Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Gurpil deabrutuak

OHOL GAINEAN oreka mantentzen saiatzea, trikimailu desberdinak ikastea, ezinezko akrobaziak egitea, zailtasun nahiz tamaina guztietako arrapalak menderatzea... Hainbat ezaugarrik egiten du dibertigarri skatean patinatzea. Inguruko patinatzaileen bilgune dira eskualdeko skate parkeak, eta gero eta gehiago dira patinetea lagun dutela bertaratzen diren gazteak. Izan ere, skate oholak aukera zabala ematen du gaur egun: batzuek, etxetik irten eta herrietan barrena mugitzeko erabiltzen dute; beste batzuek, mendietako aldapak jaisteko edo antzeko jarduera arriskutsuak praktikatzeko. Orokorrean, dibertsio askoko kirola da.
Erakargarritasun hori agerian geratu zen Bongo’s megadendak joan den abuztuaren 1ean antolaturiko Zarauzko X-Treme Jaian. Borgetto eremuan eta Argiñanoko skate parkean kirol honetako hainbat modalitate ezagutzeko, ikusteko eta lantzeko aukera ezin hobea izan zuten gerturatu zirenek. Jardunaldiaren baitan, gainera, txapelketak eta erakustaldiak antolatu zituzten.
Antolatzaileek hiru atal bereiztu zituzten txapelketetan: half-pipe-a, slaloma eta lurreko trikimailuak, hain zuzen ere. Makina bat zale gaztetxok nahiz helduk hartu zuten parte horietan; slalomean, esaterako, 28 lagunek jokatu zuten sailkatze proba. Bestalde, half-pipe edo U arrapala modalitateko patinatze saioan Ion Quintero skater zarauztarra izan zen garaile.
Txapelketetan zehar patinatzaileek egindako erakustaldia gutxi balitz, derrapatze eta mountainboard erakustaldiek ikusmin handia sortu zuten. Gauean, Revolutionary Brothers taldearen musikak gozatu zituen Zarauzko hondartza eta malekoi inguruan bildutako jendetzaren belarriak. Skate kirolaren ikusgarritasunaz gozatzeko aukera paregabea izan zen jardunaldia. Gainera, bailarako eta inguruko patinatzaile gazteek skateak etorkizun polita duela erakutsi zuten.
Aitzakiarik ez dago, ordea. Duela urte batzuk baino skate instalazio gehiago eta hobeak dituzte gaur egun, beraien jauzietan eta maniobretan trebatzeko. Urola Kostako herri gehienek dituzte skatea praktikatzeko instalazioak. Zarauzkoa eta Oriokoa aspaldikoak dira; Zumaiakoa eta Getariakoa, berriz, berriagoak. Aia da gazteengan horren hedatuta dagoen kirol hau praktikatzeko instalaziorik ez duen herri bakarra. Skate parkea patinatzaileen bilgune nagusia da. Bertan kirol hau praktikatzeaz gain, tokian tokiko zailtasunei buruz hitz egiten da; hau da, trikimailu desberdinak probatuz eta partekatuz, skatearen inguruko harremanak sortzen dira.�
Akrobaten koliseoak
Urola Kostako herri guztietan dago skate parke bat, Aian izan ezik, eta instalazio bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu.
GETARIA
Sahatsaga kiroldegiaren kanpoaldean dago kokatua, futbol eta atletismo eremuaren aldamenean, eta eskualdeko parke berriena da. Elkarri itsatsita dauden bi arrapala txikik osatzen du skate parkea. Tamainaz oso handia ez den arren, oso dibertigarria bihurtzen du bi pisten artean dagoen olatu itxurako transferrak. Uda honetan graffiti batez apaindu dute. Arrapala horien ondoan, lurrean bertan kokatuta dagoen kaxa gabeko baranda bat ere badago, erabiltzaileen dibertsiorako. Iturririk ez du eta egarria izanez gero, kiroldegi barruko aldageletara jo behar da. Bertaratzen diren skate patinatzaileek euren edariak edota freskagarriak eramaten dituzte.

ORIO
Orioko skate instalazioak A-8 autobideko zubi azpian daude, ibaiaren norabidea jarraitzen duen pasealekuaren ondoan eta saskibaloi kantxatik gertu. Altuera desberdina duten bi U arrapalek osatzen dute. Hasiera batean egurrezko beste U handiago bat zuen aldamenean, baina egurrezkoa mantentzea ezinezkoa zela-eta, zementuzko biak osatzen dute gaur egun Orioko skate parkea. Iturria ere gertu dagoela esan daiteke.

ZARAUTZ
Zarauzko parkea zementuzkoa da, Oriokoa bezalaxe; bi horiek dira bailarako lehen skate instalazioak. Kokapen ezin hobea du: Zarauzko malekoian dago, Borgetto eremuan, Argiñano jatetxearen parean. U formako bi arrapala ditu eta, alboan, oso jostagarria den bainera tankerako U txiki bat. Barandarik ez duen arren, street edo kale modalitatea praktikatu nahi duten patinatzaileentzat ere aproposak dira bertan dauden eskailerak, baita jauzi egiteko dauden hainbat altueratako koskak ere. Zarauzko lehenbiziko U arrapala Beraza parean zegoen eta egurrezkoa zen. Skate parkea eraiki zutenean Lizardi Institutuaren kanpoaldean kokatu zuten; gaur egun, aldiz, ez da existitzen.

ZUMAIA
Zumaiako skate parkea Lubaki kiroldegitik eta Herri Eskolatik oso gertu dago. U arrapala eta kale edo street modalitateak praktikatzeko aukerak eskaintzen ditu. Plano inklinatuak, U arrapala bat eta erdialdean daukan funbox (aldapadun eta barandadun kutxa) batek osatzen dute instalazioa. Iturria bertan izatea ere abantaila da erabiltzaileen egarria azkar asetzeko. Zumaiako skate parkean patinetean zein patinetan ibiltzen dira gazteak.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info