Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Mundu bat bildu kirolean

GIPUZKOAKO FORU Aldundiko Kirol Zuzendaritzak Kirolen mundu bat izeneko programa jarri du abian aurtengo ikasturtean. Programa honen helburua etorkinei eskola kirolean parte hartzera bultzatzea da, kirola gizarteratzeko modu natural bezala hartuta. Kirol Zuzendaritzak diagnostiko bat egin zuen Gipuzkoa osoan eta, bertan jasotako emaitzen arabera, ikasle etorkinek bertakoek baino kirol gutxiago egiten dute.
Ondorioz, plan aitzindari bat jarri du abian 7 eta 12 urte bitarteko ikasleen artean (Lehen Hezkuntzan), honako hiri hauetan: Donostian, Eibarren, Irunen, Pasaian eta Zarautzen. Plana aurrera eraman ahal izateko, udalerri horiek etorkin kopuru handia eta etorkinentzako harrera egitura eduki behar zituzten; besteak beste, udalak inmigrazio plana eta inmigrazio teknikaria izan behar zituen.
Aipatutako hirietako ikastetxeen bitartez sustatzen dabiltza Kirolen mundu bat programa. Alde batetik, kirola egitera animatzen dituen esku-orriak banatu dizkiete etorkinei. Esku-orria 9 hizkuntzatan argitaratu dute; gisa horretan, gertutasuna islatu nahi izan zaie kanpotik datozenei. Bestalde, ikastetxeetako kirol arduradunen laguntzarekin, aholkularitza zerbitzua ere eman nahi dute. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzaren nahia kirola ez egitearen arrazoiak zeintzuk diren ezagutzea da, jarraian konponbide bat emateko.�
 

Zarauzko errealitatea ez dator bat diagnosiarekin
Nolanahi ere, lagunartean kirol jardueretan parte hartzera bultzatu nahi dira ikasle atzerritarrak.
 
Kirolen mundu bat programa Zarauzko ikastetxe guztietan eramaten ari dira aurrera. Hasiera batean ikasle etorkinei bakarrik banatu behar zieten esku-orria, baina Kirol Zuzendaritzako arduradunek eta Udaleko kirol
teknikariak egindako bileran ikasle guztiei banatzea egokiagoa izango litzatekeela erabaki zuten. Zarauzko Udaleko Inmigrazio teknikari Julen Arangurenek azaldu duenez, «ikastetxeetako kirol arduradunek ez dute bat egiten Foru Aldundiak Gipuzkoa osorako egin duen diagnosiarekin. Zarautzen, behintzat, 12 urtetik beherako etorri berriek ez dute aparteko arazorik kirola egiteko. Ez dute uste bertakoekin alderatuta kirol gutxiago egiten dutenik ere. Beraz, Zarauzko egoera ez da islatzen diagnosi horretan».
Esku-orria ikasle guztiei banatu dieten arren, etorkin gazteei zuzenduta dago batez ere. Ikasle atzerritarrak eskolako lagunekin ibiltzen dira egunero, eta gizarteratzeko modu naturala klasekideekin kirola egitea da. Azken finean, hori da Kirolen mundu bat ekimenak helarazten duen mezua. «Kirola tresna garrantzitsua da oztopo horiek gainditzeko. Bertako jendeari baliagarria bazaio, atzerritarrentzat zer esanik ez. Askotan harremanak izateko arazoak daude eta hori ekiditeko modu egokia da lagunartean kirola praktikatzea», diote Kirol Zuzendaritzako arduradunek.
Esku-orriak ikastetxeetan banatu dituzte, baina sarean ere lortu daiteke www.kirolzerbitzua.net/eskolakirola webgunean. Gauzak horrela, «ez duzu oztoporik kirola egiteko. Zatoz eta hartu parte!»�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info