Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Euskararen alde saltaka saioa

Zumaiako Euskararen Asteko antolaketa-batzordea. AURTEN HIRUGARREN urtez ariko gara Zumaian saltaka, euskararen alde.
Euskararen Astearen barruan antolatzen den ekintza hau, Txinparta euskara taldeak proposatu eta Euskararen Aholku Batzordean landutako ideia da, eta jendea euskararen inguruan mugiaraztea da helburua; sentiberatzea, kontzientzia lantzea...
Izenari dagokionez, komeni da argitzea saltaka esaten diogula Zumaian (eta inguruko beste herri batzuetan) lasterka edo korrika aritzeari, eta egokia iruditu zitzaigun ukitu zumaiar hori ematea ekimenari, herriko hizkera ere bultzatu nahi dugulako.
Korrika moduko bat dela esan dezakegu, baina herri mailakoa. Ibilbidea hauxe da: Itsas kiroldegitik irten, Gernika parketik Zubitxikira joan (Moilaberriko zubian bidezidorra hartu gabe!), Beheko Plaza aldetik Erribera kalera sartu eta Kofradiako plazan amaitzen da, guztira kilometro inguru egin eta gero.
Antolatzaileak euskararen inguruan mugitzen garenak eta euskararen alde lan egin nahi duten hainbat talde gara.
Udalaren babesa du, eta elkarlanean antolatutako ekintza da, Euskara Zerbitzutik bideratua.
Ez dago izena eman beharrik; nornahik har dezake parte, heldu nahiz ume, emakume zein gizon, gazte edo gaztetxo. 100 lagun inguru elkartu gara aurreko bi urteetan, eta ea aurten eta datozen urteotan kopuru horrek gora egiten duen.
Aldaketa batekin dator aurtengo saltaka saioa. 2007an eta 2008an larunbat arratsaldetan egin izan dugu, baina antolatzaileok egokiago ikusi dugu eguerdi aldera aldatzea, egun argiz egiteko eta jende gehiagok parte har dezan. Saioaren ondoren, salda banatuko dugu Kofradiako plazan, eta nahi duenak bazkaltzeko aukera ere izango du Beheko Plazan adinekoen tabernan egingo den herri bazkarian.
Zumaian Saltakako elastikoak salgai daude Turismo Bulegoan, 5 eurotan. Umeen elastikoa iazkoaren antzekoa da, marrazkia pixka bat aldatuta. Helduenak (emakumezkoenak eta gizonezkoenak), laranja edo teila kolorekoak dira.
Gonbidapena egin nahi dugu: azaroaren 28an, eguerdiko 13:00etan, zatozte Zumaiara saltaka egitera, euskararen alde!�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info