Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Lehia bizia apar artean

IRAILA HASIERA, ez dira Euskal Jaiak soilik izaten Zarautzi oihartzuna ematen diotenak. Kirol munduari dagokionez behintzat, iraila hasiera Munduko Surf  Txapelketarekin ere lotzen da zuzen-zuzenean, eta aurten ere, ez du hutsik egin surfaren festa handiak. Etxeko izarrek ez dute aurreko urteetan adinako distirarik egin, baina ezin da ahaztu mundu mailako surflarien lehian sartzen direnean, norgehiagoka ez dela izaten ahuntzaren gauerdiko eztula. Txapela ez zen Zarautzen gelditu orain bi urte bezala (Aritz Aranburu), eta iazko gisan Lapurdira ere ez zen joan (Tim Boal). Aurtengo sari nagusia Galizia aldera eraman du Gony Zubizarreta surflariak, berak irabazi baitzuen San Miguel Pro Surf txapelketako finala Blake Thornton australiarra eta Nathan Yeomans estatubatuarraren aurka.
Sei egun, laura murriztuta
Beste behin ere, argi gelditu zen antolakuntzaren aurreikuspenei itsasoak hartzen diela neurria. Izan ere, berez sei egunetako txapelketa zegoen antolatuta, baina olatu txikiak zirela-eta azkenean lau egunetan egin zuten txapelketa guztia. Egun bat beranduago hasi ziren txapelketako errondak, eta azken finala ere egun bat aurreratu zuten, igandean jokatu beharrean larunbatean izan baitzen. Dena den, surflariak lehian aritu ziren egunetan olatu onak izan ziren eta lehia bizia sortu zen apar gainean. Horrek, hondartzan bildutako ikusleei gogotik gozatzeko aukera eman zien, nazioarteko surflari ezagunen teknika fina bertatik bertara izan baitzuten.
Herrira begira jarrita ere, Zarauzko surf harrobiak zeresan ugari eman zuen txapelketa osoan zehar, etxeko surflarien partaidetza inoiz baino altuagoa izan baita aurten. Aurreko urteetan bezala, Aritz Aranburuk erakutsi du mailarik onena; azken egunera arte ibili zen lehia bizian, herriko olatuen sekretuak ondo ezagutzen dituela nabarmen erakutsiz. Oso olatu onak hartu zituen eta epaileek ere puntuazio bikainarekin aitortu zioten bere lana; hain zuzen ere, txapelketako olaturik onena (9,60 puntu) Aranburuk berak hartu zuen. Hiru egunez punta-puntan aritu arren, azken eguneko 5. errondan, Nathan Yeomans estatubatuarraren aurka aritu zenean, aurrera jarraitzeko  aukera galdu zuen. Hala ere, bere mailaren erakusgarri, Aritz Aranburuk jaso zuen Euskal Herriko surflari onenaren saria finaleko sari banaketan.
Hodei Collazok ere olatu ederrak menderatu zituen, arerioentzat lehiakide gogorra izan daitekeela erakutsiz. John John Florence hawaiiarraren eta Luke Munro australiarraren aurka jokatu zuen 3. errondan, eta tentsioa mantendu zuten azken unera arte. Izan ere, azken bi minutuak iritsi aurretik Collazo izan zen nagusi uretan; azkenean, ordea, puntuazioa erabat irauli zioten aurkariek eta ezin izan zuen txapelketan aurrera jarraitu.
Bestalde, Axi Muniain, Karlos Gomez eta Indar Unanue ere aritu ziren txapelketan; lehenbiziko biak bigarren errondan kanporatu zituzten, eta Unanuek, berriz, ezin izan zuen lehen errondatik aurrera pasatu.

Festa giro nabarmena
Aurten, txapelketa Zarauzko Surf Elkarteak berak antolatu du eta bertako kideak arduratu dira  txapelketak eskatzen duen koordinazio guztiaz. ZSEko 80 boluntario inguru aritu ziren txapelketa eremuan zaindari, zerbitzari eta laguntzaile lanak egiten aste guztian zehar. Elkarteko gazteek aldizkarien bidez ezagutu dituzten surflari famatuak  bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten, esate baterako.
Txapelketarako espreski prestatutako eremuan aldagelak, prentsa bulegoa, jatetxea eta egongela jarri zituzten, kirola eta aisialdia bete-betean uztartuz. Ildo horri jarraituta, Munduko Surf Txapelketa girotzeko egunero musika emanaldiak izan ziren Desertu Txikiaren inguruan. Agertokitik pasatu ziren Buffalo, Lauroba, Jimmy Bidaurreta, Makala, Akatz, Revolutionary Brohers eta Tipa Irie taldeak, esate baterako. Ez txapelketako eremuaren inguruan bakarrik; egun haietan, herriko gainontzeko tabernetan ere nabarmena izan zen surflariek eta zaletuek erakutsi zuten parrandarako sasoia. Izarren aparretan ibiltzeko egun aproposak, zalantzarik gabe.�
 
 
Gony Zubizarreta, etxekoa balitz bezala
Izenari begiratuta soilik, nekez esango luke inork galiziarra denik. Baina kanpotarra izateko ere, ez da erabat ezezaguna Zarauzko uretan. Gony Zubizarreta surflariak irabazi zuen aurtengo Zarauzko Munduko Surf Txapelketa eta garaipena lortu ondoren egin zituen adierazpenetan, horixe nabarmendu nahi izan zuen behin eta berriz, Zarautzekin duen harreman estua: “Txikia nintzenetik sarritan etorri izan naiz Zarautzera. Hodei (Collazo) eta Aritz (Aranburu) nire anaiatzat ditut, eta ordu asko pasatu dugu elkarrekin surfean”. Hitz hauetan argi sumatzen da bertako surflariekiko duen maitasuna. Ez zen zalantzarik gelditu finalaren amaieran ere, Aranburu eta Collazo izan baitziren lehenbizikoak Zubizarretari ur ertzean ongietorria egiten. Orduan elkarri eman zizkioten besarkada indartsuak argazki artxiboetan geldituko dira; baita oroimenean ere.
Izen eta abizen zehatzetatik aldenduta, oro har Zarautzen babes handia jaso zuela adierazi zuen Zubizarretak, eta esker oneko hitzak izan zituen: “Niretzat oso berezia izan da garaipen hau, jendearen babes ikaragarria izan dut eta etxean bezala sentitu naiz. Horrek garaipen hau politagoa egin du. Oso pozik nago”.  Aurrerantzean ere, ohiko aurpegia izango da Zubizarreta Zarauzko uretan.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info