Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Azken olatua gainditzeko prest

WCT ZIRKUITUKO surf denboraldia bukatzear dago, eta Aritz Aranburu surflari zarauztarraren egoera ez da batere samurra. Munduko 45 surflari onenen zerrendan 36. postuan dago une honetan, eta datorren urtean goi mailan lehiatzen jarraitu nahi badu, lehen 27 postuetan bukatu beharko du urtea. «Oraindik, ordea, azken aukera bat geratzen zait, eta horri heldu behar diot», nabarmendu du Aranburuk itxaropentsu. Azken saiakera hori Billabong Pipeline Masters txapelketa da, abenduaren 8tik 20ra bitartean Hawaii uhartean (AEB) jokatuko duena.
«Pipelineko olatuetan ongi moldatzen naiz eta, benetan, asko motibatzen nauen tokia da. Alde horretatik, gustura eta lasai nago. Gainera, aipatutako txapelketa surf munduko garrantzitsuenetakoa da eta, bertan parte hartuz gero, maila ona erakutsi nahi duzu beti», adierazi du surflariak. Iaz lan txukuna egin zuen txapelketa horretan, bederatzigarren postuan sailkatu zen.
Surf egiteko gustuko tokia izan arren, jakin badaki asko duela jokoan. Arriskuak arrisku, ezer gertatu aurretik ez du larritzen hasi nahi: «Sentipen onekin nago eta gisa horretan jarraitu nahi dut aurrerantzean ere. Azkeneko proban emaitza ona lortu nahi badut, ezinbestekoa dela iruditzen zait». Txapelketa jokatu aurreko urduritasunak dituela aitortu du, baina «aztoratzeko moduko ezer ez». Gainerakoan, animoso eta gogotsu dago.
Pipelineko Mastersa jokatu aurretik, «bigarren mailako» (WQS zirkuituko) beste bi proba jokatzeko asmoa du Hawaiin; hiru txapelketek Koroa Hirukoitza saria osatzen dute. WQSko txapelketa gutxi jokatu du aurten, baina puntu batzuk pilatuta ditu. «Beste proba horietan emaitza onak lortzen baditut, bigarren mailako sailkapenaren goialdean kokatu naiteke. Gisa horretan ere berma dezaket nire tokia WCT zirkuituan», dio Aranburuk.
WCTko lehen 27 postuetan bukatzen ez duten surflariak WQSra jaitsiko dira eta, era berean, WQSko lehen 15 postuetan sailkatzen direnak WCTra igo; bestalde, antolakuntzak 3 gonbidapen banatzen ditu. Hala, «posible da bigarren mailako sailkapenari esker, lehen mailako tokia ez galtzea. Beraz, batetik ez bada bestetik datorren urtean ere surfaren goi mailan jarraitzen saiatuko gara».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info