Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Zilbor-hestearen jarraipena

AMA IZATEA esperientzia zoragarria da, bizipen ahaztezina, baina eragin nabarmena du emakume baten bizitzan. Eta, emakume hori kirolaria bada, berdin eragiten al du? Haurdunaldi baten ostean, goi mailan lehiatzea posible al da? Ama izateak dakartzan erantzukizunak kirolarekin uztartu al daitezke? Amatasuna eta kirola bateragarriak dira baina, onerako zein txarrerako, ezer ez da berdin.
«Zalantzarik gabe, ama izatea onerako izan da niretzat», nabarmendu du Iratxe Aranburu korrikalari zarauztarrak: «Kirolean buru-belarri nintzelarik, balore asko eta mota guztietako sentimenduak bizi izan nituen. Amatasunak horiei guztiei errepasoa eman die eta bizitzaren ikuspuntu berri batean kokatu nau».  Iritzi bera du Esther Cruz eskalatzaile zumaiarrak eta, horrekin batera, «psikologikoki modu positiboan» eragiten duela gaineratu du: «Beste sentipen bat duzu eta kirol emaitzak bigarren maila batean geratzen dira. Niri presioa kentzeko lagundu dit». Amatasunak «kirolariari motibazio gehigarria» ematen diola uste du Eder Etxeberria kirol mediku oriotarrak: «Askotan denbora luzez ari zara kirolean, eta ama izatea haize berri bat izan daiteke».
Sentipenak sentipen, haurdunaldiak aldaketa fisiko nabarmena eragiten du emakumearen gorputzean. Goi mailako kirolari batentzat ongi pentsatu beharreko erabakia izaten da, gainera. Izan ere, haurdun geratzeak gutxienez urtebeteko geldialdia suposatzen dio; entrenamenduak eta lehiak alboratu beharra. Kirol ibilbidea etete horrek zalantza asko sor dezake.

Erabaki zaila ote?
«Kirolari profesionala den emakume bat egon daiteke kinka larrian. Gainerakoan, entrenamenduak, txapelketak eta podiumak albo batera utzi beharra ez dut uste zaila gertatzen denik, balantzaren beste aldean bizi berri baten mirariaren lekukotza duzunean», nabarmendu du Aranburuk.
Etxeberriari ez zaio iruditzen «horren traumatikoa» denik haurdun geratzea. Bere ustez, lesio batek gehiago bazter dezake kirolaria kirol mundutik: «Lesio garrantzitsu batek 5 hilabetez geldirik utz zaitzake. Haurdunaldian, aldiz, geldialdi hori ez da bat-batekoa. Bosgarren hilabetera arte entrenatu zaitezke normal antzera, eta ondoren ere ariketa fisikoa egiten jarrai dezakezu. Sasoia galtzen da, jakina, baina denboraldi baterako izaten da. Ondoren, lasai itzuli zaitezke kirola egitera».
Cruzek gazterik izan zuen bere lehen haurra, 25 urte zituela. Une horretan Espainiako txapelketetan goiko postuetan sailkatzen bazen ere, ez zuen zalantza handirik izan erabakia hartzerakoan. «Gauzak oso argi neuzkan, berriz sasoian jarri eta nire semearekin batetik bestera aritzeko asmoa bainuen. Egia esan, ongi moldatu nintzen. Haurdunaldiaren ostean, Espainiako txapeldun izan nintzen, ama izan aurretik inoiz lortu ez nuena».
Ama diren kirolariak txapelketetan lehiatzen ikusteak emakume bat baino gehiago animatu du pausoa ematera. «Eskaladan, esaterako, bik eman genuen lehen urratsa, inork arriskatu nahi ez zuenean. Ama izan ondoren txapelketetara itzuli ginela ikusirik, posible zela konturatu ziren. Harrezkero, animatuz joan dira gainerako eskalatzaileak ere. Erreferentziak daudenean, errazagoa izaten da beti», nabarmendu du eskalatzaile zumaiarrak.


Maila galtzeko beldurra
Amatasuna eta kirola bateragarriak dira eta gaur egun gero eta  gehiago dira hori esan dezaketen kirolariak. Nolanahi ere, garai batean izandako maila ez berreskuratzeko beldurra, egon badago. Pentsamolde hori «ezjakintasunagatik» dela uste du kirol mediku oriotarrak. Kirola egiteari modu erradikal batean uzten ez baldin bazaio, lehiara itzultzea ez litzatekeela asko kostatu behar iritzi dio honek.
Inork ez du zalantzan jartzen lesio garrantzitsu bat jasan ondoren lehengo mailara itzul daitekeenik. Bada, haurdunaldia gauza bera edo, beharbada, hobea dela azaldu du Eder Etxeberriak.  Izan ere, «etenaldi bat baino ez dago. Fisiologikoki ez du aldaketarik eragiten giharretan. Beldurra egon daiteke, nola ez, baina ez luke hala izan behar. Gogotik entrenatuz gero, berehala berreskura daiteke maila».
«Gainerako emakumeen artean ez dakit, nire kasuan nuen mailara ez iristeagatik ez dut inongo beldurrik, lotsarik edo amorrurik», garbi utzi nahi izan du Aranburuk. «Alderantziz, garai batekoak osoki bete izan ninduen eta orain ere, garaian garaikoa biziz asebete naiz. Nire alaba da bizitza honetan egin dudan lasterketarik garrantzitsuena, honatx nire maila altua!».
Eskalatzaile zumaiarrak bi seme-alaba ditu, 8 eta 3 urtekoak, eta urte bukaerarako hirugarrena espero du. Bere esanetan, «beti geratzen zaizu zalantza hori eta, are gehiago, hirugarrenaren zain zaudenean! Lehen nuen maila izatera iritsiko al naizen galdetzen diot neure buruari. Baina, ez dut uste arazo handirik izango dudanik. Urte asko badaramazu entrenatzen, gorputza berehala itzultzen da lehengora. Burua aurrera badoa eta helburuak argi badituzu, gorputzak segituan erantzuten du. Lehiara itzuli nahi baduzu, normalean itzultzen zara. Itzultzea borondate kontua da».

Itzulera buruan
Borondate kontua izanda ere,  kontuan izan behar da haurdunaldi batetik datorrela, eta sasoian jartzea kostatu egingo zaiola. «9 hilabetez nahikoa uzkurtuta ibili behar duzu haurdunaldian, kontuz eta zaintzen. Beraz, erditu eta koarentena pasa ondoren, gogotsu eta indarberrituta itzultzen zara. Ilusio horrek lehen zenuen mailara azkarrago itzultzea ahalbidetzen dizu. Nire kasuan, eskaladan, hatzetako kailuak berriz egin behar izaten dira, eta nahikoa gogorra izaten da. Beraz, itzuli nahi baduzu hor egon behar duzu eta ahalegindu, benetan nahi duzulako», adierazi du Cruzek.
Lasterkari zarauztarrak ere badarama denboralditxo bat lasterketen dinamikatik kanpo, baina «pausoz pauso noala, agian berriz iritsiko da egun hori. Kirola nire izatearen zati bat da, naturalki ateratzen zaidana. Beraz, zergatik ez! Azpeitiko bikote mistoen lasterketan parte hartu nuenean ikusi ninduen alabak korrika lehen aldiz. Hori ere garrantzitsua dela deritzot, zilbor-hestearen katea pittinka eta naturalki hausten joateko».

Gurasoen erantzukizuna
Eskalatzaile zumaiarrak ez du uste lehen orain baino askoz hobeto moldatzen zenik, ezta kementsuago entrenatzen zuenik ere. «Ama garen eskalatzaileoak askotan hitz egin dugu gai honetaz.  Umerik ez genuenean gaur egun entrenatzen dugun moduan entrenatu izan bagenu, auskalo zer lortuko ote genuen! Lehen denbora gehiago genuen, baina lasaiago aritzen ginen. Orain, ordea, ordubete baino ez dugu entrenatzeko, baina ordubeteko denbora mugatu hori ahalik eta gehien zukutzen saiatzen gara».
Amatasuna eta kirola bateragarriak izateaz gain, elkarrekiko onuragarriak ere badirela uste du Aranburuk. «Ama giltzarria da familia batean eta, beraz, amari kirolak emandako onurek eragina izango dute familia osoan. Kontua da kirola praktikatzeko modua aldatuko zaiola emakumeari ama izatean, denbora edo bestelako aspektuen baitan egin beharko baitu bere jarduera. Honek guztiak aldaera berriak sortzera behartuko du kirola; gizonezkoen golen, lehiaketen eta ligen kirola gainditzera behartuko du gizarte oso bat, alegia».
Aldaketa hori eman dadin, ezinbestekotzat jotzen du etxeko arduren karga gurasoen arten elkarbanatzea, aitaren eta amaren artean. Hain zuzen ere, «emakumeari kirola praktikatzeko modua aldatzen zaion bezala, gizonezkoari ere aitatasunak aldarazi beharko lioke... bekatari gehiegi aukeran, ordea!».
Guraso izateko eta erantzukizunak hartzeko orduan, gizonezkoen eta emakumezkoen artean gauzak asko parekatu direla iruditzen zaio Etxeberriari. «Fisikoki, ordea, ezinezkoa da, alde horretatik, inork ezin du eztabaidatu. Emakumezkoa emakumezkoa, da eta gure fisiologiak eskatzen digu, eta gizonezkoek ezin dute gure tokia hartu. Baina, erantzukizunei dagokienean, bai. Nik ezagutzen ditut amaren erantzukizun berak hartzen dituzten aita kirolariak. Jakina, haurdun emakumea geratzen da. Sakrifizioa ote den? Tamalez, oso emakume kirolari gutxi dira bizi dira kiroletik. Beraz, urtebetez gelditzea ez dut uste horren gaitza denik kirolari batentzat».

Profesionalak kolokan
Gizonezko bat edozein unetan izan daiteke aita eta bere kirol ibilbidea ez da trukatzen. Ez du inolako eragozpen fisikorik. «Armstrong txirrindularia bere seme-alabekin podiumera igotzen denean hunkigarria dela iruditzen zaigu. Ama kirolarion kasuan, aldiz, askotan ezbaian jartzen dituzte gure profesionaltasuna eta lorpenak. Nik denetarik entzun dut!», salatu du Cruzek.
Maila ekonomikoari dagokionez ere beste horrenbeste gertatzen da, kirol bekekin edo diru laguntzekin. Esther Cruzek beka jaso zuen bigarren haurra izan baino urtebete lehenago, eta «haurdun egonda ere bekarekin jarrai nezakeela esan zidaten. Kontua da, bekaz gozatzeko denboraldian zehar lehian jarraitu behar duzula. Ni haurdun nengoenez, ezinezkoa zitzaidan. Ondorioz, beka kendu zidaten. Berdin zitzaien ni haurdun egotea. Alde horretatik, zalantzarik gabe, lan asko egin behar da oraindik».
Haurdun dauden kirolariei ez ezik, «edozein baja hartzen duenari» eragiten dio beken kontuak. Etxeberriaren hitzetan, «gaizki dago araututa, baina ez da emakumeenganako diskriminazioa bakarrik. Nik uste dut kontuan hartu beharko litzatekeela amatasuna kirolean sustatzeko. Salbuespena egin beharko litzateke amatasunagatik, hori seguru, baina baita gainerako baja guztiekin ere. Kirolariek bizitza osoa daramate jo eta su entrenatzen, eta edozein lesiogatik edo amatasunagatik urtebetez geratu behar dutelako baztertu egiten zaie laguntza. Lege hori aldatu egin beharko lukete».�

 

KIROLA HAURDUNALDIAN

1. HIRUHILABETEAN:
· Emakume kirolariek ohiko ariketa fisikoak egiten jarrai dezakete, baina aldaketa xume batzuekin; betiere, traumatismoak saihesteko.
· Sedentarioei edo ariketa fisikoa oso noizbehinka egiten dutenei, erditzea prestatzeko programa zehatz bat jarraitzea gomendatzen zaie. Haurdunaldia ez da kirol praktika berriak probatzen hasteko garairik egokiena.

2. ETA 3. HIRUHILABETEAN:
· Malgutasuna, arnasketa, erlaxazioa eta giharrak indartzeko (batik bat, pelbisekoak) ariketak landu behar dira.
· Igeri ia azken egunera arte egin daiteke, baina azken 6 astetan ez da komeni, infekzio arriskuengatik.
· Oreka galtzeko arriskua duten ariketa fisikoak ekidin behar dira, baita jauziak eta talkak eragiten dituztenak ere.�

 

BULARRA EMAN DAITEKE

· Ama izan ondoren, kirola egin eta bularra ematearen inguruan «mito ugari» hedatu dela dio Eder Etxeberria kirol medikuak, «bereziki esnearen kalitateari dagokionez». Medikuntzaren ikuspegitik, amak jaio berriarekin egon behar du 15 egun eta hilabete bitartean, otorduen ordutegiarekin ohitzen joateko.

· Behin ohitura hori barneratuta, bularra ematen den bitartean kirola egiteko arazorik ez dagoela dio Etxeberriak. Alderantziz, askoz ere hobea da: «Zenbat eta metabolismo zuzenagoa izan, gorputza askoz hobeto dabil. Kirola egitean azido laktikoa produzitzen dugu emakumeok eta, ondorioz, jendeak uste du sortzen dugun esnea txarra izan daitekeela. Eta, hori ez da horrela».

· Amak ekoizten duen azido laktikoak ez dio kalterik egiten umeari. Gainera, azido laktiko dosiak izugarria izan beharko luke umeak antzemateko eta, normalean, kopurua oso txikia izaten da. Intentsitate oso altuko entrenamenduen ostean igotzen da.

· Hala ere, «bularra ematen ari zaren bitartean oraindik entrenamenduak progresiboki egiten ari zara, ez dira horren intentsoak, eta azido laktiko hori haurrak ez du antzematen. Eta, antzematen badu, zaporean baino ez da izango. Esneak ez du kalitatea galtzen, behintzat», azaldu du kirol medikuak.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info