Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Ehun kilometro, milaka pauso

SANTANDERRETIK 7 kilometrora dagoen Santa Cruz de Bezama (Kantabria, Espainia) herrian 100 kilometroko  korrika lasterketako Espainiako Txapelketa jokatu zen iraileko azken asteburuan. Erronka gainditu nahian, 116 korrikalari bildu ziren bertan; horien artean, Jose Manuel Martinez Garrastazu triatleta zarauztarra. Proba osatu ez ezik, emaitza ona lortu zuen honek. Izan ere, 5. postuan helmugaratu zen, 8 ordu, 19 minutu eta  6 segundoko markarekin. Lasterketa 44 lagunek baino ez zuten bukatu.
«Kalkulatzen nuen denbora egin nuen gutxi gorabehera, eta gustura nago lortutako markarekin», nabarmendu du Martinez Garrastazuk. «Beldur handiarekin ekin nion lasterketari. Entrenamenduetan gehienez ere 50 kilometro eskas egin nituen jarraian. 65. kilometrora arte ongi joatea espero nuen baina, hortik aurrera,  ez nekien gorputzak nola erantzungo zidan. Horren arabera zegoen guztia. Azkenean, espero baino hobeto osatu nuen».
10 kilometroko ibilbide bati 10 itzuli eman behar izan zizkioten parte-hartzaileek. Abiapuntutik igarotzen ziren bakoitzean zenbat itzuli geratzen zitzaizkien erakusten zieten kartel batekin. «Horrek, psikologikoki asko nekatzen zaitu», dio triatletak: «5. itzulian atzerakontua hasi dela iruditzen zaizu, baina oraindik lasterketaren erdia falta zen, beste 50 kilometro, eta 3. kilometrotik aurrera itzuliak gero eta luzeagoak egin zitzaizkidan. Benetan gogorra!».
Antza denez, 100 kilometroko lasterketa bat egiteko ilusioa aspalditik zeukan, baina «triatloian murgilduta nabilenez, beti ari nintzen ironmanen bat edo Zarauzko Triatloia prestatzen. Aurten, uda aldean, korrika gehiago egiten ari nintzenez, animatu eta buru-belarri jarri nintzen proba prestatzen». Helburua gainditzea lortu du, eta pozez gainezka dago. Hala ere, «triatloia gehiago gustatzen zait eta, printzipioz, iraupen luzeko halako beste lasterketaren bat egiterik ez dut aurreikusten».
Muturreko proba gogorrak egitera ohituta dago, jada 7 ironman osatu baititu bere ibilbidean. Nolanahi ere, ironmaneko entrenamenduak iraupen luzeko lasteketetekoak baino «eramangarriagoak» direla dio kirolariak. Gainera, «korrika bakarrik eginez lesionatzeko arrisku gehiago dago, kolpe ugari jasaten baitute oinek».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info