, laugarren mailako jokalariak, eta fosoaren baitan dauden hiru diziplinetan dira iaioak: olinpikoan, unibertsalean eta foso txikian. Aurtengo denboraldian, gainera, emaitza azpimarragarriak lortu ditu batak zein besteak. Arrizabalaga Euskadiko Kopako txapeldun orokorra izan da foso txikian; Espainiako Txapelketan 5. postuan bukatu du sailkapen orokorrean eta bere mailako txapeldunordea izan da foso txikian; bestalde, Euskadiko txapeldun izan da bere mailan, foso olinpikoan. Olaskoaga Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da maila unibertsalean eta Gipuzkoako Kopa irabazi du olinpikoan; eta Espainiako txapeldunorde izan da foso txikian. Urteko lorpenen berri emateaz gain, oraindik «ezezagun samarra» den kirol honen inguruko nondik norakoak, xehetasunak eta gaur egungo egoera azaltzeko prest agertu dira.

Denboraldi polita osatu duzue aurten. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?
Antxon Arrizabalaga: Eskopeta aldatu dut aurten eta, egia esan, ongi aritu naiz. Tresna berria neurrira dudanez, hobeto moldatzen naiz. Iaz hasi nintzen plater tiroko lehiaketetan eta urtebetean asko ikasi dut. Laugarren mailan jokatzen dut eta aurten foso txikian lortu ditudan garaipenei esker, ziur aski datorren denboraldian 2. mailara igoko naute zuzenean. Beraz, gehiago zehaztu beharko dugu punteria! Izan ere, plater baten gorabeheran sekulako aldea izaten da txapelketetan.
Marijo Olaskoaga: Ni ere laugarren mailan nabil. Aurten, ordea, iaz baino zertxobait apalago. Beste kartutxo mota bat erabiltzen dut orain eta ez dirudien arren, badu bere eragina tiro egiterakoan. Betiko kartutxotik beste batera aldatuz gero, diferentzia antzematen da; batzuk beste batzuk baino bizkorrago doaz. Bakoitzak erabili ohi duen kartutxo motari hartzen dio maina, eta kartutxo mota berrira moldatzen ari naiz pixkanaka-pixkanaka. Iaz Espainiako txapeldun izan nintzen foso txikian eta aurten, berriz, txapeldunorde izan naiz. Dena dela, Europako Txapelketarako sailkatzeko aukera izan dut, nahiz eta azkenean lan kontuak zirela medio ezin izan dudan parte hartu. Pena ikaragarria eman dit, esperientzia berria bizitzeko aukera baitzen!

Zeintzuk dira plater-tiroan ongi aritzeko ezaugarri nagusiak?

A.A.: Kontzentrazioa, erreflexua eta punteria dira kirol honetako ardatz nagusiak. Izan ere, «Ba!» oihukatu bezain pronto ateratzen da platera eta bizkor ez bazabiltza, ihes egiten dizu. Azken finean, gimnasia ariketa bat bezala da; txapelketa 25 tirotara denean tiroketa erritmoari aise eusten diogu, baina 125 plateretara denean, egoera zaildu egiten da. Eskopetak 3 kilo inguru pisatzen dituenez, tiroz tiro nekatu egiten gara. Normalean, errespetua dago tiratzaileen artean, nahiz eta toki guztietan bezala zirikatzailerik ere baden.
M.O.: Oro har, giro oso ona dugu geure artean. Normalean, pauso berak ematen ditugu tiratzaileok lehiaketetan eta, era berean, elkar ez oztopatzen ahalegintzen gara. Erritmo jakin bat jarraitzen dugu eta batak bestearen txanda errespetatzen du.
A.A.: Eta haserraldiak barrutik eramaten ikasi dugu. Jaurtiketaren batean kale eginez gero, mingaina estutu eta aurrera jarraitu beharra dago isil-isilik, inolako oihurik edo keinu arrarorik egin gabe.

Tiratzaile asko ehiza mundutik etorritakoak dira. Zuek ere hortik al zatozte?

A.A.: Ni txikitatik ibili izan naiz ehizean, baina iaz hasi nintzen plater-tiroan. Lagunartean animatu ginen parte hartzera eta lehen saioan ongi aritu nintzen. Gero, ez hain ongi. Emaitza hobeak lortze aldera, pixkanaka-pixkanaka tematuz joan nintzen, zaletasuna piztu arte.
M.O.: Nire senarra ibiltzen zen ehizean baina, ondoren, plater-tiroko lehiaketetan hasi zen eta ni ere animatu egin nintzen. Harrezkero, bost urte daramatzat honetan.
Jendeak bereizten al ditu ehiza eta plater-tiroa ala oraindik multzo berean sartzen dituzte?
A.A.: Guk praktikatzen duguna kirola da, eta ez du zerikusirik ehizarekin. Palter-tiro saio luzeetan –125 edo 200 plateretara denean– guztiz kontzentratuta egon behar duzu eta burua zeharo garbi. Ehizean, berriz, txarrenak ere jo egiten du. Plater-tiroan ez du balio ehiztari ona izateak. Ehizean jarduten duten nire lagunek probatu dute plater-tiroa eta zaila dela onartu didate. Aitzitik, horrek ez du esan nahi munduko plater tiratzaile onenak pieza ugari akabatuko duenik ehizean. Nolanahi ere, tiratzaileok distantzia eta xehetasun guztiak kontrolatzeko gai gara, eta horretan datza gure gaitasuna. Ehiztari batek ez du sekulako marka egingo, baldin eta honetan entrenatzen ez bada.
M.O.: Jendeak askotan eskopeta ehizarekin lotzen du. Eskopeta dugula esaten dugunean, ehiztariak garela pentsatzen dute automatikoki. Plater-tiroa kirol ezezaguna da oraindik. Mundu honetan sartuta ez bazaude, guztiz arrotza da.

Olinpiar Jokoetako ohiko kirola da, ordea. Zergatik da horren ezohiko, bada?
A.A.: Telebistan eta komunikabideetan horrenbesteko oihartzunik ez duenez, jendeak ere ez du horrenbeste jarraitzen.
M.O.: Azken Olinpiar Jokoetako plater-tiroko proben inguruan, esaterako, ez zen ezertxo ere atera telebistan. Oker ez banago, webgune batek soilik argitaratu zuen zerbait. Jokoetako kirol bat gehiago zen eta gainerakoak bezalaxe domina lortzeko lehiatzen ari ziren!
A.A.: Jakina, gero gustatu ere egin behar zaizu! Kirol bati zentzurik bilatzen ez badiozu, ez duzu jarraituko eta bost axolako zaizu zer jokatzen ari diren. Bestalde, ekologistek ere zeresan handia eman dute kirol honetan: kartutxoen plomoak kutsagarriak direla-eta, sekulako eztabaida dago. Platerak ere biodegradagarriak dira orain. Egia esan, ekologistek egur dezente ematen digute.

Lehiatzerakoan maila banaketa egoten al da? Gizonezkoek eta emakumezkoek batera jokatzen al dituzue txapelketak?
M.O.: Aurrena maila hartzen da kontuan eta eta gero, saila. Kategoriari dagokionez, gutxienetik handienera, honako hauek osatzen dute zerrenda: hasiberria, 4. maila, 3. maila, 2. maila eta 1. maila. Bakoitzak bere kategoria du eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak batera lehiatzen gara. Ondoren,  sailaren arabera, hainbat sari berezi jartzen dute; hau da, emakumezkoentzat, beteranoentzat eta juniorrentzat. Posible da, ordea, txapelketa batean sailkapen orokorreko lehen postuetan geratzea. Kasu horietan, komeni zaidan saria jasotzeko aukera dut; hau da, sailkapen orokorraren baitan dagokidana ala emakumezkoetan dagokidana. Eta beste horrenbeste beteranoek eta juniorrek. Zenbait txapelketetan bi sariak ematen dituzte.
A.A.: Euskadiko Kopako txapelketan halako zerbait gertatu zitzaidan niri aurten. 25 plateretatik denak bota nituen eta 119 parte-hartzaileetatik 7 geratu ginen berdinduta. Berdinketa hausteko azken fasea jokatu aurretik jada nire mailako (4. mailan) irabazlea nintzen, baina aurrera jarraitu nuen eta maila guztietako txapeldun izan nintzen. Ondorioz, txapelketako lehen saria jaso nuen.

Zer-nolako zaletasuna dago eskualdean?

A.A.: Ehizean jende asko aritzen da Aian, baina plater-tiroan ia inor ez. Beharbada, Zarautzen zerbait gehiago dago; esaterako, Xabi eta Josu Azpeitia anaiek oso maila handia dute. Txikitatik hasi ziren honetan eta gaur egun 1. mailan jokatzen dute. Gainera, Xabi Azpeitia Espainiako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dago foso unibertsalean. Munduko Txapelketara joatekoa zen, baina federazioko eta politika kontuak zirela-eta, etxean uzti zuten.
M.O.: Aia, Zarautz, Orio, Arroa, Aginaga... inguruko tiratzaile ugarik egiten dugu topo txapelketetan. Guztira, ehun bat lagun izango gara hemen zonaldean.
Eta emakumezkoen artean?
M.O.: Emakumezkoetan gero eta zaletasun gehiago dagoela antzeman dut. Animatzen ari dira. Gaur egun lehen baino gehiago gara, baina oraindik gutxi. Gipuzkoan ehun tiratzaile inguru baldin bagara, emakumezkoak 6 izango gara. Duela 5 urte, ni honetan hasi nintzenean, 3 ginen. Beraz, bikoiztu egin gara!

Plater-tiroko elkarteren bateko kide al zarete?
M.O.: Ni Irungo San Marcial tiro-eremuko bazkidea naiz. Urtean zehar kuota bat ordaintzen dut eta horrela, egun solteetan joanda baino merkeago ateratzen zait. Hori da bazkide izateak duen abantaila bakarra, ikastarorik ez baitigute ematen. Gainerakoan, ez naiz elkarte bateko kide. Modu independentean hartzen dut parte txapelketetan.
A.A.: Ni neu ere neure kabuz joaten naiz lehiara, baina ez naiz inongo tiro-eremuko bazkide. Nahi dudanean joaten naiz eta egunekoa ordaintzen dut, besterik gabe.

Hemen inguruan zaletasuna badagoela ikusirik, ez al zaizue elkarteren bat osatzea bururatu?

M.O.: Egia esan, ez zaigu inoiz burutik pasatu. Ongi pasatzera joaten gara eta horrelako kontuei, bada, ez diegu horrenbesteko garrantziarik ematen.
A.A.: Gainera, kirol honek ez du horrela funtzionatzen. Bakoitza bere kasa aritzen da eta, gero, elkarrekin ibiltzen gara txapelketetan. Tiro saio luzeetako jardunaldietan txandaka eramaten dugu janaria eta geure artean solasean eta txantxetan aritzen gara. Azkenean, lagunarte bat da eta kafea nork ordaindu jokatzen dugu elkarren artean.

Babesleak lortzea zaila al da?

M.O. eta A.A.: Bai, oso zaila!
A.A.: Askotan merezi ez duenak ere badu! Gaur egun, garaipenen bat lortu behar duzu eta ondoren aurpegia baldin baduzu, beharbada lor dezakezu babesleren bat. Hala eta guztiz ere, ez dute askorik ematen. Edozein kiroletan bezala da, azken finean. Goiko mailan eta punta-puntan dabiltzanak babes gehiago izaten dute. Portugaldar gazte batek irabazi du aurtengo Europako Txapelketa eta hark dena ordainduta du.

Beraz, modu profesionalean aritzea ia ezinezkoa da.
A.A.: Kirol honetatik ia inor ez da bizi. Espainian, beharbada, bat edo beste izango dira. Alde horretatik, nazioartean portugaldarrak oso fin dabiltza. Babesle ugari dute eta horiei esker, plater-tiroan buru-belarri jarduteko aukera dute. Bidaiak, eskopetak, kartutxoak eta, oro har, guztia ordaintzen diete eta  tiroka aritzeaz soilik arduratzen dira. Gu, ordea, afizionatuak baino ez gara. Nik gehinez ere 3.000 tiro botako nituen denboraldi osoan zehar, baina Irungo tiro-eremuan egunero entrenatzen dabiltzanak 50-60 mila tiro egin ditzakete urtean. 250 kartutxogatik 50 euro ordaintzen baldin baditugu, egunero entrenatzeko ia 12 mila euroko aurrekontua beharko genuke urtean.

Zer nolako azpiegiturak daude hemen inguruan tiroan aritzeko? Irungo tiro-eremura joan behar al duzue entrenatu behar duzuen bakoitzean?
M.O. eta A.A.: Azpiegitura txarrak daude, egia esan!
M.O.: Gipuzkoan, itxurazko hiru tiro-eremu baino ez daude: Irungoa, Hondarribikoa eta Arratekoa.
A.A.: Oñatin, Legazpin eta Olaberrian ere badaude, baina norbere burua zer moduz dagoen jakiteko toki onena Irungoa da. Kantxa gehien edukitzeaz gain, makina indartsuenak ere bertan daude. Inguruko tiratzaile onenak bertan aritzen dira.

Eskualdean ez al dago entrenatu ahal izateko halako tokirik?

A.A.: Ez. Hurbilago geratuko litzaigukeen tiro-eremu bat eraikitzekoak dira, Villabona edo Andoain inguruan, baina Ingurumen Sailaren baimenaren zain daudela uste dut. Etxetik gertu tiro-eremu bat eraikitzeak eskualdeko zaletasuna areagotzen lagunduko luke. Zalantzarik gabe, zaletasuna badago, baina oso garesti ateratzen da.

Eta tiroan jarduteko edo entrenatzeko tiro-eremu batera joan behar al duzue ezinbestean?
M. O.: Bai, hala da. Ezin dugu edozein tokitan tiroka hasi, legez galarazita baitago.
A. A.: Edozein tokitan tiroka harrapatzen baldin bazaituzte, kenduko zaizkizu tiroak botatzen aritzeko gogo guztiak! Goardia Zibilak makina bat exijentzia eta baldintza jartzen ditu; tiratzaileei ez ezik, tiro eremuei ere bai. Zehaztuta dauden neurriak betetzen ez badira, berehala ixten dituzte tiro-eremuak. Zorrotz araututa dago dena. Norberak ezin du edozein lursailetan tiro-eremu bat zabaldu; aurrena ekologistak etorriko dira kexaka eta jarraian, legea.

Tiro-eremu batean aritzeko baldintzak, materiala erosi beharra, bidaiak... Zer du berezia horren garestia den kirol honek?

A.A.: Kateatu egiten zaitu! Gaur 100 plateretatik 96 jotzen baldin baditut, bihar 97 jo nahiko ditut eta horrela, denak jo arte. Marka hobetzeko beharra sentitzen duzu beti, baina egun denak ez dira berdin eta hortxe dago gakoa.
M.O.: Kirol bakoitzak bere berezitasuna du eta honek, adibidez, kontzentrazio ikaragarria eskatzen du. Edozein txikikeriak kontzentrazioa galduarazi diezazuke eta tiroa botatzerakoan urduri jarri. Tiratzaileak oso maniatikoak gara. Edozein soinu txikik, zaratxok, sakeleko telefonoaren deiak, norbait atzean hitz egiten... Denak enbarazu egiten digu. Plater- tiroak erabateko zehaztasuna eskatzen du eta ondorioz, oso maniatikoak gara zaratatxoekin.

Plater-tiroan ez ezik, beste kirol batzuk ere lantzen dituzue. Nola bateratzen dituzue eta zuentzako zein kirolek du lehentasuna?

A.A.: Ni erremontean ere aritzen naiz Galarretan. Lehen eskuz jokatzen nuen, baita trinketean ere. Orain dela urtebete erremontean hasi nintzen, Galarretako kudeatzaile Juan Antonio Erzillaren bitartez, eta oso gustura nabil. Modalitatera egokitzea kostatu zitzaidan, baina jada martxa hartu diot eta eroso nabil. Afizionatutan jokatzen dut, eta txapelketa batzuetan lehiatu naiz. Niretzat  erremonteak du lehentasuna, baina aurrena lana egin behar da. Pilota eta plater-tiroa zaletasunak dira.
M.O.: Plater-tiroaz gain, igeriketa egiten dut. Astelehenetik ostiralera igerilekuan entrenatzen dut eta plater-tiroan, berriz, asteburuetan. Duela urte pare bat Zarauzko Bale Igeriketa taldeko master mailako taldean ibili nintzen, baina denetara iritsi ezinik aritzen nintzen. Beraz, nire kabuz aritzen naiz orain eta itsas zeharkaldietan hartzen dut parte; Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldian, esaterako.
A.A.: Plater-tiroa zaletasun gisa hartu behar da. Jaun eta jabe moduan hasten bazara, jai duzu!

Zein helburu dituzue hemendik aurrera plater-tiroan?
M.O.: Niretzat zaletasun bat da, senarrarekin eta lagunekin gozatzen dudana. Asteburupasa moduan hartzen dut. Sariren bat lortzen dudala? Bada, primeran! Baina bestela ez dut helburu finkorik zehaztu.
A.A.: Urte bukaeran zeure mailako sailkapenaren arabera, federazioak diru laguntzak ematen ditu eta horrek asko motibatzen zaitu. Ez zara horren bila joaten, bestela itsutu egiten baitzara. Baina urte bukaeran diru pixka bat lortuz gero, askoz hobeto; batik bat, gastuak arintzeko. Nire helburua aurtengoa berdintzea edo hobetzea da datorren denboraldian.

 

Begi puntuaren xedea
Plater tiroaren baitan hiru modalitate daude: fosokoa, compac-a eta skeet-a, hain zuzen ere. Eta modalitate bakoitzean eskopeta mota ezberdina erabiltzen da; bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Skeet-eko tiro eremuan, bi kaseta daude bi izkinetan eta eremuak ilargierdi forma hartzen du. Aurrena, kaseta bakoitzetik plater bana ateratzen da txandaka eta gero, bietatik batera ateratzen dira. Tiratzaileak ilargierdi horretako zortzi tokietatik egin behar izaten du tiro.
Compac modalitatean benetako ehiza simulatzen da eta bertan hainbat formatako eta tamainako platerak erabiltzen dituzte. Normalean, bost postuz osatuta egoten da proba eta postu bakoitzetik angelu ezberdinetatik irteten dira platerak eta tiratzaileak toki ezberdinetatik egiten du tiro.
Fosoan, tiratzailearen eta platera ateratzen den hobiaren (fosoaren) artean 15 metro daude, eta hobi horretan platerak jaurtitzen dituzten 15 makina daude. Tiratzaileek hobiko makinetatik ateratzen diren platerak jo behar dituzte. Foso modalitatean hiru diziplina daude: foso txikia, unibertsala eta olinpikoa. Foso txikian eta unibertsalean, platerak erditik ateratzen dira. Gainerakoan, foso txikitik jaurtitzen dituzten platerek unibertsalean baino angelu gutxiago dute eta mantsoagoak dira. Olinpikoa hiruetan azkarrena eta angelu gehien duena da, platera 100 kilometro orduko abiaduran ateratzen da gutxi gorabehera. Hala eta guztiz ere, Marijo Olaskoagaren iritziz, «foso unibertsala olinpikoa baino teknikoagoa da. Olinpikoan platera nobleago ateratzen da». Arrizabalagak eta Olaskoagak foso modalitatetako hiru diziplina horietan hartzen dute parte.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info