Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Behobiarako autobidea

HERRI LASTERKETA bat baino gehiago da Zakila Bira. Korrikalariek Zumaia, Zestoa eta Aizarnazabal inguratzen dituen 20 kilometro luzeko ibilbide zorrotza osatu behar izaten dute, eta gehienak ez dira parte-hartze hutsarekin konformatzen. Izan ere, eguneroko ogi dira denborak, sailkapen postuak, sentipen fisikoak eta hamaika xehetasun gehiago. Oro har, Behobia-Donostia proba entzutetsu bezain jendetsurako doitze azterketa bihurtu da Zakila Bira, eta azken urteetako parte-hartze kopuruak agerian utzi du hori. Aurten, esaterako, 773 korrikalarik ekin diote probari  Erribera kaletik, orain arteko marka hautsiz.
David Martin lasartearra eta Claudia Behobide hondarribiarra izan dira aurtengo lasterketako irabazleak. Bietako inork ez zuen lortu, ordea, Zakila Birako marka berria jartzerik. Gizonezkoetan, Martin eta iazko garaile Zouinat Mouloud bilbotarra lasterketaren buru jarri ziren lehen kilometrotik, gainerako aurkariak atzean utzita. Halaxe iritsi ziren ibilbidearen erdira arte, baina Iraetatik aurrera lasartearraren erritmoa jarraitu ezinik geratu zen bilbotarra.
Ondorioz, Martin bakar-bakarrik helmugaratu zen, 1:06:18 denbora eginez. Bigarren postua, berriz, atzetik aurrera etorri zen Xabin Aranaga azpeitiarrarentzat izan zen. Aranagak azken zatian hartu zion aurrea Mouloudi.
Emakumezkoetan, Claudia Behobidek iazko garaipena berretsi zuen, 01:22:00 markarekin. Arazo handirik gabe irabazi zuen aurten ere, bigarren helmugaratu zen Izaskun Zubizarreta donostiarrari ia minutu bateko aldea aterata. Edurne Viñas oiartzuarra izan zen hirugarren, 3 minutu eta erdira.
Zumaiarren artean, Jaime Osa eta Leire Atxutegi izan ziren lasterkari bizkorrenak; lehena 13. sailkatu zen gizonezkoetan eta bigarrena, berriz,  7. emakumezkoetan.�
 
 
Gracian Galarraga, atleta omendua:«Azaroan 40 urte beteko dira nire lehen lasterketa korritu nuenetik» 
Ilusioz hartu zuen omenaldia, nahiz eta oraindik horretarako unea ez zela pentsatu. Urtero bezala, atletismoan aritutako herriko kirolari bat omentzen dute Zakila Bira lasterkertan, eta aurten Gracian Galarragari egin diote. Omendu guztiek egiten duten bezala, lasterketako irteera eman zuen eta, bukaeran, sari banaketa ekitaldian, Zumaiako Udalaren oroigarria jaso zuen.
«Azaroan 40 urte beteko dira federatu gisa nire lehen lasterketa jokatu nuela. Donostian izan zen, infantil mailako Kros Irekieran, La Salle ikastetxeko Igeltegi taldea ordezkatzen», gogora ekarri du atleta omenduak. Hala ere, urtebete lehenago hartu zuen parte lehen aldiz lasterketa batean, Zumaiako San Juan Bosco lasterketan.

Modalitate aldaketa
Iraupen ertaineko lasterketetan espezializatu zen batik bat gaztaroan. Hasiera batean krosetan eta  iraupen luzeko probetan hartzen zuen parte, baina ezusteko erabaki batek modalitatez aldarazi zuen Galarraga: «Pista Estaliko Espainiako Txapelketan sailkatzeko jardunaldian sekulako euri zaparrada bota zuen. Garai hartan, Anoetako errautsezko pistan jokatzen ziren probak, eta dena blai eginda zegoen. Ondorioz, 3.000 metroko proba egin beharrean, 800 metrokoan izena eman eta irabazi egin nuen. Horrela, jubenil mailako Espainiako Txapelketarako txartela lortu nuen». Harrezkero, iraupen ertaineko probei heldu zien buru-belarri eta, besteak beste, Gipuzkoako txapeldun izan zen 800 metrotan eta 4x400 metrotan juniorretan. Seniorretarako jauzian, ordea, lesio gogor bat izan zuen belaunean eta, jarraian, soldaduska egitera deitu zuten. Bi gertakari horiek, nolabait,  Galarragaren «goi mailako ibilbidea» amaiarazi zuten.
Maila horretan lehiatzen 6 urtez aritu ondoren utzi egin zuen arren, korrika egiten jarraitzen du. Soldaduska bukatu eta urtebetez ezertxo ere egin gabe egon zen. Gero, hain justu ere, atletismotik ezagutzen zuen lagun batek Donostian maratoi bat antolatu behar zutela azaldu zion, eta berriketa hartatik lasterketan parte hartzeko erronka sortu zen. «Maratoia korritu ondoren, sekula gehiago ez nintzela lasterketa batean aterako» pentsatu zuen, baina Galarragak korrika jarraitu zuen. Hala ere, lesioak atzetik ibili ditu segika: «Beti izan dut arazo bera! Sasoian jartzen nintzen bakoitzean hautsi egiten nintzen. Nire bizitzako gurutzea izan da! Gauzak horrela, bizikletan ibiltzeari ekin nion eta justu-justu Behobia-Donostia probarako prestatzen nintzen». Orain gutxira arte, gainera, dinamika hori jarraitu du.

Bigarren maratoia
Maratoia egin eta 25 urte geroago bigarrenez parte hartu behar zuela-eta, bizikletan ibiltzeari utzi eta entrenatzen hasi zen. Proba gainditzeaz gain, aurretik zeukan denbora 5 minututan hobetu zuen. Ondoren, Donostian jokatu zen 2005eko Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketarako prestatzen hasi zen. Orduan ere, betiko zorte txarra lagun, lesionatu egin zen. Gerora ere, lesioz lesio ibili zen jokatzen zuen lasterketa gehienetan.
«Duela urte batzuk balbula-arazoa atzeman zidaten bihotzean. Sendagileek esan zidaten korrika egiten jarrai nezakeela, baina muga baten barruan. Orain, noizbehinka entrenatzen naiz eta kitto!».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info