GAU ETA EGUN arraunean aritu ziren Joakin Gozategi eta Jose Luis Loidi oriotarrak duela hilabete eskas. Balentria lortzeko, ordea, ez zuten uretaratu beharrik izan, ezta ontzirik erabili ere. Ergometroko aulkian eseri eta tiraka jardun zuten 24 orduz, gelditu gabe. Modalitateko marka berria jarri zuten, Nazioarteko Arraun Federazioak homologatuta, eta benetan harro daude lortutakoarekin.
Abuztuaren 29ko arratsaldeko 18:00etan eman zioten hasiera erronkari eta hurrengo eguneko, abuztuaren 30eko, 18:00etan osatu zuten finkatutako helburua. Kide bakoitzak bi orduko saioak egin zituen txandaka, horrela 24 ordu osatu arte; bakoitza 12 orduz aritu zen lanean 6 txandatan. Bikoteak probarako ateratako elastiko bereziekin jardun zuen ergometroan, gainera; Gozategi horiz eta Loidi , berriz, laranjaz.
Probak Orion Jai! egitasmoarekin eta Orioko estropadarekin bat egin zuen, eta jardunaldi osoan zehar jendetzak jarraitu zuen bikote oriotarraren ahalegina. «Hiru hilabete eta erdi aritu gara proba prestatzen eta erronka menderatu ahal izateko entrenamendu gogorrak egin behar izan ditugu. Orain, proba gainditzea lortu dugunean, oso gustura gaude», dio Loidik. «Itxura batean, txandaka jardun behar genuenez, eramangarria izango zela iruditzen zitzaigun», adierazi du Gozategik, «baina zenbait mementotan luze egin zitzaizkigun txandakako saioak. Gaua izan zen probako unerik gogorrena, pixkanaka nekea eta logura agertzen joan zirelako».
Azken txanpa, ordea, hunkigarria izan zela gogoratu du bikoteak: «Une horretan jakin bagenekien marka hauts genezakeela eta jendearen animoei eta azken unean gurekin batera arraunean aritu zirenei esker, posible izan zen». Horregaitik, eskerrak eman nahi dizkiete proban zehar babesa eta laguntza eman zietenei, eta batez ere, Juan Angel Garmendia entrenatzaileari, Eder Etxeberria sendagileari eta babesle guztiei.�