Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Imanol Lopez, zesta-punta jokalaria: «Buruz burukoa oso gustuko dut, baina binakakoan dudan konfiantza falta zait»

BIGARREN URTEZ jarraian, Binakako MundukoTxapelketa irabazi du Imanol Lopez (Zumaia, 1984) zesta-punta jokalariak. Badirudi Iñaki  Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil herrikideek osatutako bikote garaiezinaren lekukoa hartu duela. Osa Goikoetxea-Enbil bikoteak bost txapela jantzi zituen errenkadan; Lopezek, berriz, bi daramatza jada. Bere agintaldia gero eta gertuago al dago? «Boladak dira. Kirolari guztiak bere unea noiz iritsi zain egoten dira, eta nik uste dut nirea oraingo hau dela: lesiorik ez dut izan urte osoan zehar; gauzak ongi atera zaizkit; fisikoki eta psikikoki ongi aritu naiz; eta gogotik egin dut lan. Zortea izan dut, eta 2009a nire urtea izan da. Horrek ez du esan nahi nire eremua markatu dudanik. Horretan ere saiatuko naiz, baina pausoz pauso», dio txapeldunak.

Bigarren txapelak lehenak baino zapore hobea al du?
Iaz Jai-Alive enpresak antolatu zuen Munduko Txapelketa, eta aurten Master Jairekin batera antolatu du. Jende askoren ustez, iazko txapelak ez zuen horrenbesteko meriturik, enpresa bakarrak sortutako txapelketa izan zelako eta jokalari on asko ez zeudelako. Aurten jokalari azpimarragarrienekin jokatu da, eta garaipena berretsi dut. Niretzat txapela bera da eta bi lorpenei garrantzia bera ematen diet. Hala ere, jendeak gehiago baloratu du bigarren hau. Aurtengo binakakoa justuagoa izan da, enpresek bikote orekatuak osatu baitituzte. Enbilek eta Osa Goikoetxeak berriz ere elkarrekin jokatuko balute, ez litzateke Munduko Txapelketarik jokatu. Pilotarentzat onena dena bilatu nahi izan dute, txapelketa irekia antolatuz.

Euskal Herriko denboraldia bukatu da eta binakakoaz gain, beste hainbat garaipen ere lortu duzu. Zer nolako balorazioa egiten duzu?
Txapelketa guztiak bata bestearen atzetik jokatu ditut eta ez da erraza izan guztietan maila bera ematea. Denetara iritsi nahi izan dut, eta askotan ezinezkoa egin zait!  Hala ere, gauzak ongi atera zaizkit, txapelketa ugari irabazi baitut: Binakako Munduko Txapelketa, Miarritzeko Urrezko Eskularrua eta Markinako nahiz Hondarribiko Master Serieak, esaterako. Lorpen guztiak dira ongietorriak, baina Urrezko Eskularrua eta Munduko Txapelketa dira garrantzitsuenak, eta horietara ongi prestatuta iritsi nahi nuen. Banakakoak ihes egin zidan, ordea; Miarritzen mendean hartu nuen Iñaki Osa Goikoetxea, baina buruz burukoan bere legea jarri zuen. Beti nabil bera garaitzeko zorian.

Horren denboraldi bikaina egitea espero al zenuen?
Egia esan, ez. Miamin pauso bat aurrera egin nuen aurtengo neguan eta, ondorioz, ongi ariko nintzela pentsatzen nuen. Nolanahi ere, ez nuen espero horrenbeste txapelketa irabazterik. Lana txukun eginez gero emaitzak lortzen dira, eta nik lan asko egin dut urte hasieratik. Fisikoki ongi prestatzeaz gain, buru-belarri ibili naiz Miamin.

Iaz ere maila handia zeneukala erakutsi zenuen. Zure garapenaren abiapuntua izan zela pentsatzen al duzu?
Nik uste dut baietz. Bost urte daramatzat AEBetan eta orain arte Osa Goikoetxea ikusi dut irabazi eta irabazi. Aurten, ordea, garaiezina ez dela konturatu naiz; hau da, bere aurka aurrez aurre jokatu dezakedala. Oraintxe bertan, Irastorza, Osa Goikoetxea eta hiruok maila berdintsuan gaude, eta egun onena duenak irabazten du. Urtebetean jauzi kualitatiboa egin dut, eta hori norberak duen konfiantzaren eta egindako lanaren fruitua da.

Kantxa barruan, zure jokatzeko modua oldarkorragoa eta irabazleagoa al da orain?
Urteak pasa ahala gauzak sakonago pentsatzen ditut, arreta gehiagorekin. Ideiak garbiago ditudanez, erabakiak azkarrago hartzen ditut orain. Oldarkorragoa ote naizen? Hori ideiak garbi edukitzearen baitan dago. Partida batean garbi jakin behar dugu noiz erasotu behar dugun, noiz defendatu, noren aurka nola jokatu, zein material aukeratu edota zein frontoitan lehiatuko naizen. Profesional moduan eskarmentua hartu dut, eta jada badakit zer komeni zaidan une bakoitzean.

Hala ere, bada trabatzen zaizun txapelik: Banakako Munduko Txapelketakoa, esaterako. Bi urtez jarraian txapeldunorde izan zara. Zer falta zaizu?
Beti trabatzen zait, bai Euskal Herrian bai AEBetan. Orlandon Citrus izeneko txapelketa garrantzitsua jokatzen dugu atzelarion artean, eta badaramatzat bi urte tanto baten faltan galtzen. Partida amaitu ezinik geratzen naiz! Euskal Herrian ere finalera iritsi naiz azken bi urteetan, baina ezin izaten dut irabazi. Buruz burukoa asko gustatzen zaidan modalitatea da, baina zehaztea falta zait. Binakakoan dudan konfiantza falta zait. Irabazteko zorian egon naiz eta, zalantzarik gabe, nire helburu nagusia da. Iaz nik egin nituen gauzak gaizki; aurten, gauzak ongi egin ditudan arren, Zumaiako tigrea (Iñaki Osa Goikoetxea) izan dut aurrez aurre.

Bera mendean hartzea horren garesti al dago?
Oso konplexua da, bai, baina ez da ezinezkoa. Hainbat gauza hartu behar da kontuan; besteak beste, zein frontoitan jokatzen ari garen, zer nolako pilotekin, eta abar. Dena dela, berari irabazteko joko biribila egin behar duzu eta, era berean, bera endredatu egin behar da. Norberak dena perfektu eginda ere, garaipena ez da horren erraz lortzen. Egindako hutsak oso garesti ordaintzen dira Osa Goikoetxearen aurka. Buruz burukorako sekulako gaitasuna du; agian azken urteetan beste inork izan ez duena. Egun aparta behar da berari irabazteko.

Adituen arabera, bere ondorengo zuzena zara. Zuri zer iruditzen zaizu?
Nik ez dut horren argi ikusten. Bera aurrelaria da eta ni, berriz,  atzelaria. Berak ezaugarri jakin batzuk ditu jokoan, eta nik beste batzuk. Jendeak konparatu egiten gaitu, baina hori ezinezkoa da. Irastorzarekin edo Enbilekin konparatuko banindute, ulergarriagoa izango litzateke, guztiok atzelariak garelako. Konparazioak gorrotagarriak dira eta pilotari bakoitzak bere ibilbidea jarraitu behar du, bata bestearen pare jarri gabe. Niri, behintzat, ez zaizkit halako kontuak gustatzen.

Zumaiako zesta-punta eskola munduko azpimarragarrienetakoa da. Zer du berezia horren ongi funtzionatzeko?
Bada, lehen ez zegoen zesta-puntarako horrenbesteko zaletasunik herrian; AEBetara joan zirenak ere gutxi batzuk ziren, Mugerza eta Ulazia, adibidez. Ondoren, zesta-punta eskola zabaldu zuten herrian, eta bere fruituak ematen hasi zen. Ondorioz, gaur egun Zumaiako 8 jokalari inguru gabiltza Miamin eta Danian. Gaur egungo gazteek agian badute pizgarri bat gure ibilbideak ikusita, baina gu hasi ginenean ez geunden horri begira. Ez zegoen erreferenterik. Egungo gazteei erakargarria egiten zaie zesta-punta, harrobi ona dagoelako, erreferentzia onak daudelako, maisu onak daudelako eta giro ederra dagoelako. Nik uste dut hor dagoela gakoa.

Gaurko gazteek, ordea, ez dute zuek zeneukatena: entrenatzeko frontoi luze bat, alegia.
Odieta esku pilotako frontoia zen, baina trebatzeko asko balio izan zigun, bai atzelarioi, bai aurrelariei; errebotea hartzeko, pilota bizia erabiltzen ikasteko... Gaur egungo gazteek, aitzitik, batetik bestera ibili behar izaten dute ganoraz entrenatzeko. Pena da herrian frontoirik ez izatea. Niri zuzenean ez dit eragiten, nire bidea eginda daukadalako, baina zesta-puntaren etorkizunak kezkatzen nau. Zumaiako eskolak aurrera egin ahal izateko aukera edukitzea gustatuko litzaidake, eta hemendik urte batzuetara Zumaiako gazteak kantxetan ikustea. Ea zorte pixka batekin Udala eta enpresa eraikitzailea iritsi diren akordioa betetzen duten, eta urte pare batean frontoia egiten diguten!�
 
 
AEB-ETAKO ZESTA-PUNTA: BESTE MUNDU BAT, BESTE JOKO BAT
Txapelketak. «Urtero Citrus izeneko txapelketa jokatzen dugu Orlandon eta horixe da garrantzitsuena. Horrekin batera, Miamiko denboraldia dago, urtarriletik uztailera (Winter Season) eta uztailetik abendura (Summer Season) bitartean jokatzen dena. Inportanteena eta, era berean, guk jokatzen duguna, neguko saioa da, urtarriletik uztailera artekoa. Izan ere, uztailetik azarora bitartean Euskal Herriko denboraldia egiten dugu. Bestalde, duela 2 urte enpresen arteko munduko zirkuitua antolatu zuten Orlando-Dania-Miamin eta Euskal Herriko hainbat pilotarik jokatu zuen. Txapelketa hura erreferentzia polita izan zen».�
 
Kinielak. «AEBetan kiniela sistemako partidak jokatzen ditugu. Joko oso bizkorra da. Zortzinaka jokatzen dugu, banaka zein binaka, eta bakoitza batetik zortzira zenbatuta egoten da. Ilarako lehenengo biak kantxara ateratzen dira eta tanto bakarrera jokatzen dute; irabazten duenak ilarako hurrengoaren aurka jokatzen du eta galtzailea ilararen atzealdean jartzen da berriro. Zortzigarrenera arte tanto bakoitzak puntu bat balio du; bigarren itzulitik aurrera, berriz, bi puntu. Zazpi puntu lortzen duen lehenak irabazten du partida. Frontoian 12 kiniela daude egunero, eta nik normalean bost jokatzen ditut».�
 
Izaera. «Euskal Herrian babesleei eta telebistei esker bizi gara; AEBetan, berriz, apustuengatik. Estatubatuarrak ia egunero joaten dira frontoira apustu egitera, eta hori da gure ogibidea. Han ez dago publizitaterik eta gu jokalariak baino ez gara. Apustuan datza hango jokoak. Funtzio bakoitzeko 70-80 mila dolar jokatzen dira, gutxi gorabehera. Euskal Herrian 6 hilabetez joka daiteke, baina hortik aurrera ezin da, nahiz eta enpresak aukera berriak aztertzen ari diren. Dena dela, Euskal Herrian esku pilota da nagusi, telebistetan nahiz komunikabidetan oihartzun gehien duena baita».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info