Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Merezitako tokian irristaka eta lehian

PIRAGUISMOAZ gozatzea da Itxas-Gain Kirol Elkartearen helburu nagusia. «Oso kirol gogorra da, baina badu bere berezitasuna». Pasioz hitz egiten du piraguismoaz elkarteko presidente Txiki Gorostolak: «Pertsona bezala osatzen laguntzen zaitu; sendotu egiten zaitu. Izan ere, uretan bakarrik moldatzen ikasi behar du kirolariak. Une horietan gauza ugari pasatzen zaio burutik eta inoren laguntzarik gabe konpontzen jakin behar du. Eta une zailak bezain politak dira horiek».
Zumaiar guztiek piraguan ibiltzen ikasi beharko luketela uste du Gorostolak: «Gure nahia herrian kirol hau ezagutzera ematea da. Gero, gustukoa badute, jarrai dezatela. Jakin badakigu diziplina zorrotza dela, entrenamendu askokoa, eta futbolarekin, eskubaloiarekin edota arraunarekin lehiatu behar izaten dugula. Nolanahi ere, piraguismoak xarma berezia dituzte».

Maila handiko taldea
Xarmak bultzatuta eta lana serio eginda, Itxas-Gain Kirol Elkarteak maila handia erakutsi du azken urteetan han eta hemen jokatu dituen lasterketetan. Azkenaldian fruituak jaso eta jaso ari da, gainera. «Hasi ginenetik hona oso emaitza onak lortu ditugu, bai Euskal Herrian bai Espainian, eta une honetan punta-puntan gabiltza. Edozein kluben aurka lehia gaitezke, inolako arazorik gabe. Espainian ehundik gora piragua talde daude eta lehen hamarretan sailkatu gara azken urteetan. Ongi merezita dugu lortu dugun tokia», nabarmendu du kirol elkarteko presidenteak.
Euskal Herrian ez ezik, Espainian eta nazioartean ere makina bat garaipen lortu dute. Aurten, esaterako, Euskal Ligako txapeldun izan dira; Espainiako Ligako proba guztiak jokatu ez arren, hamargarren bukatu dute denboraldia. Nazioartean ere lan txukuna egiten dute urtero-urtero, batik bat, Munduko Maratoi Txapelketan. Elkarteko piraguista aipagarriena Oier Aizpurua izan da, zalantzarik gabe. «Oierrek oso goian utzi zuen elkartearen izena nazioartean, Munduko Txapelketa 5 aldiz irabazi ondoren. Bere erretiroarekin, elkarteko etorkizuna Iñigo Peña gaztea da. Ea honek ere ibilbide oparoa duen eta taldearen izena goian mantentzen duen».
Aizpuruaz eta Peñaz gain, marka onak lortu dituen punta-puntako beste hainbat piraguista du Itxas-Gainek: Xabier Osa, Maialen Velarde, Nere Lizeaga, Iosu Ansola... Oro har, adin guztietako piraguistek osatzen dute Itxas-Gain. Kadete mailatik hasi eta beteranoetara, 60 piraguista federatu inguru dira. Bestalde, eskola, kirolaren baitan,  40 haur ere aritzen dira piraguismoa lantzen. Itsas Kiroldegian dute egoitza, baita material biltegia ere, zuzenean uretara irteteko.

40 urte eta aurrera
Itxas-Gain Kirol Elkartea 1968an sortu zen. Zumaiako lagun talde batek elkarte gastronomiko bat eraiki nahi zuen, baina garai hartan –frankismo garaian– halako elkarte bat sortzeko, kirolari lotuta egon behar zuen elkarteak derrigorrez; hau da, kirol elkartea izan behar zuen. Ondorioz, sortzaileek piraguismoa aukeratu zuten, halakorik ez zegoelako herrian, eta Itxas-Gain Kirol Elkartea izena jarri zioten. Beraz, elkartearen sorrerarekin ekin zioten piragua praktikatzeari.
Hastapen guztietan bezalaxe, elkarteak ez zuen piraguako materialik. Poliki-poliki, baina serio hasi ziren beharrezko ontziak erosten, trebatzen eta maila hobetzen. Barrena, Pascual, Aizpurua, Alkorta, Azpillaga eta beste hainbat lagun izan ziren piraguismoa lantzen hasi ziren lehenengotarikoak. Handik bizpahiru urtera, ordea, lagun taldeko kide askok soldaduskara joan behar izan zuen eta elkarte gastronomikoak aurrera egin zuen arren, piraguismoa ia desagertu egin zen. Soldaduskatik bueltan, berriz heldu zioten kirolari eta, harrezkero, ez du etenik izan.
Gaur egun ere piragua taldeak elkarte gastronomikoaren barruko atal bat izaten jarraitzen du, baina «gure ekonomia modu independentean kudeatzen dugu», azaldu du Gorostolak: «Jakina, ahalegin ekonomiko garrantzitsu bat egin behar badugu, elkarte gastronomikoaren zuzendaritzaren baimena behar izaten dugu. Gainerakoan, geure kabuz moldatzen gara».

 

Royo, Munduko Maratoi Txapelketan
Itxas-Gain elkarteak ordezkari bakarra izan du aurten Munduko Maratoi Txapelketan: Vicente Royo. Junior mailako Kepa Etxabe eta Miren Lopetegi ere txapelketara sailkatzeko lehiatzen aritu ziren, baina gutxigatik bada ere ez zuten txartela lortu. Txapelketa Crestuman (Portugal) jokatu zen irailaren 16an eta Royok beterano mailan jokatu zuen, K-1 modalitatean. Joan aurretik jakin bazekien podiumera igotzea oso zaila izango zela, maila handiko jendeak hartzen duelako parte halako hitzorduetan eta, nola ez, munduko onenak direlako. Piraguista zumaiarrak lan txukuna egin zuen eta 23. postuan helmugaratu zen. Gisa horretan, duela bi urteko arantza kendu zuen. Izan ere, 2007an Xabier Osarekin batera hartu zuen parte, baina orduan piraguako lema hautsi eta lasterketa bukatu ezinik geratu ziren. Bestalde, abuztuaren erdian, pistako munduko piraguismo txapelketa jokatu zen Kanadan eta Iñigo Peña K-4an izan zen. Final nagusitik kanpo geratu ondoren, B finalean lehiatu eta bigarren izan ziren.


Etorkizunera begira, konpromisoa
Sasoi berri bati hasiera emateko unea iritsi dela uste du Itxas-Gain elkarteko presidente Txiki Gorostolak: «Piraguista gazteak trebatu nahi ditugu, gure elkartearen etorkizuna beraiek direlako. Beraz, oinarria lantzen hasiko gara pixkanaka-pixkanaka. Piraguan ibiltzen irakatsi nahi diegu, baina baita konpromisoak hartzen ere. Seriotasun pixka bat helarazi nahi diegu gazteei».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info