Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Hariari Tiraka

Sukarra berriz itzuli da!

HONDARTZAKO futbolaren sukarra itzuli da. Eskualdeko makina bat futbozale taldetan elkartu da berriro ere, elastiko koloretsu bat defendatzeko prest, baloia aurkariaren ateraino harrotzeko aurki, dela Zumaiako Itzurun hondartzan, dela Zarauzko hondartza luzean. Lagunartean, baina norgehiagokak galdutzat jotzeko inolako asmorik gabe. Garaipena da emaitza; koadrila artean futbolean jokatu, izerdia bota eta ondorengo txikiteoa edo hamaiketakoa da, berriz, filosofia. Hondartzako futbola edo plaieroak kirola baino gehiago da!

Tradizioaren bidea

Urriko lehen igandean hasi zen Zarauzko Hondartzako 66. Futbol Txapelketa, eta dagoeneko hainbat jardunaldi jokatu dute. Aurten 27 taldek eman dute izena txapelketan, iaz baino hiru gutxiagok. Horietatik 16 gizonezkoenak dira: ARG, Artilan Alfonbrak, Asergroup Cidemco, Asti Pinturak, Decoracion Bat, Itxas Lur Taberna, Itxaski Taberna, Kepa Loidi Harategia, Kirkilla Enea, Marmol Malecon, Otzarreta Grafikak, Salbide Taberna, Tarin Euskalduna, Txanela, Ximut Sei eta Ulazia Bidaiak, hain zuzen ere. Gainerako hamaikak, bien bitartean, emakumezkoenak dira: Aranola Leihoak, Arazi Txangurro, Katixa, Kiribil Estilistak, Kupela, Tarin Euskalduna, Txiki Polit, Xixario, Zubi Ondo, Izeta Erretegia eta Rovelli.
Partidak hamabostean behin jokatzen ari dira, salbuespenak salbuespen, itsasbeheraren eta egutegiaren arabera. Finalerdiak martxoan izango dira, eta finaleko partidak apirilaren 11n izango direla azaldu du Zarautz Kirol Elkarteko futbol atalak. Txapelketaren funtzionamendua azken urteetako bera da: talde guztiak elkarren aurka lehiatuko dira hasiera batean eta, ondoren, sailkapeneko lehen erdiak liga jokatuko du eta beste erdiak, bien bitartean, kopa.

Itzurungo estadioa
Bi urteko etenaldiaren ondoren, plaieroetan jokatzeko amorratzen zeuden zumaiarrak eta herriko zale batzuen ekimenez, Zumaiako Hondartzako Futbol Txapelketa berreskuratu zuten iaz. Berpizkundeak harrera ona izateaz gain, ikusmina sortu zuen herrian. Ondorioz, aurten ere txapelketarrekin jarraitu dute.
Iaz bezala, gizonezkoen zortzi taldek neurtuko dituzte indarrak aurtengo lehiaketan: Harai Mekanizatuak, Muebles Artetxe, No Soluxion, Astiaran, Eskamak, 7 Mares, Zuekin eta Indaux. Guztira, sei jardunaldi jokatuko dituzte eta, denek denen aurka lehiatu ondoren, printzipioz, erdiak liga jokatuko du eta beste erdiak, kopa. Finaleko partidak apirila inguruan jokatu nahi dituzte, joan den urtean bezalaxe. Aurreko denboraldiaren dinamikari helduz, hamabostean behin izango dira norgehiagoka gehienak; hau da, jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuz, larunbatean eta igandean banatuta.
Beraz, datozen 6 hilabeteetan
futbol ikuskizuna bermatuta egongo da Zarauzko nahiz Zumaiako hondartzetan. Herriko jendearen ahalegina bertatik bertara jarraitzeko eta gozatzeko aukera ezin hobea izango da beste denboraldi batez. Onenek irabaz dezatela!�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info