Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Ama, harri-jasotzaile izan nahi dut!

DUELA URTEBETE pasatxo hasi zen harriak jasotzen Idoia Etxeberria oriotarra. Plazaz plaza aritzen den neska bakarrenetakoa da, eta guztien artean gazteena. Izan ere, 16 urte baino ez ditu. Orioko Heldu! Herri Kirol Taldearekin entrenatzen hasi zen eta pixkanaka-pixkanaka gustua hartu zion, gero eta harri handiagoak altxatuz. Orain, irailaren 26an, marka berria hautsi nahi du: 120 kiloko harri errektangularra jasotzen saiatuko da. «Miren Urkiolak 88 kiloko zilindro zaharra altxa zuen 16 urterekin, baina gure helburua ez da bere marka hobetzea, saiakera beste harri batzuekin egingo baitugu. Orain dudan adinean noraino iritsi naiteken frogatu nahi dut. Erronka pertsonala da!», dio Etxeberriak.
Berez, ekainean egiteko asmoa zuen errekor saiakera Tolosan, baina maiatzaren bukaeran apendizeko minak jo zuen eta bertan behera utzi behar izan zuen ekitaldia. Ondorioz, bi hilabetez geldirik egon da. Datorren hilabetean, ordea, 17 urte betetzen ditu eta gogotik prestatutako proba 16 urterekin gainditu nahi duenez, hitzordua jarri eta buru-belarri ari da lanean.
«Horrenbeste denbora entrenatzen ibili eta gero, ez nuen saiakera ezerezean geratzerik nahi. Astean bi egunez aritu naiz prestatzen eta duela hilabete batzuk nuen maila berreskuratu dudala uste dut. Ea dena ongi ateratzen den!».
Entrenamenduetan 120 kilo altxatzeko gai dela jakin badakien arren, orain plazan frogatu beharko du, herritarren eta epaileen aurrean. Plazan orain arte jaso duen harririk handiena 113 kilokoa da, baina «ez zen gustura geratu erakustaldiarekin». Bost minutuko txanda bat izango du harri-jasotzaile gazteak 120 kilokoa jasotzeko: «Lehen altxaldia ziurtatu ostean, ahal dudan gehien egiten ahaleginduko naiz. Ni neu sentipen onekin nabil. Gainera, jakin badakit altxatzen dudala, entrenamenduetan behintzat ez dut arazorik izan. Altxatuz gero, 16 urterekin emakume batek altxatako harri astunena izango litzateke».
Proban zehar oso urduri egongo dela aurreikusten du harri-jasotzaileak: «Azkenaldian, ordea, lehen baino lasaiago eta konfiatuago irteten naiz plazara. Gainera, badakit 120 kilo altxatzeko gai naizela eta lortuko dudala, baina herrian denek ezagutzen nautenez, builaka eta animoka izango ditut. Horrek asko urdurituko nau. Beraz, burua hotz mantentzen saiatu beharko dut».
Errekor saiakera hilaren 26an izango da, Orioko Herri Ikastolak egun horretarako antolatu duen herri-kirol jaialdian. Ikastolaren aurreko zabalgunean izango da saioa, 18:30etik aurrera. Heldu! Herri Kirol Taldeko kideek Idoia Etxeberriaren proba antolatzeko proposamena egin zioten Ikastolari, eta honek bere gain hartu zuen ekimena. Proba Erreti eta Abasolo eraikuntza enpresek babestuko dute, Orioko Udalaren laguntzarekin.�



«Erotuta nagoela eta min hartuko dudala esaten didate»

Bere adineko gazte gehienak futbolean, eskubaloian edo arraunean badabiltza ere, Idoia Etxeberriari herri-kirolak gustatzen zaizkio. 

Noiz hasi zinen kirol honetan?
Duela urtebete ekin nion serio-serio, baina 14 urterekin Heldu! Herri Kirol Taldean sartu eta probatzen hasi nintzen. Hasieran 55 kiloko harriarekin ibiltzen nintzen, ikaste aldera. Eskarmentu pixka bat izan ahala, pisua handitu dugu entrenamenduetan.
Gazte gehienek futbola, eskubaloia edota saskibaloia aukeratzen dute. Zuk nolatan aukeratu zenituen herri-kirolak?
Betidanik egin zaizkit deigarriak herri-kirolak. Proba fisiko gogorrak gainditze hori erakargarria egiten zitzaidan, eta inbidiatan egoten nintzen. Gainera, jendeak indar asko nuela esaten zidan, eta animatu egin nintzen. Egia esan, gazte gutxi aritzen da.
Gazte gutxi eta emakumeak are eta gutxiago, ezta?
Halaxe da, bai. Euskal Herrian hiru emakume aritzen gara plazaz plaza harria jasotzen une honetan: Miren Urkiola, Mari Jose Sardon eta ni neu. Urkiolak 21 urte ditu eta Sardonek, berriz, 35 inguru. Geure artean adin tarte nabarmena dago... Inor ez da animatzen-eta!
Eta jendeak zer esaten dizu harria jasotzen ikusten zaituenean?
Erotuta nagoela eta min hartuko dudala esaten didate batzuek. Harritu egitendira, baina oro har harrera ona egiten didate. Arriskutsua? Futbolean ostikada bat ematen dizuten bezala, harria altxatzen ubelduren bat aterako zaizu.
Zer esango zenioke herri-kirolean hasi nahiko lukeen horri?
Indar zakarra egitea gustatzen bazaio, bada, animatzeko. Beti ere, gorputz pixka bat izatea ezinbestekoa da, baita gogoa ere. Ni entrenamendu saioak noiz iritsiko zain egoten naiz. Jende guztiak futbolera, eskubaloira eta arraunera jotzen du, oihartzun gehiago dutelako, eta bitartean herri-kiroletan gutxi batzuk ibiltzen dira.
Harria jasotzeaz gain, beste herri-kirolik egiten al duzu?
Erakustaldietan trontzan eta txingan aritzen naiz, baina harriarekin nabil buru-belarri.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info