Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Ketaren eskutik, xake-mate erregeari!

GETARIAKO Keta Futbol Taldearen babesean, kirol atal berria sortu dute herrian: Getariako Keta Xake Taldea. Getariako zenbait zalek Zarautz Kirol Elkarteko xake ataleko taldearekin jokatzen zuen, eta «hauek herrian elkarte bat sortzeko ideia ekarri zuten Ostolaza tabernara, xakean aritzen ginen zale asko biltzen garelako bertan», azaldu du xake taldeko kide Balbino Inzak. Ideiari oniritzia eman, eta elkartea sortzeko lehen pausoak ematen hasi ziren; besteak beste, Gipuzkoako Xake Federazioarekin harremanetan jartzen. Herrian entitate juridikoa duen kirol elkarte bat egonda, taldea euren baitan sortzea erabaki zuten. «Elkarte eta estatutu berriak sortu beharrean, euren atal izatea proposatu genion Ketari, eta hauek ez zuten eragozpenik jarri», azaldu du Eugenio Urangak: «Beraz, Ketaren barruan futbol eta xake atalak egongo dira aurrerantzean. Talde bakoitzak bere bidea egingo du, baina batak bestearen berri izango du, erabakiak hartzerakoan elkar hitz eginez».
Xake taldea sortzeko ideia iaztik zuten buruan. Serioski, ordea, joan den maiatzean heldu zioten gaiari; Ketari ekainean aurkeztu zioten proposamena, eta «aho batez onartu zuten xakeari aukera ematea. Harrezkero, euren bitartez egin ditugu kudeaketa guztiak». Era berean, Getariako Udalaren babesa jaso dute eta «aurrera begira, aurrekontu bat aurkezteko asmoa dugu diru laguntzak jasotzeko eta xakeko atala behar bezala abian jartzeko».
Keta Xake Taldea hamar lagun inguruk osatzen dute; beste batzuen artean, Faustino Mirallesek, Balbino Inzak, Eugenio Urangak eta Aitor Larrañagak. Mementoz, lagunartean antolatzen ari dira, eta oraindik ez dituzte elkarte barruko ardurak banatu, baina «berandu baino lehen egituratuko dugu guztia».

Behe-behetik gora
Urtarriletik aurrera Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen ligan hartuko du parte. Lehen denboraldia izango denez, beheko mailatik ekin beharko dio bere ibilbideari, Gipuzkoako hirugarren mailatik, zehazki esateko. Hutsetik hasi behar badute ere, pixkanaka-pixkanaka mailaz maila igotzeko itxaropena dute xakezale getariarrek.
Ligako txapelketa taldeka jokatzen da; gutxienez lau jokalarik osatu behar dute taldea, eta gehienez ere seik. Jardunaldi bakoitzean lau partida jokatzen dira, eta astetik astera jokalariak aldatzeko aukera dago. Edonola ere, «oraindik ez dugu erabaki gutariko nortzuk jokatuko duten taldearekin, baina urtarrilerako zehaztuta izango dugu», azaldu du Faustino Mirallesek.
Urtarrila bitartean, elkarteari bultzada eman eta herrian xakezaletasuna piztu nahian, hainbat jarduera antolatu dute taldekideek. Horietako bat, jada abian den Xake Txapelketa Herrikoia da.. Joan den irailean deialdi irekia egin zuten eta, harrezkero, 15 lagun ari dira xake-matean. Ligaxka moduan jokatzen ari dira txapelketa, Ostolaza tabernan, jokalari bakoitzak astean bina partida jokatuz.

Serio antzera
Txapelketak harrera ona izan duela adierazi dute Getariako Keta Xake Taldeko kideek. Lehendik ere Ostolaza tabernan elkartzen ziren lagunartean xake partidak jokatzeko, «baina lehen jolas moduan aritzen ginen. Orain, taldea sortu dugunetik, serioago jokatzen dugu: erlojuarekin, mugimenduen atzerako martxarik gabe... Seriotasun hori emateko aitzakia ere bada txapelketa hau», dio Balbino Inzak.
Honakoa ez da herrian xake txapelketa bat antolatzen duten lehen aldia. Aitzindaririk ere izan zen. Duela 18 urte inguru Mahasti tabernan halako txapelketa bat antolatzen zuten. Ekimen hark lau urtez iraun zuen eta ikusminez jarraitzen zuten herritarrek. Ondoren, antolatzaileak nekatu egin ziren, eta bertan behera geratu zen. «Garai hartako giro eder hura berreskuratu nahi izan dugu!».
Txapelketa herrikoietako partidek ordubeteko iraupena dute, eta erlojuaz kontrolatuta daude. Oro har, xakeko txapelketa gehienetako ohiko arauak hartu dituzte kontuan. Partidak astelehenetan eta asteazkenetan jokatzen dituzte, 17:00etatik 19:00etara. Dena zehaztuta badago ere, ordutegi malgua dutela adierazi dute taldekideek, parte-hartzaile bakoitzaren lanaren arabera. Gutxienez, astean bi partida jokatzen dituzte, eta azken jardunaldia azaroaren 15ean izango da. Ligaxka jokatzen ari direnez, mementoz ez da finaleko partidarik izango; soilik lehen sailkatuen artean berdinketa balego eta irabazlea nor den erabaki beharko balitz. Txapelketa herrikoiaren bukaerarekin batera, herriaren aurrean taldearen agerraldi ofiziala egin nahi dute, baina oraindik ez dute ezer zehaztu.

Xakea sustatu
Jokatzen ari diren txapelketa herrikoiarekin batera, haurren artean xakea sustatzeko beste txapelketa bat jarri nahi dute abian. Irailean egindako deialdian gazte gutxik eman zuten izena, eta eskolan gaia bultzatzen ari dira. «Gazteak kirol hau ezagutzera animatu nahi ditugu», nabarmendu du Inzak: «Gure asmoa asteburu batean txapelketa ireki bat egitea da».
Ilusiorik ez zaie falta xakezale getariarrei, baina jakin badakite hasi baino ez direla egin: «Abian gaude. Jokatzen hasiko gara eta ikusiko dugu zer egin dezakegun edo noraino hel gaitezkeen. Gure asmoa jendea animatzea eta taldea handintzen joatea da. Eta, biharko egunean bi talde ateratzeko aukera badugu, bada, batek goiko mailan eta besteak beheko mailan jokatu ahal izango luke. Herritar eta zaletu guztiei kirol aukera berri bat ematea da gure asmoa!».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info