Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Sandra Pino, body fitnesseko kirolaria: «Gurean onena nor den, hori erabaki subjektiboa izaten da normalean»

«BODY FITNESSAK gorputza zizelkatzea du oinarri, betiere prestaketa fisikoaren, elikaduraren eta atsedenaren laguntzarekin. Niretzat ez da kirol hutsa, bizitza ulertzeko modua baizik. Lehiatzen ez nabilenean ere, oreka hori mantentzen saiatzen naiz». Hitz gutxitan, baina zehatz-mehatz laburbildu du Sandra Pino kirolariak (Zarautz, 1984) bere diziplina. Bi urte pasatxo baino ez daramatza buru-belarri lehiatzen, eta dagoeneko hainbat sari lortu du. Aurten, esaterako, bi lehiaketatan hartu du parte, eta biak irabazi ditu: bata, Don Benito Hiria Torneo Irekia irailean eta, bestea, urriaren 10-11n Punta Umbrian (Andaluzia, Espainia) jokatutako Espainiako Txapelketa. «Lehiaketa gehiago ere bazeuden, baina bi horietara mugatu dut denboraldia. Izan ere, Espainiako Txapelketara puntuan iritsi nahi nuen, garaipena lortzeko».

Finkatu zenituen helburuak sobera bete dituzu, ezta?
Bai, halaxe da. Oso gustura nago; lortutakoa barneratzen ari naiz oraindik. Lehenik eta behin nire mailan (1,58 metro azpikoan) irabazi nahi nuen, iaz bigarren sailkatu bainintzen. Ondoren, maila absolutuaren bila joan nahi nuen. Espainiako txapelketa hainbat kategoriatan banatuta dago; emakumezkoak altueraren arabera sailkatzen gaituzte eta gizonezkoak, berriz, gorputzaren bolumenaren arabera. Hasieran zure mailakoen aurka lehiatzen zara eta, irabazten baduzu, maila guztietako garaileen aurka lehiatzen zara, txapeldun orokorra izateko. Lehiakideon artean maila handia zegoen, batik bat, nire kategorian. Bigarren izan zen Monica Bermudez oso ongi prestatuta iritsi zen txapelketara. Hala ere, irabazteko itxaropena nuen, eta halaxe izan zen. Nire mailako garaile izendatu ondoren, maila absolutuan borrokatu nuen. Azkenean, epaileek niri eman zidaten lehen saria.
 
Espero al zenuen maila absolutuan txapeldun izatea?
Susmoa banuen. Bi egunetako txapelketa izanik, finalerdietarako ia dena esanda zegoen. Gainera, kirol honetan adituek eta txapelketan zehar topatu nuen jendeak oso ongi ikusten nindutela eta, nire mailan ez ezik, maila absolutuan ere irabazteko aukera handiak nituela esaten zidaten. Iritzi horiek jasota, finalean oso lasai eta ziur aritu nintzen, ekitaldiaz gozatuz.

Espainiako txapeldun izateak nazioarteko ateak zabalduko dizkizula uste al duzu?

Zalantzarik gabe! Esaterako, Espainiako txapela irabazita Italian jokatuko den Munduko Txapelketako txartela lortu nuen. Edonola ere, bat-batean jauzi handiegia ematea zela iruditu zitzaidan, eta ez jokatzea erabaki dut. Gauzak pixkanaka-pixkanaka egitea gustatzen zait, txapelketak ongi prestatzea. Munduko Txapelketarako prestaketak ez du zerikusirik Espainiako Txapelketarako prestaketarekin. Orain baino arreta gehiago eskaini beharko nioke, eta prestaketa hori bi astetan egitea azkarregi da.

Baina jauzi hori egiteko asmoa baduzu, ezta?
Jakina baietz! Munduko txapelketaz gain, nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartzeko aukera dut; besteak beste, Europakoan eta Mediterraneo Itsasokoan. Une honetan, ordea, atseden pixka bat hartu nahi dut. Bi urte darmatzat buru-belarri body fitnessean ia gelditu gabe, eta nire gorputzak nahiz buruak geldialdi bat behar dute. Orain lasaixeago aritu nahi dut, entrenamenduekin gozatuz, baina lorik hartu gabe. Mementoz, ez naiz aipatutako txapelketetan lehiatuko. Urtebeteko tarte bat jarri nahi dut nazioartera jauzi egin aurretik. Datorren denboraldiko Espainiako txapela berretsi nahiko nuke eta, ondoren, nazioarteko helburuak zehaztuko nituzke.

Nazioarteko lehiaketetan gauzak asko aldatzen al dira?

Lehiaketa ezberdinak dira, nazioartean beste kanon bat bilatzen dutelako. Gorputza eskatzen duten horretara egokitzeko denbora behar da, eta hori ez da bi astetan lortzen. Espainiako gorpuzkerak ez du zerikusirik Europakoarekin, ezta AEBetakoarekin ere. Espainian gorputz atletikoak bilatzen dituzte une honetan; gihartsuak , baina ez gehiegi eta horren definituak. Orain gutxira arte, guztiz alderantzizkoa bilatzen zuten. Niri horrelako gorputz ereduak ez zaizkit gustatzen. Praktikatzen dutenei errespetua diet, baina iruditzen zait kirol hau muturreraino eramatea dela, eta gauza asko sakrifikatu behar direla horretarako. Oso gustura nago egungo ereduarekin eta, zorionez, nik dudana da.

Nolakoa da body fitnesseko txapelketa bat?
Epaimahai baten puntuaketaren bidez erabakitzen da irabazlea. Kirolariok oinarrizko lau jarrera paratu behar izaten ditugu –gorputzaren aurrealdea, atzealdea, ezker profila eta eskuin profila erakutsiz– eta, jarraian, epaileek baloratu egiten gaituzte.  Esan bezala, emakume atletikoak nahi dituzte. Duela urte batzuk, ordea, kulturismotik gertu zegoen. Nor den onena? Nork merezi duen irabaztea? Ez dakit...

Erabaki subjektiboa al da?
Oso subbjektiboa izaten da normalean. Iritzi bat baino ez da. Epaileek hartutako erabakia. Txapelketa batzuetako emaitzak justuak iruditu zaizkit, baina beste batzuetan, ordea, ez zaude oso ados. Gustu eta irizpide pertsonalen baitan dago azken erabakia! Nolanahi ere, ni ez naiz besteen aurka lehiatzen, nire emaitzak hobetze aldera baizik.

Zuen lan tresna zuen gorputza da, baita emaitza bera ere.
Hori da. Horregatik, lehiaketen garaian kontu handiz ibili behar izaten dugu, zer gauza egin ditzakegun eta zer ez ezbaian jarriz; batik bat, ez lesionatzeko. Izan ere, gorputza eta burua puntu-puntuan izan behar dituzu lehiatzerakoan.

Nola prestatzen zara goi mailan jarduteko?
Arreta handia eskaini behar diezu, bai entrenamenduei, bai elikagaiei. Lehiatu beharko ez banu, esaterako, ez dakit gaur egun dudan dieta jarraitzeko gai izango nintzatekeen. Goxokirik, izozkirik edo haragi gorririk ezin baldin badut jan, bada ez ditut jango. Edo, eguneko une jakin batzuetan janari zehatz bat jan behar badut, zorrotz betzen dut. Oso zaila da, eta nik neuk probatu dudalako diot. Txapelketetan murgilduta nagoenean bakarrik jarrai dezaket, bestela ezinezkoa zait!

Horrek guztiak ez al zaitu obsezionatzera eramaten?
Ez, baldin eta zure bizitzako gauzarik inportanteena ez dela garbi baduzu. Gustuko dudalako egiten dut kirol hau, baina ez da nire lehentasuna. Nire familia eta inguruko jendea da garrantzitsuena.

Kanpotik ikusita, badirudi pisua altxatzen pasatzen duzuela egun guztia. Hala izaten al da?
Bada, egia esan, ez da horrela! Hiru ordu laurdeneko entrenamendu saioak egiten ditut pisuekin astean 5 egunetan, eta egun bakoitzean gihar multzo bat lantzen dut. Kirolari bakoitzak bere moduak edo ohiturak ditu eta niri, behintzat, atalka lantzea gustatzen zait. Horrez gain, ariketa kardiobaskularrak ere egiten ditut egunero-egunero, kaloriak galtze aldera; besteak beste, korrika edo oinez ibiltzen naiz.

Body fitnessa ezezagun samarra da oraindik, ezta?
Nik uste dut ezjakintasunagatik dela. Jendeak kirol honetaz ezagutzen duen apurra edota kontatzen diotena, gauza negatiboekin lotzen du; eta pena bat da.

Paradoxikoki, ordea, jende asko aritzen da gihartsu jarri nahian kiroldegietan.
Bai, baina jendea inolako helbururik gabe joaten da gimnasiora, ahal duena edo pentsatzen duena egitera. Jendeak ez du ezagutzen kirol honek eman diezaiokeen guztia. Hasiberriak obsesionatu egiten dira, adibidez, eta ez dira konturatzen pisu askorekin aritzeagatik ez dituztela giharrak gehiago garatuko. Ohitura txar hori hedatuta dago. Gainera, lesionatzeko arriskua dago! Egokiena begirale edo entrenatzaile baten argibideak jarraitzea litzateke, askotan alferreko ariketak egiten dira-eta.

Ez da emakumezko asko ikusten gihartsu jartzen.
Hala eta guztiz ere, gero eta gehiago garela esango nuke. Beste herrialde batzuetan hemen baino emakume gehiago ikus ditzakezu muskulazio aretoan. Eta oso arrunta da. Hemen, ordea, aurreiritziz beteta daude. Pisuak altxatzen hasten badira, ni bezala jarriko direla pentsatzen dute. Nola, ordea? Ez dira konturatzen ni jo eta ke aritzen naizela entrenatzen, giharrak garatu nahian, eta dudan gorputza lortzeko sekulako lana egin behar izaten dudala.�
 
IBILBIDEA - TXAPELDUN BATEN GIHARRAK
Hasiberria. «Bi urte eta erdi daramatzat body fitnessa lantzen. Beti egin zaizkit deigarriak Arnold Schwazenegger eta antzekoen gorputzak, eta halako batean animatu egin nintzen. Bederatzi hilabetez neure kabuz aritu ondoren, elikagai gehigarriak saltzen dituzten denda batera joan nintzen nutrizioko liburu bat erostera, ordura arte ez bainekien barazkiak jatea zer zen. Liburua erosterakoan Espainiako Fisikokulturismo eta Fitness Federazioko prestatzaile Miguel Angel Romeroren berri eman zidaten, eta berarekin harremanetan jarri nintzen. Harrezkero, lanean gogor aritu ginen eta gainerako guztia bakarrik etorri zen».�
 
Konfiantzarekin. «Hasieran baino konfiantza gehiagorekin igotzen naiz orain agertoki gainera. Nire inguruko guztiek body fitnesserako balio nuela esaten zidaten, baina denbora gutxi neramanez, nik neuk ez nuen guztiz sinesten. Lehiatzen hasi nintzen, jendea ezagutzen, eta benetan hor goian nengoela ohartu nintzen. Iazko Espainiako Txapelketan Espainiako Federazioko presidente Jose Donato hurbildu zitzaidan, eta jada onenen artean nengoela aipatu zidan. Bere hitzek txapelketan eman zidaten dominak baino balio handiagoa izan zuten. Nik uste dut orain gehiago sinesten dudala neugan».
 
Oihartzuna. «Azken bi urteetan egindako esfortzu guztiaren ondoren, badirudi orain hasi naizela fruituak jasotzen. Hasieratik lortu ditut emaitza onak, baina orain ari naiz lortzen oihartzuna. Erreferentzia izaten hasi naiz body fitnessaren mundu honetan. Nire ustez hori da saririk garrantzitsuena! Espainiako Txapelketa irabaztea tartari ginda jartzea izan da». Sandra Pinok Espainiako Txapelketan bere ondoan izan ziren guztiak eskertu nahi izan ditu; batik bat, bere ama; Donostiako Psikologia Fakultateko bere ikaskideak, Miguel Angel Romero entrenatzailea eta Luis Pernas mutil-laguna.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info