Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Aiako neskak pilotarekin bat

AURTEN LEHEN ALDIZ Nesken Pilota Eskola jarri dute martxan Aian. Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatu du ikastaroa, Aiako Udalaren lankidetzarekin batera, eta Emakumea Pilotari proiektuaren baitan kokatzen da. Pilota eskolako saioak urriaren 9an hasi zituzten, eta ikasturte bukaera arte iraungo du, ekainera arte. Ekimena 10 eta 16 urte bitarteko neskei zuzenduta dago eta, guztira, 8 neskek eman dute izena. Dena dela, izena eman duten partaide guztiak alebin mailakoak dira, 11 eta 12 urte bitartekoak. Zortzikotea herriko pilotalekuan elkartzen da ostiralero entrenamenduak egiteko, Emakumea Pilotariko teknikari Patricia Espinarren gidaritzapean. Ordu eta erdiko saioak egiten dituzte astero-astero; 17:30etik 19:00etara, hain zuzen ere. Pilota eskolan paletarekin jarduten dute eta, bertan, modu dinamikoan lantzen dituzte ariketak, jolasen eta partidatxoen bidez. Saioak oso era lasaian ematen dituzte, parte-hartzaileak ikastera eta ondo pasatzera etortzen direlako. Iaz ere, Gipuzkoako Pilota Federazioak nesken artean pilotazaletasuna sustatzeko jarduerak egin zituen ikasturte amaieran Lardizabal Herri Eskolan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan. «Aiako neskatilak oso pilotazaleak zirela konturatu ginen hasiera-hasieratik. Izan ere, eskolarteko txapelketetan urtero hartzen dute parte, eta oso ongi moldatzen dira. Ondorioz, paleta-eskola martxan jartzea ideia polita zela iruditu zitzaigun», azaldu du Emakumea Pilotariko teknikariak.
 
Zarauzko neska-mutilen pilota eskola 
AIAN EZ EZIK, Zarautzen ere badago Nesken Pilota Eskola. Honakoa ere Gipuzkoako Pilota Federazioak gidatzen du, baina Zarautz Kirol Elkarteko pilota atalarekin elkarlanean. ZKEren pilota atalak iaz sortu zuen alebin eta infantil mailako neska-mutilentzako pilota eskola, eta aurten ere abian jarri ditu ikastaroak. Neskak palaz aritzen dira eta, une honetan, dozena bat lagunek osatzen dute taldea. Saioak Zarauzko Zinema pilotalekuan (Gaztelekuan) egiten dituzte asteazkenetan, 17:00etatik aurrera. Mutilak, berriz, 25 lagun inguru dira, eta eskuz jokatzen dute pilotan. Alebinek asteartetan egiten dituzte saioak, 17:00etatik 18:00etara, Zineman. Infantilek, bien bitartean, astean bi entrenamendu egiten dituzte, 17:30etik 19:00etara; astelehenetan Zineman eta asteazkenetan Aritzbatalden. Pilota eskolako irakasleak honako hauek dira: Jokin Argote, Javi Oteiza, Iñigo Benito, Iban Jauregi, Josu Egiguren eta Patricia Espinar. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek Zarautz Kirol Elkartearen bulegoan eman dezakete izena (bertako telefonoa: 943 831463).� 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info